Hiztun komunitateak «babesteko» estrategien bila

Arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzian batu diren 250 pertsonek arretaz jaso dituzte eremu geografiko horiek hauspotzeko proposamenak eta gogoetak, Azpeitian.

O Giollagain, gaur, hitzaldian. JON URBE / FOKU
O Giollagain, gaur, hitzaldian. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
AZPEITIA
2025eko urriaren 16a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntzaren biziberritzeari buruzko gogoetetan, lehen lerroan daude euskararen arnasguneen etorkizunari buruzko iragarpenak. Arloan diharduten eragileak aspalditxotik ari dira eremu geografiko horien ahultzeaz ohartarazten, eta alarmak piztu zituen, bereziki, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak uztailean plazaratutako proiekzio batek, zeinaren arabera, joerari kontra egiteko neurri eraginkorrik hartzen ez bada, 2036an ez den ia euskararen arnasgunerik geratuko. Siadecok UEMAren enkarguz egindako ikerlan bat da, eta gaur Azpeitian (Gipuzkoa) arnasguneez solastatzeko nazioarteko konferentzian hizpide izan dituzten azterketetako bat izan da. Beste askoren artean. Izan ere, nazioarteko adituen topagunea da; Galesko, Frisiako, Kataluniako, Serbiako eta beste hainbat tokitako adituak izango dira, eta Euskal Herriko eragile ugari ere bai. 250 pertsona daude izena emanda. Bihar ere aurrera segituko du egitarauak.

Soziolinguistika Klusterrak, UEMAk, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Coppieters fundazioak lankidetzan antolatu dute konferentzia. Gaur, antolatzaileen eta erakundeetako buruen hasierako solasen ondorenean, jardun akademikoa hasi denean, Mikel Zalbide soziolinguistari konferentziarako propio egindako elkarrizketa baten hainbat pasarte irakurrita abiarazi dute bilkura. Hiztun trinkotasun handiko eremu horiei euskarazko izendapena ematen lehena izan zen Zalbide; arnasgune deitu zien, eta gaur berriro azaldu du leku horiek duten berebiziko garrantzia: «Arnasguneak ez dira bitxi eta anormal, gure artean dauden espaziorik normalenak baizik. Hori azpimarratu egin behar da, zeren eta badago joera zenbakiz txikiak direlako garrantzia kentzekoa». 

Eskoziako gaelikoaren eta irlanderaren eboluzioei erreparatzen die Conchur O Giollagain ikertzaileak; hark hartu du hitza gero, eta hainbatetan egin die erreferentzia Zalbideren hitzei: «Oso interesgarria da Mikel Zalbideri entzutea». Zalbideren moduan, arnasguneak hizkuntzaren hauspoa direla nabarmendu du berak ere. Euskal Herrian hainbatetan ibilia da, eta aurrez ere nabarmendu izan du mezu hori. Hizkuntza plangintzan eta hizkuntza gutxituen kulturan eta soziologian aditua da, kritikoa egungo hizkuntza politika askorekin. Hizkuntza politiketan usu arnasguneei begirako politikak bazterrean geratu izan direla gogoratu du gaur berriro, eta aldaketak eskatu ditu.

Izan ere, O Giollagainen arabera, hizkuntza politiketan ikuspegi «postestrukturalista» bat gailendu da sarri; «neoliberalismoaren» irizpideetan ditu horrek zimenduak, eta komunitateek berez dituzten beharrizanak ahantzi egin dira. «Zer gertatu da? Gizarte ikuspegia baztertu dugu, eta hizkuntza politiketan ikuspegi sinbolikoa gailendu da». Arnasguneek dituzten beharretara begira, ordea, ez da «nahikoa». Hortik ondorioa, eta kexua: «Hizkuntza politikek ez dituzte haien helburuak betetzen, batez ere arnasguneetara begira».

«Hizkuntza politikek ez dituzte helburuak betetzen, batez ere arnasguneetara begira»

CONCHUR O GIOLLAGAIN Hizkuntza plangintzan aditua

O Giollagainen iritziz, hizkuntza minorizatuak dituzten leku askotan lehenetsi da hizkuntza gutxitua «bigarren hizkuntza» gisa izango duten hiztunak ugaritzea, horixe izan da estrategia nagusia, baina hizkuntza hori «lehen hizkuntza gisara» dutenen beharrak ez dira aintzakotzat hartu. Eta horregatik uste du horretan ere arreta jartzen hasi behar dela. «Ezinbestekoa da arnasguneak babestea, bestela indarra galdu egiten dute», azaldu du. «Ez baditugu elikatzen gure eguneroko hiztun horiek, desagertu egingo dira». Irlandako eta Eskoziako datuak erakutsi ditu joera hori zer-nolakoa den azaltzeko. «Estatistikek ez dute gezurrik esaten».

(ID_15423139) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-10-16, Azpeitia. UEMAren jardunaldiak
Agintariak eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak, gaur, konferentziaren hasieran. JON URBE / FOKU

Zer lezio ikasi

Horregatik aldaketa eskea. «Ez da nahikoa sustapenean jartzea arreta; hizkuntza babestu egin behar da», argudiatu du O Giollagainek. Eskoziara eta Irlandara begira, bereziki, haien herrenak nabarmentzera egin du. «Hizkuntza politikak ez daude ebidentzian oinarrituta, diskurtsoan oinarrituta daude, eta badago negazionismo zibiko bat».

Horren ondorioak larriak direla esan du: «Zer ikaspen ateratzen dugu honetatik? Gaelikoak dakarren ekarpenetako bat, horra: milioiak xahutu ditugu, baina amaieran gaude». Gaelikoz bizi direnak oso urrituta daude, galbidean. Horiek horrela, uste du euskara sustatzeko politikei begira ere aztertu behar dela zenbateraino diren horiek ere «postestrukturalista». Gogoetarako deia egin die topaketan batu diren agintari, teknikari eta adituei: «Ez gaizki hartu, baina galdera horiek ere egin beharko zenizkioketen zeuen buruari». Oro har, hiztunen komunitateetako bizitza piztera eginda, «bizitasun etnolinguistikoa» sustatuko duten politikak abiatzeko deia egin du.

«Iraupen etnolinguistikoa erdigunean jarri behar da; hori eginda, emaitza emankorragoa izango da, segur aski»

CONCHUR O GIOLLAGAIN Hizkuntza plangintzan aditua

Klima larrialdiarekin egin du alderaketa O Giollagainek: guztiz zabaldu da gizartean horren gaineko kontzientzia. «Gutxik dakite, ordea, krisialdi etniko eta linguistiko batean ere bagaudela», ohartarazi du. «Iraupen etnolinguistikoa erdigunean jarri behar da; hori eginda, emaitza emankorragoa izango da, segur aski». Komunitateei begira, aurrerabideak egiteko irizpideak badirela esan du: «Ahalduntzea, baliabideak, lidergotza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.