Hitzartutako eskumenak, aurten ere ez: transferentziak zehazteko bilera atzeratu egin dute Jaurlaritzak eta Espainiak

Jaurlaritzak uste du gaur-gaurkoz ez direla «beharrezko baldintzak betetzen» batzordea egiteko. Madrilgo eta Gasteizko gobernuak ez datoz bat Gizarte Segurantzari eta finantzaketari lotutako zenbait puntutan.

Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, ITP Aeroren lantegira egindako bisitan. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, iragan otsailean, ITP Aeroren lantegira egindako bisitan. MIGUEL TOÑA / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko abenduaren 26a
19:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin dute heldu den astelehenean egitekoa zen Transferentzien Batzorde Mistoa. Madrilek kudeatzen dituen bost eskumen Jaurlaritzaren esku uztea adostu zuten uztailean, baina transferentzia horiek ez dituzte oraingoz gauzatuko, urtarrilaren 16ra atzeratu baitute aldebiko batzordea. Jaurlaritzak «oztopo tekniko, administratibo eta ekonomiko nabarmenak» antzeman ditu negoziazioetan, eta horrek ezinezko eginen luke «eskumenen transferentzia adostutako terminoetan gauzatzea».

Honako hauek dira Espainiak eta Jaurlaritzak adostuak zituzten transferentziak: itsas salbamendua, Barakaldoko makineria zentroa, langabeziari lotutako prestazioak, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola asegurua. Dena ongi bidean, heldu den urtarrilean helduko diete berriz negoziazioei, dagoeneko iragarrita zeuden eskumen horiek eskualdatzeko batetik, eta gizarte segurantzari lotutako gainerako eskumenen gainean jarrerak hurbiltzeko bestetik. «Negoziatzen segituko dugu», iragarri du Jaurlaritzak. Izan ere, bost eskumen horien transferentzia onartuko balitz ere, 1979ko estatutuan jasotako guztiak Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe amaituko da urtea. EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidura akordioan sinatutakoaren arabera, aurtengo abenduaren 31 da estatutua osorik betetzeko epemuga, baina dozena bat eskumen geratzen dira oraindik; besteak beste, gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoa, eta portuen eta aireportuen kudeaketa eta paradoreena.

Oztopo administratiboak, eragozpen politikoak

Bi gobernuen arteko desadostasunak ez dira oraingo kontua. Aurten egitekoak ziren bost transferentzia horiek iragartzeko agerraldian ere, Imanol Pradales lehendakariak gogorarazi zuen akordio hori ez zela Eusko Jaurlaritzak espero zuena, eta ohartarazi zuen «oztopo administratiboak eta eragozpen politikoak» ikusten zituela eskumenak eskualdatzeko bidean.

Ondorengo aste eta hilabeteetan, giroa ez da goxatu bi gobernuen artean. Urrian, Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak gogorarazi zuen Jaurlaritzak «etxeko lanak» egin dituela eta «akordiorako borondate handia» erakutsi duela orain arte. Horregatik, «borondate politikoa» eskatu zion Espainiako Gobernuari, adostutakoa «atzerapenik gabe» betetzeko: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, errespetu instituzionala baizik, eta legea osorik betetzea». 

Eguberrien atarian, ordea, ezkor azaldu zen Ubarretxena bera, Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministro Elma Saizekin izandako bileraren ostean: «Sartu aurretik baino kezkatuago nago bileraren ostean. Aurrerapenen partez, atzerapausoak eman dira».

Zehazki, sailburuak esplikatu zuen negoziazioak zaildu egin zirela azken egunetan, eta horrek «kezka handia» eragin zuela gobernuan. Ubarretxenak Espainiako Gobernuari egotzi zion atzerapen horien erantzukizuna. Argudiatu zuen «itxuraz» «ministroek baino gehiago agintzen duten estatu idazkariak» daudela, eta horiei egotzi zien sinatutako itunek aurrera egiteko trabak jartzea: «Ez dituzte kontuan hartzen dauden akordio politikoak».

Gaur iragarritako atzerapenak, beraz, orain arteko joera berretsi baino ez du egin. «Eusko Jaurlaritzak baieztatu du, gaur-gaurkoz, ez direla beharrezko baldintzak betetzen datorren astelehenerako iragarria zegoen Transferentzien Batzorde Mistoa berme guztiekin egiteko. Ondorioz, bi gobernuek erabaki dute batzarra urtarrilaren 16ra arte atzeratzea, joan den uztailean eginiko aldebiko bileran lortutako akordio politikoak bere osoan eta era fidelean gauzatuko direla bermatzeko behar den denbora emate aldera. Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko akordio horien hitza eta espiritua erabat betetzen ez duen transferentziarik», adierazi du Lakuak.

Jaurlaritzaren arabera, ezadostasunen oinarrian daude, batetik, «finantzaketa sistemari lotutako afera garrantzitsuak», eta, bestetik, Gizarte Segurantzari lotutako transferentzien balorazio ekonomiko kontrajarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.