Jardun legez kanporatzeko arriskuaz ohartarazi du koordinakundeak

Espainiako Auzitegi Nazionalak asteon espetxeratutako bi gazteen aurkako auzia «kriminalizazio kanpaina bat» dela adierazi du Jardunek, eta salatu du bere kideen aurkako «jarraipen eta presio polizialak areagotu» egin direla.

Jardun koordinakundearen agerraldia, gaur, Bilbon. BERRIA
Jardun koordinakundearen agerraldia, gaur, Bilbon. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urriaren 22a
20:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean Irunen atxilotutako eta Espainiako Auzitegi Nazionalak asteon espetxeratutako bi lagunen aurkako operazioa «azpijoko polizial eta mediatikotzat» jo du Jardun koordinakundeak: «Beste kriminalizazio kanpaina bat baino ez da». Atxilotuak askatzeko ozen eskatu dute gaur arratsaldean Bilbon, dozenaka herritarrek babestuta egin duten agerraldian. Eta ohartarazi dute balitekeela egoerak okerrera egitea: «Etsaia testuinguru politikoa prestatzen ari da Jardun koordinakundea eta horren parte diren antolakundeak legez kanporatzeko eta beste atxiloketa batzuei atea zabaltzeko».

Ertzaintzak alkoholemia kontrol batean identifikatu zituen bi pertsona horiek, irailaren 26an, Eskoriatzan (Gipuzkoa); autoan, haiekin batera, irlandar jatorriko herritar bat zihoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «material oso delikatua» zeramaten; besteak beste, segurtasun indarrei buruzko informazioa eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa. Joan den larunbatean, Ertzaintzaren Irungo polizia etxean (Gipuzkoa) agertu ziren biak, beren kabuz, abokatu batek lagunduta, eta bertan atxilotu zituzten. Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zituen astelehenean, eta bertako epaile Antonio Piñak asteartean erabaki zuen biak behin-behinean espetxeratzea, fiskalaren eskaera aintzat hartuta. «Talde edo erakunde terroristekin» lotutako delituak egotzi zizkien: «bake publikoaren aurkako atentatua» eta «armak eta lehergaiak fabrikatzea eta edukitzea».

«Jardun koordinakundearekin lotzen saiatzen ari dira, proiektu politikoaren aurkako inoizko kriminalizazio kanpainarik handiena aurrera eramateko»

INTZARA MENDINUETA LAZKOZ Jarduneko kidea

Jardunek deitoratu du atxilotuen irudiak eta haien inguruko «gezurrak» zabaldu izana hedabideetan zein sare sozialetan: «Epailearen aurretik pasatu baino lehen jada erruduntzat jo dituzte», adierazi du Intzara Mendinueta Lazkozek, Jardunen izenean. Halere, bi atxilotuak ez dira erakunde horretako kide, baina hainbat hedabidek eta epaileak berak halakotzat hartu dituzte. «Jardun koordinakundearekin lotzen saiatzen ari dira, proiektu politikoaren aurkako inoizko kriminalizazio kanpainarik handiena aurrera eramateko», gaitzetsi du Mendinuetak.

Erakundea «seinalatzeko» bide horretan, «manipulazio mediatikoa» ere aipatu du, eta koordinakundeko kideen aurkako jazarpena salatu: «Azken egunetan, gure militanteen kontrako zelatatze eta presio polizialak areagotu dira». Gainera, Mendinuetaren hitzetan, «ez da kasualitatea» hori guztia orain gertatzea, «Euskal oasia kolokan dagoenean, Euskal Herri langileari askatasunerako bidea eman diezaiokeen alternatiba iraultzaile bat gorpuzteko arriskua ikusten dutenean». 

Era berean, Mendinuetak gogora ekarri du ez dela halakorik gertatzen den lehen aldia: «Hamaika dira azken urteetan Espainiako Estatuak Euskal Herri langilearen eta militante politiko ororen kontra egindako azpijokoak». Erantsi du hauteskundeen inguruan «ohikoak» izaten direla halakoak, eta «beldurra hedatzea» eta «militanteak kikiltzea» izaten dutela helburu. «Militantzia politikoa kriminalizatzea helburu duen jukutria polizial bat da», berretsi du.

Frogak, ezbaian

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere bi gazteak askatzea galdegin du, sare sozialetan zabaldu duen mezu batean. Akusazioak «oso larritzat» jo ditu: «Orain arte argitara ateratako frogen artean desobedientzia ekintzen bideoak daude, edota infiltratutako polizien inguruko informazioa. Froga horietatik abiatuta terrorismo delituak leporatzea oso larria da». Erantsi du auzia «azpijoko polizial baten itxura» hartzen ari dela: «Euskal Herrian aurreko ziklora itzultzea ez dago mahai gainean inoren partetik. Hori badakite segurtasun indarrek, baina halere horrelako akusazioak egiten dituzte errepresioa gauzatzeko eta mugimendu iraultzaileen gaineko zentzugabekeria irudia hedatzeko».

Jardunen barruko Aske taldeak ere agerraldia egin zuen atzo, Gasteizen. Bi gazteak «lehenbailehen» libre uzteko eskatu zuten, haien aurkako kasua «Poliziaren jukutria bat» delakoan, eta haien kontra «baliorik gabeko frogak» erabili dituztelakoan. Atxilotuen abokatu Aratz Estonbak ere asteartean deitoratu zuen fiskalak eta epaileak kasurik egin ez izana defentsaren argudioei.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA