Ikasgelak itxi beharrean «ratioak jaistea» galdegin dio ELAk Nafarroako Gobernuari

Sindikatuaren arabera, jaiotza tasaren apaltzea ezin da aitzakia izan murrizketak egiteko: «Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko aukera gisa aprobetxatu behar da».

Argia ikastolako ikasgela bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Argia ikastolako ikasgela bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko apirilaren 21a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak iragarri du 33 ikasgela murriztuko dituela datorren ikasturtean, jaiotza tasaren apaltzea dela eta. 19 ikasgela gutxiago izanen dituzte sare publikoko ikastetxeetan, eta 14 gutxiago, itunpeko zentroetan —tartean, bost ikastolatan—. Erabakiak hautsak harrotu ditu Nafarroako Ikastolen Elkartean, baina baita alderdi politiko eta sindikatuen artean ere. Geroa Bai taldeak, esate baterako, moratoria bat galdegin dio Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari, egoera ongi aztertzeko, eta EH Bilduk bat egin du eskaerarekin. Gaur, erabakiaren aurka egin du ELAk ere.

Sindikatuaren iritziz, jaiotza tasaren jaitsiera «pixkanaka» aldatuko da datozen urteetan, eta hortaz, murrizketak ezartzeko aitzakia bainoago, «irakaskuntzaren eta enpleguaren kalitatea hobetzeko aukera» izan beharko luke gobernuarentzat. Gogorarazi dute, halaber, gehiengo sindikalak lau greba egun sustatu zituela iaz Nafarroako hezkuntza publikoan, eta eskaera nagusietako bat izan zela, hain zuzen, ratioak murriztea.

«Kalitatezko zerbitzu publikoen» aldeko apustua berretsi du ELAk, eta, horren barruan, «euskararen gutxieneko ezagutza bermatuko duen hezkuntza eredu» baten aldekoa: «Ikastolak aitzindariak izan dira apustu horretan frankismo garaitik, eta haien zeregina garrantzitsua da oraindik euskara berreskuratzeko», adierazi du sindikatuak, ohar batean. Horiek horrela, ratioen murrizketaz gain, irakasleen eskola orduen murrizketa ere galdegin dute: «Dozenaka lanpostu sortuko lituzke horrek, eta ikastetxe batzuetan gerta litezkeen galerak eragotzi».

Mobilizazioak bihar

ELAz gain, Hezkuntza Departamentuaren erabakiaren aurka azaldu da Steilas sindikatua ere, argudiatuta ikasgelak ixteko asmoak kalte eginen diola hezkuntza publikoari. Hori dela eta, elkarretaratzea eginen dute bihar 11:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean. Arratsaldean, berriz, Nafarroako ikastolek protesta eginen dute Hezkuntza Departamentuaren parean, salatzeko ikasgelak murrizteko erabakiaren oinarrian «euskararen aurkako eraso bat» dagoela. 17:30ean eginen dute elkarretaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA