Euskara. Hezkuntza Legea

Hizkuntza ereduak desagertzeko eskatu du euskaltegien sektoreak

Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloak uste du ereduak «muga» eta «tresna atzerakoiak» izan direla. Euskara «ikas eta irakas hizkuntza» izango duen «eredu inklusiboaren» alde egin dute

Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloko ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Helduen euskalduntze eta alfabetatzea etorkizunean desagertzeko asmoz sortu zen duela hirurogei urte, egunen batean beren lana beharrezkoa ez zela izango pentsatuz eta irrikatuz. Zoritxarrez, egun hori ez da iritsi, euskara bere erabateko normalizaziotik urrun dagoelako oraindik, eta horren arrazoietako bat da hezkuntza sistemak ez duela lortzen eskoletatik ateratzen diren belaunaldi berriak euskalduntzea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berria eztabaidatzen ari den honetan, helduen euskalduntzean eta alfabetatzean aritzen diren erakunde, sare eta euskaltegi nagusiak plazara atera dira, eta hizkuntza ereduak desagerrarazteko eskatu dute, «euskararen normalizaziorako muga izan diren tresna atzerakoiak» direlakoan.

Ikusi gehiago: ELAk Jaurlaritzari egotzi dio administrazioan euskara lehenesteko urratsa ez egitea

Herri ekimenez sorturiko euskalduntze eta alfabetatze elkarte eta euskaltegiek babestu dute eskaera. Horien artean daude AEK, Elkarlan sareko Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra eta Joan Mateo Zabala euskaltegiak, Batuz elkarteko Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Altza-Urumea, Herri Jakintza eta Udaberria euskaltegiak, Gasteizko, Nafarroako eta Errioxako IKA, Leizaur, Jose Antonio Agirre, Bai&By eta Maizpide barnetegia.

Haien izenean AEK-ko Aize Otañok azaldu duenez, euskararen normalizazioak hiru ardatz izan behar ditu: hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea. «Hiruretako batek kale eginez gero, herren eta nekez iritsiko gara euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestera».

Hala ere, urte askoan batzuek pentsatu dute eskolaren bidez haurrak euskalduntzeak berez ekarriko zuela etorkizun hurbil batean euskara berreskuratzea: «Tamalez, denborak garbi erakutsi digu hori ez dela nahikoa; irakaskuntza arautuaren mugak agerikoak dira». Horregatik, «estrategikotzat» jo dute helduen euskalduntze sektoreak egiten duen lana: «Euskararen normalizazio prozesuan beharrezkoa da herritar guztiek euskaraz jakitea eta euskara eroso erabili ahal izateko guneak izatea; horretan guztian gure sektoreak ezinbesteko ekarpena egiten jarraitzen du».

Bermerik ez

Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berria onartzeko prozesuari ekin diotela eta, euskaltegiek kezkaz ikusi dute hizkuntza ereduak betikotzeko arriskua dagoela: «Ereduen sistemak ez du inondik ere bermatzen etorkizuneko belaunaldi euskaldun eleaniztunak sortzea, eta, are gutxiago, ezarritako euskaraz komunikatzeko gaitasun mailak izatea».

Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloko eragileek nabarmendu dute legearen zirriborroak, euskara sistema berriaren «ardatz» izatea jasotzen duen arren, ez duela argitzen helburura iristeko zein hizkuntza ereduri jarraituko zaion: «Nola interpretatu behar dugu sistema eleaniztuna izatea?», galdetu dute.

Eragileen ustez, «euskara ikas eta irakas hizkuntza izango duen ikas eredu orokortu inklusiboak» izan behar du oinarria: «Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar du, gutxien duenari gehiago eman ahal izateko».

«Zalantzarik ez dugu hizkuntzaren eremuan hutsune nabarmenak dituela legeak», adierazi dute euskaltegiek. «Gure sektorea etorkizunean desagertzeko asmoz sortua izan zen eta, lege proposamen honek aurrera eginez gero, ez dugu inoiz lortuko».

Otañorekin batera, sektoreko elkarteetako zenbait ordezkari egon dira aurkezpenean: Gabriel Aresti euskaltegiko Isa Isazelaia, Maizpide barnetegiko Laida Begiristain, Juan Mateo Zabala euskaltegiko Nerea Telleria, Bilbo Zaharra euskaltegiko Jon Maguregi eta AEK-ko Lurdes Etxezarreta, Aitzol Gastañazatorre eta Galder Lizarralde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.