Ikasgelen auzian lortutako akordioa «arriskuan» ikusten du orain Geroa Baik, eta zalantzan jarri du «PSNren borondatea»

Ikasgelak ixteko erabakian atzera egiteko akordioa iragarri dute PSNk eta Geroa Baik, baina koalizio abertzaleak ez du uste adostutakoa aplikatzeko «bermerik» dagoenik.

San Fermin ikastolako ikasleak, iragan astean, itunpeko ikasgelak gutxitzeko erabakiaren aurka protestan. NAFARROAKO IKASTOLAK
San Fermin ikastolako ikasleak, iragan astean, itunpeko ikasgelak gutxitzeko erabakiaren aurka protestan. NAFARROAKO IKASTOLAK
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 13a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako ikasgelen auziak konpontzeko bidean zirudien, baina adostutakoa bertan behera utz dezake alderdien arteko konfiantzarik ezak. Gaur eguerdian, PSNk eta Geroa Baik iragarri dute akordio bat lortua zutela hezkuntza ereduari dagokionez, eta horrek aukera emanen zuela, batetik, itunpeko ikastetxeen arazoari konponbidea emateko, eta, bestetik, UPNk Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamenari bidea ixteko. Ordu gutxiren buruan, ordea, atzera egin du Geroa Baik: koalizioak beste ohar batean adierazi du «arriskuan» ikusten duela akordioa, eta ez dagoela «berme nahikorik» adostutakoa betetzeko.

Lizarra ikastolaren egoerak eragin du bi taldeen arteko desadostasuna. 31 ikaslek izena emana dute ikastola horretan 2026-2027 ikasturterako, eta horiek bi ikasgelatan banatu asmo zituzten. Hezkuntza Departamentuak, baina, ikasgela bakarra finantzatuko du, eta, horren ondorioz, sei ikasle kanpoan geratuko dira. Geroa Bairen arabera, akordioan zurian beltz jasota zegoen Lizarrako ikastolan bi ikasgela horiei eusteko erabakia, baina «PSNren proposamena eta borondatea oso urrun daude Geroa Baik planteatutako konponbidetik».

Apirilaren 21ean, Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen itunpeko 14 ikasgela eta sare publikoko 19 itxiko dituela, jaiotza tasak behera egin duelakoan. Erabakiak hautsak harrotu ditu azken hilabetean, batez ere Nafarroako ikastolen artean: uste dute «euskarazko hezkuntzaren aurkako erasoa» dela. UPNk ere erabakia kritikatu du —itunpeko eskola erlijiosoei ere eraginen baitie ikasgelen itxierak—, eta lege proposamen bat aurkeztua du Nafarroako Parlamentuan, itunpeko ikasgelak legez blindatzeko. Bihar bozkatuko dute proposamen hori legebiltzarrean. PSNk eta Geroa Baik akordioa sinatuta, erregionalistek ez zuten babes nahikorik araua aurrera ateratzeko, baina orain, ikusgai da Geroa Baik hartuko duen bidea.

Bi taldeek adostua dute itunpeko ikastetxeek aukera izanen zutela ikasgela kopurua moldatzeko, «eskarira egokitzeko helburuarekin». Hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren ratioak parekatzeko aukerari buruz, berriz, akordioan jasota dago Nafarroako Gobernuak ez duela erabakirik hartuko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian jarritako helegiteak ebatzi arte, eta, behin epai hori jasota, erabakitakoa onartuko duela gobernuak.

Akordioaren beste puntu nagusietako bat da lantalde bat martxan jartzea ekainetik aurrera, «Nafarroako hezkuntza sistemaren etorkizuna aztertzeko xedez, aintzat hartuta hezkuntza publikoa dela sistema osoaren bizkarrezurra». Lantaldearen helburua izanen da, besteak beste, bilakaera demografikoak, despopulazioak eta migrazioek hezkuntzan duten eragina neurtzea. «Horretarako, aztergai izanen dira, besteak beste, indarrean den araudia, dibertsitatea bermatzeko neurriak, ratioak, finantzaketa, irakasleak, neurrien egutegia, azpiegituren plana eta D eredua hedatzeak ikastolen eredu kooperatiboan duen eragina», azaldu du PSNk, ohar batean.

Adostutakoa berretsi du PSNk

Geroa Bairen oharra ezagutu eta berehala erantzun du PSNk. Sozialistek «bere osoan» berretsi dute gaur iragarritako akordioa, eta «konpromisoari eusteko» eskatu diote koalizio abertzaleari. «Emandako hitza betetzen duen alderdia da gurea, eta, akordio bat sinatzen duenean, hura betetzeko asmoz sinatzen du», adierazi dute ohar batean.

Akordioaren oinarrian hiru printzipio nagusi daudela esan du PSNk: «Hezkuntza publikoaren lehentasuna, legearekiko eta segurtasun juridikoarekiko errespetua, eta itun programatikoa betetzeko borondatea». Geroa Bairekin sinatutako ituna «sendoa eta begirada luzekoa» dela uste du Maria Txibiteren alderdiak. «Horregatik, ezin dugu onartu akordioa itxi ostean, bestelako gai batzuk erantsi nahi izatea», azaldu du PSNk, eta ohartarazi du akordioa indarrean sartuko ez balitz «ikastetxeek, ikasleek eta familiek» pairatuko dutela kalterik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE