Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antzaldatu egin nahi du irakasleak euskaran eta euskal kulturan trebatzeko estrategia, eta aldaketa horren ondorio agerikoenetako bat da heldu den ikasturtean ja ez dituela egingo Irale programaren bidez hainbat hamarralditan eskaini dituen murgiltze ikastaroak. Askotariko trebakuntza saioak eskaini dira urteotan: hizkuntza gaitasuna hobetzeko, curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko, ahozko jarduna sustatzeko eta ikasketa materiala sortzen ikasteko. Orain, ordea, C1 euskara eskakizuna ez duten irakasleak trebatzeko soilik utzi nahi ditu Jaurlaritzak murgiltze ikastaroak. Kezkaz hartu dute arloan ari diren profesionalek erabakia. Agerraldi bateratua egin dute gaur Steilas, LAB eta ELA sindikatuek ere ezinegona agerian uzteko. Ekinbide jakin baten berri eman dute hirurek batera: sinadura bilketa baten bidez eskatuko diote Jaurlaritzari murgiltze ikastaroak egiten jarraitzeko.Â
Sindikatuetako arduradunek aditzera eman dutenez, «langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean» ezin dira utzi bertan behera murgiltze ikastaroak. Kezka azaldu dute irudipena dutelako Hezkuntza Sailak orain irakasleak trebatzeko erabiliko duen bidea ikastetxeetan bertan egingo diren «mikroformakuntzak» izango direla, eta lanketa sakonago baten beharra ikusten dutelako. Horiek horrela, eskatu dute «gutxienez» orain arteko baliabideak eta inbertsioak bideratzen jarraitzeko sektorera. Â
Langileen ordezkariek adierazi dute egiten diren urratsak egin behar direla, betiere, egungo egoera demolinguistikoan euskaraz trebatzeko dauden zailtasunak kontuan hartuta. «Euskararen egungo egoera larria da. Hizkuntza minorizatua izanik, erabilera, atxikimendua eta hizkuntza gaitasuna beherantz doaz». Bide horretan, euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea beharrezkoa dela gogoratu dute: euskararen ezagutza eta erabilera bermatu, euskal hiztun osoak hezi, eta gizarte kohesionatu euskaldun bat lortzeko oinarriak jarri behar ditu. Eta, hain justu ere, hor behar bezala aurrera egite aldera da «funtsezkoa» irakasleak euskaran eta euskal kulturan ondo trebatuta egotea.
Institutuaren itzalean
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua martxan jartzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, eta horrekin batera ari da irakasleak prestatzeko estrategia berriak lantzen. Martxoaren 30ean, institutuko zuzendari Josune Zabalak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, eta erakunde berria egiten ari den aurrerabideen berri eman zuen. Laburbilduz, argudiatu zuen «klaustroetara» bideratutako hizkuntza estrategiak dituztela orain helburu, hots, ikastetxeetan jardun nahi dutela orain, bereziki. «Irakasleari eta haren prestakuntza indibidualari begira jardutetik, klaustroari begira jarri gatzaizkio; taldeari begira, zuzendariei begira».
Hezkuntza Sailak bultzatu nahi duen eredu berri horretan, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua lantzea da helburua, eta hor hizkuntza kudeatzaile izateko ardura hartu beharko du zentro bakoitzeko profesional batek. Langintza horren gaineko probak egiten hasi dira ikasturte honetan: hogei ikastetxe publikotan ari dira. Aditzera eman dutenez, hedatu nahi duten aholkularitza ereduaren oinarriak lantzen ari dira eskola horietan.Â
Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak ere gaiari buruz egin dituen agerraldietan eta hedabideetan emandako elkarrizketetan jarduteko modu berri hori defendatu du. «Helburua da egiten duguna erabilgarria izatea, eta tokian tokiko beharrei erantzutea; orduan, bada, oso bakarkako formakuntza batetik komunitateari edo errealitate jakin bati erantzuteko estrategia berri batera goaz. Izan ere, hori ikertuta dago; eraginik handiena daukan aldagaia da, batik bat, hizkuntza proiektuak testuingurutik aplikatzea eta testuinguru bakoitzak hartzea bere erabakiak». Argudiatu du, gainera, orain arte murgiltze ikastaroen dinamikan jardun duten profesionalak murgilduko direla orain eredu berri honen lanketan. 60 bat langile dira.Â