«Itxaron-zerrenden igoera ez da bat-batekoa izan, urteetako murrizketen, ordezkapen faltaren, prekaritatearen eta plangintza faltaren ondorio zuzena baizik». OPA Osasun Publikoaren Aldeko plataformak erantzun egin die Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo egindako adierazpenei eta jakinarazitako neurriei: operatzeko zain 180 egun baino gehiago daramatzaten herritarrek ospitale pribatuetan operatzeko aukera izango dute. 1.794 herritar dira.
«Beste behin ere», plataformaren esanetan, «sailburuak krisi bat baliatu du sektore pribatuari mesede egiten dion eta sektore publikoa ahultzen duen ereduan sakontzeko». OPAk agerraldia egin du gaur goizean, Gasteizen. Neurri hori bertan behera uzteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.
54 egunetik 78 egunera
Medikuen grebaren ondorioei aurre egiteko neurri gisa aurkeztu zuen Martinezek, atzo. Medikuen grebaren aurrean, Osakidetzak operatzeko lehentasuna eman die minbiziren bat dutenei eta ebakuntza egiteko itxaron beharreko denbora luzatzeak haien patologiak nabarmen okertuko lituzkeen pazienteei. Ondorioz, lehentasunik gabeko operazioak etengabe atzeratzen ari dira.
OPArentzat sailburuak bere erantzukizunak «saihestu» ditu itxaron-zerrendak handitzea eta operatzeko denborak luzatzea medikuen grebari egotzita. Martinezek emandako datuen arabera, operatzeko itxaron beharreko batez besteko denbora 54 egunetik 78 egunera luzatu da iazko azarotik aurtengo apirilera.Â
Hamarkada bat baino gehiago
Plataformak uste du orain lehertu den arazoak hamarkada bat baino gehiago daramala konpondu gabe: «Osasun Saileko arduradunek langileekiko benetako negoziazioa blokeatu dute hamabost urtean. Borondate politiko falta horrek zuzenean eragin du lan baldintzen okertzean eta profesionalen etengabeko ihesean, eta sistema publikoa are gehiago ahuldu du». Martinezi esan diote zera egin behar dela itxaron-zerrendak arintzeko: langile gehiago jarri, ebakuntza gelak ireki, baliabide propioetan inbertitu, eta profesionalak zaindu .Â
OPAk zenbait eskaera egin dizkio Osasun Sailari: kontratuei buruzko gardentasuna, sindikatuekin «benetan» negoziatzea, Osakidetza —lehen arreta bereziki— indartzeko premiazko plan bat, eta «herritarren parte hartze eraginkorra» osasun sistemari buruzko erabakietan.