Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du leloa izango du Emakundek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek azaroaren 25erako prestatu duten kanpainak. Eguneroko keinu txikietan agertzen diren indarkeria matxista kasua «desnaturalizatu eta ikusarazi» egin behar direla adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak kanpainaren aurkezpen ekitaldian. Hala, emakumeekiko indarkeria matxista kasuen aurrean «neutraltasunak» ez duela tokirik nabarmendu du Elgarrestak, eta herritarrei bortxa horren aurkako «jarrera proaktiboa» izatea eskatu die.
«Pentsa dezakegu, indarkeria matxista bezalako egiturazko arazo baten aurrean, gure jarrerak ez duela eraginik. Baina, egia esan, indarkeria matxistaren aurrean ez dago leku neutralik, eta pertsona bakoitzak aukeratzen duen lekuak dena alda dezake», adierazi du Emakundeko zuzendariak gaur goizean Gasteizko Lehendakaritzan eginiko prentsaurrekoan. Bere esanetan, herritarrek «erne» egon behar dute edozein kasu atzemateko, indarkeria «eguneroko keinu txikienetan» ere agertzen delako.
Ildo beretik, Eudelgo presidente Esther Apraizek, berriz, herritarren inplikazioa eskatu du. Haren esanetan, «udalerri eta komunitate osoak» behar dira indarkeriari aurre egiteko, emakumeei laguntzeko eta haien alboan egoteko. Indarkeria gaitzestea garrantzitsua dela esan du, baina ohartarazi du ez normalizatzea eta isilik ez geratzea ezinbestekoa dela. «Emakumeen aurkako indarkeria gaitzestea garrantzitsua da, baina ez normalizatzea eta isilik ez egotea ezinbestekoa da. Inplikazioak irtenbidearen parte egiten gaitu».
«Indarkeria matxistaren aurrean ez dago leku neutralik, eta pertsona bakoitzak aukeratzen duen lekuak dena alda dezake»
MIREN ELGARRESTAEmakundeko zuzendaria
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariek ere mezu bera berretsi dute. Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun diputatuak ohartarazi du «beste alde batera» begiratzeak edo lana beste batzuei dagokiela pentsatzeak «ondorio larriak» dituela. Haren hitzetan, indarkeria matxistak isiltasuna behar du iraun eta erreproduzitzeko, eta axolagabekeria ez da jarrera neutrala. Bestalde, Trinidad Vicente Bizkaiko Berdintasun zuzendariak bereziki gizonei egin die erantzuteko deia, eta Nerea Isasi Gipuzkoako ordezkariak zehaztu du ez dela nahikoa indarkeriarik ez erabiltzea, haren aurka «modu aktiboan» aurre egitea baizik: «Ez da nahikoa indarkeriarik ez erabiltzea; horren aurka aktiboki kokatu behar da», esan du.
Gaur hasiko dute kanpaina, eta azaroaren 25era arte egongo da ikusgai telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta bestelako publizitate euskarrietan.
5.000 kasu inguru
Elgarrestak nabarmendu du urria bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.814 salaketa izan direla indarkeria matxistarekin lotuta. Hala ere, ohartarazi du beste emakume asko biktima izan direla eta ez dutela euren egoera salatu, ezta inorekin partekatu ere. «Datu horiek izebergaren punta baino ez dira», ohartarazi du.
Horren aurrean, eta biktima askok urratsa egiten ez dutela ikusita, azpimarratu du eredu gisa hartu beharko litzatekeela inguruan gertatzen dena «kanpoko kontutzat» hartzen ez duten herritarren jarrera. «Keinuak eta ekintzak behar ditugu, gizarte justuago, berdintasunezko eta indarkeriarik gabekoa bilakatzeko», esan du Elgarrestak.

