Datorren astean urtebete beteko da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenetik Eusko Legebiltzarrean, eta haren gobernua martxan jarri zenetik. Bidean eten bat egin, eta sailburu guztiak alboan zituela, Pradales atzera begira jarri da, bide horretan ezarritako mugarri batzuk eta Jaurlaritzaren kudeatzeko moldeak hizpide hartzeko. Jaka kenduta eta alkandoraren mahukak goratuta egin du, sailburuei hitz eginez, atrilik gabe.
«Gobernu batek ezin du bakarrik eta bere kabuz gobernatu», hasi da, «herritar guztiei zor zaie». Hala, Pradalesek berehala erantsi du autokritikarako bidea «etengabe elikatu» behar dela, «egunero hobetzeko». Eta ziurtatu du horrexetan saiatu dela hasiera-hasieratik; «autoexijentzia eta gardentasuna» askotan aipatu ditu azken urtean, gogoratu duenez, eta «zintzotasun osoz» adierazi nahi izan du gobernuak ez duela «dena ondo» egin: «Ez dugu guztian asmatu. Baina hori bezain argi esango dut aurrera goazela».
Bestalde, Pradalesek gogora ekarri du EAJren eta PSE-EEren artean gobernua osatzeko mila konpromiso eta ekinbide adostu zituztela, eta adierazi du urtebeteren ondoren gobernu programaren %54 martxan dela. Hamar plan estrategiko aipatu ditu, era berean: industriakoa; zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arlokoa, eta Euskadi Global, besteak beste; jarraian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu batzuk eman ditu: Pradalesen arabera, guztira 1.029.149 pertsona ari dira lanean hiru herrialdeetan; Osakidetzako itxaron-zerrenda 56 egun laburtu da, eta lehen arretan 1,7 egunekoa da batez beste; 12 urtetik azpikoentzat garraioa doan da orain, eta euskararen A1 maila eskuratzeko ikasketak ere bai.
Gainera, «urrats kualitatiboak» eman ei ditu haren gobernuak, «eredu kolaboratiboan» oinarrituta, eta osasun mahaia jarri du horren adibidetzat, baita etxebizitzaren aldeko euskal hitzarmen soziala, Ertzaintzako hitzarmen berria, eta hezkuntza publikokoa ere.
Begi bat Madrilen
Kontuan hartuta Madrilen albiste garrantzitsu bat izan dela gaur, Pradalesek erreferentzia argia egin die bai Espainiako Gobernuari eta bai PSOErekin lotutako ustelkeriaren inguruko informazio ilunei; hori bakarrik ez, alderaketa bat ere egin du: «Eskertzen dut euskal eztabaida publikoan dagoen errespetua, oro har. Madrilgo giro lotsagarriari izkin egin behar diogu. Ez du Euskadira iritsi behar, tarteka keinu populista eta demagogikoak ikusi baititugu hemen ere. Kosta ahala kosta eragotzi behar dugu hori gertatzea».
Oposizioko alderdi bakoitzak konfrontaziorako jorratu dituen edukietako batzuk aipatu ditu, eta ziurtatu du Jaurlaritzako sailburuek eman dituztela eskatu zaizkien azalpenak. Halaber, beste neurri batzuk eskaini dituztela ere esan du, eta «eztabaida eraikitzailea» izan dela, oro har. «Gure betebeharra da bestela pentsatzen duenari entzutea; hobetzen laguntzen digu horrek».
«Gure betebeharra da bestela pentsatzen duenari entzutea; hobetzen laguntzen digu horrek»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Gaineratu du hitz egiteko prestasuna gobernuaren «nortasunaren» parte dela; akordioa bera ere nortasun horren ezaugarrietako bat ei da, eta osasun mahaia aipatu du adibide gisa. Adierazi du «fruituak» ematen ari dela, eta gehiago direla eragileak batzen dituzten gauzak banatzen dituztenak baino.
Munduko herrialde bat
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez dira lurralde bakartuak, eta mundu osoari eragiten dioten arazo berek jotzen dituzte, Pradalesen irudiko. «Desafio berriei ezin diegu heldu joan den mendeko errezetekin. Sakoneko erronkak ditugu: geopolitikaren eta munduko ekonomiaren eraldaketak, populismoen gorakada, biztanleriaren zahartzea, klima aldaketa, migrazioa...».
Horregatik, Gasteizko gobernuak «aurrez aurre begiratzen» die gaurko arazoei, eta «erantzun berriak» eskaini, lehendakariaren hitzetan: «Arriskatu egiten dugu. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren iparra, haren lan egiteko modua». Hala, Pradalesen gobernuak hiru ardatzetan oinarrituz helduko dio geroari: lehenik, «eraikitakoaren gainean eraikiko» du; bigarrenik, «kolaboratu» egingo du; eta hirugarrenik, «ekintzaren bidez» jardungo da, «arriskatuz».
«Pertsona erdigunean jarrita, aurre egin behar diegu garai berriei», erantsi du, eta aurre egin beharreko zenbait arrakala aipatu: «Belaunaldien artekoa, enplegu onen eta txarren artekoa, gizonen eta emakumeen artekoa, eremu publikoaren eta pribatuaren artekoa, eta jatorri desberdinetako herritarren artekoa».
«Badakit egindako guztia ez dela nahikoa izan», esan du bukaeran, eta zera gaineratu: «Denon artean eraiki behar dugu Euskadi berria, ez baita gobernu baten proiektua, herri osoarena baizik».