«Faxistek sistemaren edozein alternatiba suntsitzea dute helburu, horiek zapaltzea eta isilaraztea. Eta gaztetxeak dituzte jomugan, besteak beste». Irungo Lakaxita (Gipuzkoa) gaztetxearen kontrako eraso faxistak salatu dituzte bertako kideek, eta gogoratu «hainbat eta hainbat» izan direla azken bi ikasturteetan jasan dituzten erasoak. Hortaz, Lakaxita defendatzeko deia egin diete eskualdeko eragileei: elkarretaratzea eginen dute larunbat eguerdian, Irungo Mosku plazan.Â
Ohar bidez esplikatu dutenez, martxoaren 7tik 8ra bitarteko gauean pintaketa faxistak egin zituzten eraikinaren atarian. Irungo eta, oro har, Bidasoko gune okupatu eta autogestionatu bakarra da Lakaxita, eta, horregatik, erasoak ez dira kasualitatea, gaztetxeko kideek erran dutenez. «Baina gurekin ez dute lortu, eta ez dute lortuko. Eraso bakoitzari erantzun diogu, eta gure etxea defendatzeko antolatu egin gara», adierazi dute.Â
Gogoratu dute, halaber, oraindik ez dakitela zein izanen den gaztetxearen etorkizuna. Izan ere, heldu den hilabetean hasiko dira inguru horretan etxebizitzak egiteko obrekin, eta ez dago argi zer gertatuko den gaztetxearen eraikinarekin eta lursailarekin. «Plano eta informazio kontrajarriak jaso ditugu», adierazi dute.Â
Euskal Herriko bertze gaztetxeak ere gogoan izan dituzte, eta nabarmendu proiektu horien testuinguru politikoa «zapaltzailea» dela. Hain justu, gogora ekarri dituzte Portugaleteko Sastraka gaztetxea (Bizkaia) husteko agindua, Bilboko Errekalde auzoko gaztetxearen hustea, Igorreko Kiñu gaztetxearen (Bizkaia) huste arriskua eta Donostiako Guardetxeko kideen kontrako isunak. «Eraisketen eta husteen bidez, kultura, militantzia, gazteen espazioak eta alternatibak suntsitzen ari dira, eta besoak gurutzatuta eta obediente egotea nahi dute. Desio dezatela sistemaren sostengatzaileek miseria; guk bitartean, zutik, tinko eta indartsu jarraituko dugu faxismoaren mekanismo guztien aurrean», borobildu dute.Â