Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 105 eutanasia eskaera erregistratu ditu 2026ko urtarriletik. Alegia, azken zazpi hilabeteetan ia berdindu egin da iaz urte osoan hiltzeko laguntza medikoa eskatu zutenen kopurua; izan ere, orduan, zehazki, 120 izan ziren. Sailaren ustez, datuek agerian uzten dute gero eta jende gehiagok jartzen duela praktikan eskubide hori. Aldi berean, jakinarazi dute aurretiazko borondateen dokumentua eguneratu dutela, herritarrentzat argiagoa eta erabilgarriagoa izan dadin.
Osasun Sailak urtarrilean ireki zuen eutanasiaren izapideak kudeatzeko bide informatiko berria, nagusiki prozesuan konfidentzialtasuna indartu eta izapide guztien jarraipena bermatu guran. Osakidetzan ez ezik, zentro soziosanitarioetan eta pribatuetan ere erabil daiteke, eta eskaerak modu egituratuagoan bideratzeko aukera ematen du.
Aplikazioa baliagarria da osasun arloko langileentzat ere, gida profesional gisa. Izan ere, prozeduraren urratsak antolatzen ditu, eta Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordearekiko komunikazioa errazten du. Sistema berria maneiatzeko zenbait prestakuntza saio egin dituzte Osakidetzako eta eremu soziosanitario eta pribatuko profesionalekin.
Eutanasiaren tramitazioa berritzearekin batera, aurretiazko borondateen dokumentua ere eguneratu du Jaurlaritzak. Dokumentuak herritarrei aukera ematen die etorkizuneko osasun erabakiak aurretiaz biltzeko. Eredu berria diziplina anitzeko lantalde batek diseinatu du, irizpideak bateratzeko eta Osabide Globalean txertatzeko asmoz.
Dokumentuaren egitura ere berrantolatu dute. Aurrerantzean, datu pertsonalak, egoera klinikoak eta osasun arloko jarraibideak atal bereizietan jasoko dituzte. Orobat, dementzia aurreratuari eta antzeko egoerei buruzko azalpen zehatzagoak bildu dituzte: elikadurari buruzko atal espezifiko bat gehitu dute, eta eutanasiari buruzkoa ere berritu dute. Horrela, dokumentua egiten duenak adierazi ahal izango du hiltzeko laguntza medikoa jaso gura duen ala ez.
Datuen arabera, gero eta gehiago dira osasunarekin lotutako geroko erabakiak aurretiaz idazten dituztenak: zehazki, iaz 15.000 lagunek baino gehiagok bete zuten dokumentua.
Bi neurriak Osasun Itunaren ildo estrategikoen barruan daude. Jaurlaritzaren hitzetan, itunaren xedea zera da: herritarren eskubideak indartzea, osasun arretaren kalitatea hobetzea, eta bizitzaren azken etapetan arreta gizatiarragoa eskaintzea.