Ikurrinak 90 urte bete dituela ospatzeko ekitaldia egin dute

Erakunde nagusietako ordezkariak izan dira, horien artean ahaldun nagusiak, baina Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ez da egon Ajuriaenean egindako ekitaldian

Ikurriñaren ofizialtasunaren 90. urteurreneko ekitaldia, gaur, Ajuria Enean. IREKIA
nerea intxausti
2026ko azaroaren 9a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten 90 urte bete dira lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zenetik, eta kontzentrazio gobernu haren erabakietako bat izan zen ikurrina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bandera ofizial izendatzea. Ikurrinak, beraz, 90 urte ditu bandera ofizial gisa. Hain zuzen ere, Jaurlaritza erbestean zegoela Parisko bulegoan jarri zuten ikurrinaren aurrean egin du hitzaldia gaur Imanol Pradales lehendakariak, Ajuria Enean egindako ekitaldian.

Ikurrina 1894ko uztailaren 14an altxatu zen lehen aldiz, Bilboko Euskaldun Batzokia inauguratu zenean. Lehen Jaurlaritza eratu zutenean Jose Antonio Agirre lehendakariak dekretu bat sinatu zuen ikurrina bandera ofizial izendatzeko, 1936ko urriaren 21ean. Ondoren, Agirre lehendakariaren bulegoan jarri zuten, erbesteko Jaurlaritzaren egoitzan, Parisko Marceau etorbidean. Urte askotan gordeta izan zuten, eta Carlos Garaikoetxea lehendakari zela berreskuratu zuten, 1984ko uztailaren 17an. 

Pradalesek hitzartzean goraipatu du ikurrinak hiru printzipio mantendu dituela: «Euskaldunen babeslekuaren ikurra da; ez zen inor baztertzeko sortu; eta geure burua gobernatzeko borondatea eta hautua adierazten du». Gaineratu du «Euskadiren nortasun ikur nagusietako bat» dela ikurrina, eta haren ibilbidea eta «herriaren historia instituzionala» lotu ditu.

Erakunde nagusietako ordezkariak izan dira bertan: Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza; baina Elixabete Etxanobe ez da egon. Gogoratzekoa da Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia aukeratzeko gatazka bat egon dela EAJren barruan. Etxanobe EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusi izatekoa zen, baina Bizkaiko EAJk Ibone Bengoetxea proposatu zuen bere posturako, eta azkenean Bengoetxea izango da EAJren hautagaia. Alkateen artean, berriz, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Jon Insausti Donostiako alkatea izan dira, baina Maider Etxebarria (PSE) Gasteizko alkatea ez da ekitaldian izan. Hiru batzar nagusietako presidenteak ere egon dira, baita bi lehendakariordeak ere: Ibone Bengoetxea eta Mikel Torres. 

Ramiro Gonzalez, Imanol Pradales eta Eider Mendoza, gaurko ekitaldian. IREKIA
Ramiro Gonzalez, Imanol Pradales eta Eider Mendoza, gaurko ekitaldian. IREKIA

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA