Otxandianok esan du oraindik ez dutela erabat ezagutzen Itxasok iragarritako etxebizitza plana

Neurriak tentsio handiko eremuetako eta 2003. urtearen aurretik eraikitako 901 etxeri eragingo lieke. Bestalde, babes ofizialeko etxe bat saldu nahi duenak Etxebizitza Sailaren esku utzi beharko du, Etxebiden izena emandakoen artean saltzeko.

Denis Itxaso eta Pello Otxandiano, gaur, etxebizitzari buruzko bileran, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Denis Itxaso eta Pello Otxandiano, gaur, etxebizitzari buruzko bileran, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko maiatzaren 29a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrean bilduta izan dira gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso eta EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandiano. Helburu jakin gabeko hizketaldia izan da, «elkarri beren proiektuen berri» emateko baliatutako tarte bat, EH Bilduko bozeramailearen arabera. Itxasok gaur azaldutako neurriek jasotzen dute, batetik, tentsio handiko eremuetako babes ofizialeko etxeen deskalifikazioa eragoztea, eta, bestetik, babes ofizialeko etxeen salerosketa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea. Egitasmoa begi onez ikusi duen arren, Otxandianok ohartarazi du oraindik ere ez dutela ezagutzen plan horren «letra txikia».

Otxandianok gogoratu du koalizio subiranistak duela lau urte ohartarazi zuela babes ofizialeko etxeen deskalifikazioen eta horien salerosketen inguruan: «Baina Jaurlaritzak, sailburuaren ahotan, zera erantzun zuen: 'Oso zaila da iruzur egitea, eta etorkizunean ere hala izango da'». Otxandianok nabarmendu du Jaurlaritzak «jarrera aldatu» duela, eta hori «oso ondo» dagoela, baina gaineratu du arazoei «aurrea hartu behar» zaiela. 

Hain justu, EH Bilduko bozeramaileak esan izan du etxebizitzaren arazoa «presazko eta lehentasunezko» gai bat dela, eta orain arteko etxebizitza politikak huts egin duela iritzita, EH Bilduk datozen hamar urteetan 60.000 etxebizitza eskaintzea proposatu zuen duela bi aste: asmoa litzateke elkarlan publiko-komunitarioaren bitartez datozen hamar urteetan 30.000 etxebizitza eraikitzea; eta etxe hutsak eta turistikoak mobilizatuz eta hiriguneen dentsitatea berregokituz beste 30.000 etxebizitza publiko eraikitzea. EH Bilduk uste du «egingarria» dela bere plana; EAJk, berriz, ez du begi onez ikusi proposamen hori. 

Lege erreforma

Tentsio handiko eremuetan dauden babes ofizialeko etxebizitzen deskalifikazioa eragoztea helburu duen lege erreforma bat sustatuko du Eusko Jaurlaritzak. Neurriak 2003. urtearen aurretik eraikitako 901 etxebizitzari eragingo die. Hala jakinarazi du gaur Itxasok, Eusko Legebiltzarreko saioan. Haren arabera, erreformaren helburua da babes ofizialeko etxeak «babestea» eta etxebizitzarako sarbidea «bidezkoagoa» izatea. 

Erreformak zertxobait luzatuko du kalifikazioa galtzear zeuden ehunka etxeren babesa; zehazki, tokian-tokian tentsio handiko eremuen izendapena indarrean den artean. Itxasok azaldu duenez, neurri horrek Donostiako, Gasteizko eta Bilboko etxebizitzei eragingo die: Donostian, Antigua auzoko Benta Berri kaleko 510 etxebizitzari, Intxaurrondo auzoko 119ri eta Zubietako bi etxeri; Gasteizen, Lakuako 200 etxeri eta Zabalganako 48ri; eta Bilbon, Cortes kaleko 21 etxebizitzari eta Barakaldoko etxe bati. Itxasoren arabera, neurri honen bidez posible izango da «dinamika espekulatzaileak» etetea. 

Horrez gain, beste aldaketa bat ere egingo dute. Itxasok herenegun SER irrati katean aurreratu zuen dagoeneko, eta ofizialki horren berri eman du gaur: babes ofizialeko etxe bat saldu nahi duenak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren esku utzi beharko du, eta sailak Etxebiden izena emanda dauden herritarren artean banatuko du. Etxea nori saldu erabakitzeko, zenbait irizpide hartuko dituzte aintzat, hala nola antzinatasuna eta etxebizitza horretan bizitzeko egokitasuna. Itxasok zehaztu duenez, neurri horren helburua da etxebizitza publikoaren «gardentasuna» bermatzea eta babes ofizialeko etxeen salerosketetan «legez kanpoko praktikak» eragoztea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE