Igorreko errugbi taldeko presidentea atxilotu dute, iruzurra leporatuta

Herritarrek 130 salaketa baino gehiago jarri dituzte Arratiko Zekorrak errugbi taldearen kontra, Gabonetako loteriako saria ez ordaintzeagatik.

130 salaketa baino gehiago jarri dituzte errugbi taldearen kontra. MIGUEL TOÑA / EFE
130 salaketa baino gehiago jarri dituzte errugbi taldearen kontra. MIGUEL TOÑA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2026ko maiatzaren 15a
16:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igorreko (Bizkaia) Arratiko Zekorrak errugbi taldeko presidentea atxilotu du gaur Ertzaintzak. Gabonetako loteriako hirugarren sariko ia hiru milioi euro ordaindu gabe daudela eta, 130 lagunek baino gehiagok salaketa aurkeztu dute azken egunotan, eta horrekin lotuta, bi delitu leporatu dizkiote Unai Zuluaga taldeko presidenteari: iruzurra eta administratze desleiala.

Abenduaren 22an zoriona izan zena zorigaitz bihurtu da azken asteetan Igorren. Arratiko Zekorrak errugbi taldeak Gabonetako loterian saldutako 90.693 zenbakiari hirugarren saria egokitu zitzaion, eta hamalau milioi euro jaso zituen. Lau hilabete baino gehiago pasatu diren honetan, ordea, loteria txartela erosi zuten guztiek ez dute dirua jaso; izan ere, klubeko zuzendaritzak berak joan den astean aitortu zuenez, behar baino 225 txartel gehiago saldu zituen. Txartel bakoitzari 9.600 euroko saria dagokio, baina errugbi taldeak ez dauka hori ordaintzeko baliabiderik; beraz, oraindik ez dago argi kobratu ez dutenek dirua jaso ahal izango duten.

Kaltetuak, hala ere, antolatu egin dira, plataforma bat sortu dute, eta auzitara jotzea erabaki dute: 130 salaketa baino gehiago aurkeztu dituzte. Eta kontua konplikatzen ari da, gainera. Kaltetuen kalkuluen arabera, klubak esandakoa baino handiagoa da iruzurra: zegokiona baino 287 txartel gehiago saldu zituen taldeak, zuzendaritzak onartutakoa baino 62 gehiago. Guztira, 2,74 milioi euro falta dira pagatzeko.

Salaketa guztiak bateratuta, Ertzaintzak auzia ikertu du azken egunotan, eta ondorioztatu du klubeko presidenteari iruzur eta administratze desleial delituak egotzi ahal zaizkiola. Gaur Durangoko (Bizkaia) ertzain etxera joatea galdegina zioten Zuluagari, baina ez da agertu, eta poliziek atxilo hartu dute. 53 urte ditu.

Hutsegitea aitortu

Joan den astean hedabideei egindako adierazpenetan, hutsegitea aitortu zuen Zuluagak, eta barkamena eskatu zuen. Adierazi zuen kluba saiatuko zela «lehenbailehen» konponbide bat ematen sariaren dirua kobratu ez zutenei, baina ez zuen gehiago zehaztu. Arazoa taldearen «kudeaketa txarrari» egotzi zion: «Ez dugu inor engainatu, eta klubeko inor ez da diruaz jabetu. Agiriak aurkeztu zituzten lehenengo pertsonei ordaindu diegu. Sentitzen dut hanka sartu dugulako, baina, konpontzeko borondatea izanez gero, konpondu daiteke».

Sariaren dirua Espainiako Estatuko Loterien eta Apustuen erakundetik jaso ondoren hasi zen kluba hura banatzen, otsail aldera, baina apirilean dirua amaitu egin zen, eta oraindik dozenaka lagun geratzen ziren kobratzeke. Klubaren arabera, orduan konturatu ziren behar baino txartel gehiago saldu zituztela, baina bestelako susmoak ere badira herritarren artean. Joan den astean Igorren izandako bileran parte hartu zuen kaltetuetako batek adierazi zuen errugbi taldeko zuzendaritzak nahita saldu zituela txartel gehiago: «Matematika hutsa da: dezimo bakoitzari txartel kopuru jakin bat dagokio. Hortaz, ezin da 225 partaidetza gehiago egon». Beste batek «garbi ez jokatzea» leporatu zion klubari, eta ordainketetan «faboritismoz» aritzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA