Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua. Erakunde berria da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hizkuntzak kudeatzeko dituen asmoetarako erabakigarria: hizkuntzen ikaskuntzarekin lotutako kontuak erakunde horren bidez kudeatu nahi ditu hemendik aurrera. Zehaztasun gutxi egon dira orain arte institutu horren funtzionamenduaren inguruan, eta zalantzak sortu dira; kezka dago, batez ere, hainbat eragileren ustez eredu berriarekin euskarak tokia galduko duelako. Horiek horrela, interesa piztu du erakundeko zuzendari Josune Zabalak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean institutuari buruzko zehaztapenak emateko gaur egin duen agerraldiak. Esan du institutuaren helburu nagusia dela euskararen inguruan ardaztutako hezkuntza eredu batek egungo munduan dituen erronka berriei erantzutea: «Euskaran eta euskal kulturan ardazten den testuinguru eleaniztuna eta kulturartekoa garatzeko trakzio lan berriak sortzen ari gara». Horiek garatu nahi dituzte, bereziki, «ikastetxeetara begira». Halaxe azaldu du: «Irakasleari eta haren prestakuntza indibidualari begira jardutetik, klaustroari begira jarri gatzaizkio; taldeari begira, zuzendariei begira». Nabarmendu egin du azken horien garrantzia: «Apustu sendoa hor egin nahi dugu: zuzendaritzetan».
Hezkuntza Sailak bultzatu nahi duen eredu berri horretan, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua lantzea da helburua, eta hor hizkuntza kudeatzaile izateko ardura hartu beharko du zentro bakoitzeko profesional batek. Horietako hainbaten trebakuntza abiarazia du Hezkuntza Sailak. Hogei ikastetxe publikotan hasi dute langintza. Aurrez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi izan duenez, lau lan ildo nagusi izango ditu institutuak: prestakuntza eta aholkularitza; hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketa; euskararen normalizazioa eta didaktika; eta ikerketa, dokumentazioa eta hedapena. Institutuaren eraketa Hezkuntza Legean jasotako eginkizunetako bat da: 2022ko hezkuntza akordioan eta 2023ko Hezkuntza Legean jaso zuten hura sortzea.
Arduraz betetako urtea
«Ikastetxeetan hizkuntzei lotutako funtzio berriak sortzen ari gara», azaldu du gaur Zabalak. Gogora ekarri du erakundearen xede nagusiak iaz aurkeztu zituela Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Eusko Legebiltzarrean, eta esan du ordutik lanez eta arduraz betetako urtea izan dutela: erakundea eratzeko dekretua lantzen ari dira, eta lantalde bat egituratzen proiektuaren inguruan. Nabarmendu du, halaber, hilabeteotan hezkuntzan eragina duten askotariko eragileekin hitz egin dutela.
Zerrendatu egin ditu egungo hezkuntza sisteman dauden xede berriak, eta nabarmendu du hor jarduteko modu berri bat bilatzea dela helbururik behinena. «Berregituratze sakon-sakon batean gaude, zaharberritzean, eta aukera handiak dauzkagu inertziak puskatuz bide urratzaileak izango diren ekarpen sendoak egiteko». Izan ere, ikasle etorri berriak, ezaugarri askotako ikasleen beharrizanak eta familia soslai berriak: horiek eta beste hainbatek eskoletara ekarri dituzte erronka mardul asko. «Guztiak batera bizi dira gure ikasgeletan». Mundu berri horretan «hizkuntzen arteko orekak» topatzea zaila bada ere gobernuak euskararen «indarberritzearen» alde apustu sendoa egina duela nabarmendu du Zabalak.
«Aukera handiak dauzkagu inertziak puskatuz bide urratzaileak izango diren ekarpen sendoak egiteko»
JOSUNE ZABALA Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko zuzendaria
Iraleri buruz
Iragan asteotan metatuz joan dira Hezkuntza Sailak hizkuntzen kudeaketarekin lotuak dituen asmoen inguruko zalantzak. Jakina da, adibidez, institutua martxan jarrita bertan behera geratuko direla Irale programaren barruan hainbat hamarralditan zehar irakasleentzat eskaini diren murgiltze ikastaroak, eta horren gaineko kezka azaldu dute programa horretan ari diren irakasleek. Hainbat sindikatuk ere ezinegona azaldu dute: ELAk otsailaren bukaeran azaldu zuen kezka, eta LABek lehengo astean.
Irakasleen trebakuntza aurrerantzean ere ezinbestekoa izango dela esan du gaur Zabalak. «Irakasle eta hezitzaileek ezagutza soziolinguistikoa eta psikolinguistikoa beharrezkoa dute murgiltze egoeretan euskarak lekua izan dezan», onartu du. Baina hori egiteko modua aldatu nahi dute: «Praktika berriak, tresna berriak eta prestakuntza eta aholkularitza zerbitzu berri bat». Horiek horrela, Zabalak esan du Iralerekin jarraituko dela irakasleen euskara gaitasunaren trebakuntzan, baina desagertu egingo direla murgiltze ikastaroak: hezkuntza munduan R ikastaro deitutakoak. Ikastaro horiek ematen orain arte aritu diren 60 profesionalen eskarmentua goraipatu du, eta hemendik aurrera ere haien ekarpenek berebiziko garrantzia izango dutela esan du. Guztiaren beharra izango delakoan dago: «Institutua ez da nor lankidetza harreman esturik gabe».
Eta amaierako helburua zein den ere gogoratu du Zabalak, Hezkuntza legean bertan jasota baitago, eta zentro guztien jardunaren helburu izan behar baitu: ikasleek, DBH bukatzean, B2 maila izatea euskaran eta gaztelanian, eta B1 atzerriko hizkuntza batean. Hori lortzera bideratu nahi dituzte ahalegin guztiak. Bide horretan emaitza onak ematen ari diren hainbat programa zerrendatu ditu, Eusle programa horien artean, eta halakoek jardunaren «indarguneetako» bat izaten jarraituko dutela esan du.
EH Bilduk eskatuta mintzatu da Zabala agerraldian. «Bat egiten dugu aipatu diren gauzen orokortasunarekin», erantzun dio Ikoitz Arrese legebiltzarkideak. Baina kezka ere azaldu du. «Zalantzan jartzen dugu R ikastaroen birformulatzea; indartzera egin beharko litzateke gure ustez, eta ez desagertzera». Materialgintzan izango du beste jardunbideetako bat institutu berriak. Hor ere aurrerabideak eskatu dizkio Arresek institutu berriari. «Jarrera sendo bat hartu beharko luke euskal curriculumaren alde, argitaletxe askorentzat esparrua Espainia baita». Propio galdetu dio Zabalari hizkuntza kudeatzaileak eskola publikoetan ez ezik itunpekoetan ere ariko diren; ez du erantzunik jaso.