1.500 euroko isuna ezarri diote blokeatze egunean atxiloturikoetarik bati

Bigarren auzipetuaren auzi eguna azaroaren 3ra gibelatu dute; epailearen zaintzapean egonen da auzia heldu arte. Hirugarren auzipetuak 2026ko urtarrilean ukanen du auzia.

Hiru atxilotuei babesa adierazteko elkarretaratzea, blokeatze egunaren biharamunean, irailaren 11n, Baionako komisaria aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Hiru atxilotuei babesa adierazteko elkarretaratzea, blokeatze egunaren biharamunean, irailaren 11n, Baionako komisaria aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko irailaren 15a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostegun arratsean atera zen atxiloalditik, eta astelehen honetan Baionako auzitegiko barran dago jadanik: Pettan Lataillade 1.500 euroko isuna ordaintzera kondenatu dute epaileek. Joan den asteazkeneko blokeatze egunean harrapatu zuten militantea poliziek, Baionako Leroy Merlineko biribilgunea blokeatzen saiatzen ari zela, beste zenbait manifestarirekin batera. Hitzordua 06:00etan emana zuten protestaren antolatzaileek, eta 06:30ean jadanik interpelatu zuten.

Orotara, 35 oren pasa iragan ditu Baionako komisarian. Hasieran sei atxilotu ziren; gaua pasa zutenak, aldiz —hots, orain auzipetuak direnak—, hiru besterik ez ziren izan, Lataillade tarteko. Blokeatze egunaren eta atxiloketaren biharamun arratsean atera zen beste bi atxilotuekin batera. Zehazki, zirkulazioa trabatu izana, poliziei «bortizki» buru egin izana, errebolta jarrera ukan izana eta aztarnak emateari uko egin izana leporatzen diote.

Auzipetuari hitza eman zaiolarik, segidan argitu nahi izan du ez duela inolako jarrera desegokirik ukan interpelatu duten polizien kontra: «Bideo batean entzuten da polizia buruak manatzen duena: 'Hura, interpelatu ezazue'. Orduan poliziek aitzinetik harrapatu ninduten, eta zenbait manifestarik, gibeletik. Gero poliziek manifestarien eskuetarik hartu ninduten. Ageri da ez dudala inolako ihardukitzerik egin». Epailearen aitzinean, kontsideratu du polizien deklarazioak faltsuak direla, interpelatu duten lehen segundotik egiten utzi dielakoan.

Zirkulazioa trabatzeari dagokionez, konstituzio zuzenbideak manifestazioetan parte hartzeko uzten dion askatasuna aipatu du. Prokuradoreak erantzun dio legedi bat ezin dela beste baten parean eman, errepide kodearen parean, honako kasuan. Haren abokatuak osatu du erranez Leroy Merlineko biribilguneko bideak behin ere ez direla osoki oztopatuak izan, bide guztietatik ez bazen ere autoek kurritzen jarraiki ahal izan baitute etenik gabe.

Aztarnak emateari dagokionez, azkenik, Europako Justizia Auzitegiaren testuak erabili ditu hitza hartzerako momentuan: «Ustez hobengabe naizeno, aizu dut aztarnak ez ematea». Hobengabetzea galdegin du, baina isuna jarri diote. Auzi gelatik atera bezain laster Latailladek adierazi du «hel eginen» duela erabakiaz, «segur aski». Haren ustez ez da behar bezala entzuna izan.

Orotara, hiru auzipetu

Bigarren auzipetuak, aldiz, auziaren eguna gibelatzea eskatu du, eta onartu diote epaileek: azaroaren 3an iraganen da, Baionako auzitegian. Anartean, kontrol judiziala ezarri diote: auzia iritsi bitartean, Pirinio Atlantikoetako departamenduko manifestazioetan ezinen du parte hartu. Latailladen kasuan bezala, zirkulazioa trabatu izana eta aztarnak emateari uko egin izana leporatzen diote, baina, baita ere, begitartea estali izana eta soinean labana bat eramatea.

Hirugarren manifestari bat ere auzipetu zuten joan den ostegunean: heldu den urtarrilean epaituko dute hura. Anartean, kontrol judiziala ezarri diote: bi aste guziz sinatzera joan beharko du komisariara, eta Pirinio Atlantikoetako departamenduan manifestazioetan parte hartzeko debekua eman diote.

Frantzian eta Ipar Euskal Herrian antolatutako blokeatze egunean, irailaren 10ean, sei pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak Baionan. Hiru libre utzi zituzten egunean berean: lehenari abisu bat eman diote; bigarrenari, isuna eta justiziako bilduman oharra; eta hirugarrena deus gabe atera da. Beste hirurak biharamun arratsa arte egon ziren atxiloaldian, eta horiek dira auzipetuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.