Ez ginen isil egoteko sortu mezua daraman banderolaren gibelean bildu da Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanblada, gaur goizean Baionako komisaria aitzinean, haietako bat berritan atxilotu dutela salatzeko, joan den larunbatean «manifestazio baketsu batean» parte hartzeagatik. Zehaztu dutenez, iragan asteburuan atxilotutako pertsonen artean egon zen, eta, 24 orenez atxiki ondotik askatu bazuten ere, atzo sartu zuten berriz presondegian. Zehazki zer leporatzen zaion ez da jakitera eman orain arte.
Ikusi gehiago
Halere, asanbladako kideek ohartarazi dutenez, Etxepareko beste ikasle bat ere atxilotu zuten larunbatean, eta hari, debekatutako manifestazio batean parte hartzea, begitartea gordetzea eta Polizien kontrako ekintzak egotzi dizkiote. Gazteak egindakoak onartu, eta segidan eman zioten epaia: sei hilabetez manifestatzeko debekua. Litekeena da orain atxilo daukaten gazteari ekintza berak leporatzea, baina, lehen informazioen arabera, egozten zaizkionak ez ditu onartzen.
Etxepareko ikasle asanbladak joan den asteburuan «bortizki eta inpunitate osoz» gazteak atxilotzen aritu zen Poliziaren jokamoldeak salatu ditu, baita gazteria «beldurtzeko» plantan ezartzen ari diren taktikak. Sustengatzera joan diren ikaslearen kasuaz, zehazki, adierazi dute «manifestazio batean parte hartze hutsagatik adingabe bat berritan zigortzen dabiltzala».
Egoeraren berri emateko xedea azpimarratu dute, «Iparraldekoa denen errealitatea baita, Euskal Herriarena». Horregatik bildu dira komisariaren aitzinean: «Momentu zailak bizi ditugu. Batu zaitezte!».
Elkarretaratzea behin bukaturik, intersindikalak deitutako greba orokorraren manifestaziora buruz abiatu dira, Baionako Santa Ursula plazara. Mobilizazioetara batzeko deialdia haien sareetan zabaldu dute.