Itsasadar azpiko tunelaren proiektua bertan behera uzteko eskatu dute Bilbon

Bizkaiko Aldundiari galdegin diote proiektua gelditzea, «ekozida eta antisoziala» dela argudiatuta. Ohartarazi dute tunela eraikitzeak «eragin oso larriak» izango dituela ingurumenean.

Itsasadar azpiko tunelaren kontrako protesta, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Itsasadar azpiko tunelaren kontrako protesta, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 18a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Subflubialari Ez plataformak Bilbo erdigunera eraman du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian eraiki asmo duen autobidearen aurkako aldarri ozena. Manifestazioa egin dute erdiguneko kaleetan zehar, aldundiari exijitzeko proiektua geldiarazi dezala eta garraio publikoa lehenetsiko duen garraio eredu baten alde egin dezala. Herritar ugarik parte hartu du protestan.

Manifestazioaren bukaeran, antolatzaileek nabarmendu dute proiektua «ekozida eta antisoziala» dela, garraio pribatua sustatuko duelako, eta gaineratu dute hura eraikitzeak «eragin oso larriak» izango dituela hala ingurumenean nola gizartean: «Tunelak zor ekologikoa utziko die etorkizuneko belaunaldiei». 

Tunelak Artatzako biribilgunea —Leioan, eskuineko aldean— eta Ballontikoa —Portugaleten, ezkerreko aldean— lotuko ditu. Aldundiak uztailean eman zion behin betiko oniritzia proiektuari. 543 milioi euroren aurrekontua dute lanek, eta lizitatzeko prozesuan daude orain. Udaberrian ekingo diote itsasadarraren bi aldeak lotzeko zuloa egiteari, eta ondo bidean 2032rako amaituta egotea espero dute agintariek. 

Subflubialari Ez plataformako kideek salatu dute, ordea, lanak martxan diren bitartean inguruko bizilagunek eta bertan lan egiten dutenek «zarata, bibrazioak eta kutsadura» jasan beharko dituztela. Halaber, ohartarazi dute Artatzako parkean «dozenaka zuhaitz» moztuko dituztela eta obrek kalte egingo diotela Ballonti errekaren ekosistemari.

Gutxi batzuei mesede

Halaber, aldundiari egotzi diote herritarrei informazio kontrajarria ematea, adierazi baitzuen berotegi efektuko gas gutxiago isuriko direla, baina aldi berean aitortu ibilgailuen trafikoa %33 handituko dela, eta horrek, ezinbestean, kutsadura handituko duela. «Ezin gara fidatu instituzioen diskurtsoaz», adierazi dute.

Gutxi batzuentzako hiriak eraikitzea ere leporatu diote aldundiari; izan ere, azpimarratu dute tunelaren lanek soilik enpresa jakin batzuei egingo diela mesede, aldundiak berak aitortu zuenez. «Bilbo Handiaren antolaketa etekin pribatuetan oinarritzen da, eta itsasadar azpiko tunela horren adibide garbia da», gogorarazi dute, eta salatu legeak enpresa horien beharretara egokitzen dituztela, «irabaziak bermatuta» eduki ditzaten. Hain zuzen ere, kontatu dute zarata mugatzen duen araudia bertan behera utziko dutela obrek irauten duten bitartean.

«Arazoa ez da tunel bat bakarrik, gizarte eredua baizik», laburbildu dute. Hori dela eta, aldundiari eskatu diote «herritarrak kapitalaren interesen gainetik» jarriko dituzten politikak egiteko, eta ohartarazi ez dutela etsiko proiektua bertan behera geratu arte: «Borrokan jarraituko dugu guztion artean proiektu hau gelditu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.