Estepan Urkiaga Lauaxeta 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten frankistek. Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi 1975eko irailaren 27an hil zituzten frankistek, horiek ere fusilaturik; bi aste barru hilketa horien 50. urteurrena izango da. Haiei erreparatu die gaur EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak, akusazio larri bat egiteko EH Bilduri. Bizkaiko jeltzaleen buruaren arabera, koalizio subiranista «talde terrorista bat zuritzeko saioan» dabil. Ansolak esan du Lauaxeta baliatzen ari dela EH Bildu «ETAren alde».
BBBko buruak Alderdikide Egunean hitz egin die afiliatuei Fruizen (Bizkaia). Kontatu die Mungian «printzipio eta balioen talka bat» gertatzen ari dela, Bizkaiko herri horretan «ezker abertzaleak mural bat margotu duelako, Lauaxetarekin lotuz Txiki eta Otaegi». «Frankismoak bidegabeki fusilatutako biktimak izatea dute komunean, baina balioen ozeano batek bereizten dituzte», jarraitu du azalpenekin. «Txiki eta Otaegi ETAko kide izan ziren, eta denok dakigu ETA zer izan den gure herriarentzat».
Ansolak gogoratu du Txiki eta Otaegiren fusilamenduak «bidegabeak» izan zirela, eta «Eusko Jaurlaritzak horrela onartu» duela. Baina hortik aurrera aldeak nabarmendu ditu Bizkaiko gidari jeltzaleak: «Horiek biktima gisa aitortzeak ez du zerikusirik EH Bildu egiten ari den ETAren aldeko erabilpenarekin. Saio bat dago talde terrorista bat eta onartezina izan zena defendatu zutenak zuritzeko».
Otxandianoren marra gorriak
Koalizio abertzalea egiten ari omen den saio hori «iraina» da, Ansolaren hitzetan, «giza eskubideak, pertsonaren duintasuna, bizitza, bakea eta Euskadiren demokrazia errespetatuz borrokatu zen belaunaldi oso batentzat».
EH Bilduren aurkako kritikarekin aurrera eginez, baina aktualitate politikora etorrita, Ansolak ziurtatu du koalizioak «marra gorria» jartzen diola «guztiari Euskadin», eta, aldi berean, «alfonbra gorria» jartzen duela Espainian. Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak asteon esan du koalizioak ez duela onartuko «marra gorriak» jartzea estatus berriaren negoziaziori. «Nola? Marra gorrien gorriak orain esaten ez dagoela marrak gorririk?», esan du Ansolak. Erantsi du Euskadin «beti marra gorriak» jarri dituela EH Bilduk, eta ez duela babestu «aurrekontu proiektu bat bera ere»: «Espainian, aldiz, sei». EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren 2022ko aurrekontuak babestu zituen, EAJrekin eta PSErekin akordioa lortuta.
Agerraldiaren amaieran PPri erreparatu dio, Alberto Nuñez Feijook «lotsa» ematen duela ziurtatzeko. Salatu du «orain politikan iraina goraipatzen» dela, eta hori «antipolitika» dela.