Jaurlaritzak 50 eskolatara zabaldu du euskarazko ahozko gaitasuna hobetzeko Berba-lapiko programa

Batez ere eremu erdaldunetarako prestatutako egitasmo bat da. 5.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen.

Begoña Pedrosa Berba-lapiko egitasmoan parte hartzen duten ikasleen ondoan, gaur, Muskizen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Begoña Pedrosa Berba-lapiko egitasmoan parte hartzen duten ikasleen ondoan, gaur, Muskizen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 17a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kezka handia dute hezkuntzan: ikasleak, zenbaitetan, nekez aritzen dira euskaraz, zailtasunak baitituzte hizkuntza horretan ahoz komunikatzeko. Horri erremedio eman nahian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egitasmo bat jarri zuen martxan: Berba-lapiko. Egun, 50 ikastetxe publikotan abiarazi dute, 331 irakasleren laguntzarekin ari dira ezartzen, eta 5.236 ikasle inguruk parte hartzen dute. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren irudiko, horrelako hedapena «oso berri ona» da. Gaur eskola horietako batean izan da bisitan, Muskizko Ikastola zentro publikoan (Bizkaia), bertatik bertara izateko jardunaren berri.

Baina zer da zehazki Berba-lapiko? Hezkuntza Sailak sustatutako proiektu bat da, eta hauek dituzte bidelagun: Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak, Soziolinguistika Klusterra —Berritzeguneekin koordinatuta aritzen dira— eta Eusko Jaurlaritzako pedagogia orientazioko zentroak. Testuinguru soziolinguistiko erdaldunetako zentroetan ezarri dute, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna hobetzea du xede: «Metodologia horren egitekoa da eguneroko errutina linguistikoak eraikitzea, ikasleek benetako egoeretan ahoz parte har dezaten gelan bertan, irakasleen laguntzarekin eta esku hartzearekin».

Horretarako, euskaraz ahozkotasuna lantzen dute egunero hogei minutuko esku hartzeen bidez. Ikasleak ikasgelako «ingurune atsegin batean» biltzen dira irakaslearekin, eta hainbat testu genero erabilita lantzen dute euskaraz ahozko komunikazioa, Pedrosak azaldu duenez: «Ikasleen testuinguruetara eta erreferentzietara egokituta dauden testuak erabiltzen dira, herri kulturan eta literaturan oinarritutakoak. Horrela, herri literaturak ere garrantzia hartzen du, eta ikasleek testu tradizionalak ezagutzeko aukera sortzen da».

Euskara ikasle guztientzat

Pedrosaren esanetan, ikasleek «gogoz» hartu ohi dute ekimena, «euskaraz komunikatzen gozatzen dutelako eta pixkanaka komunikatzeko gaitasuna hobetzen dutelako». Izan ere, proiektuak aukerak eskaini nahi dizkie ikasleei, ikasle guztiei: «Aniztasun linguistikoa kudeatzea eta behar bakoitzera egokitzea dagokigu, ikasle guztiek —edozein dela ere beren testuingurua eta egoera— aukera izan dezaten euskarazko gaitasun sendoa eskuratzeko». Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza horretarako eginahalean ari dela: «Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da euskara sustatzea eta errespetatzea testuinguru guztietan, eta, horretarako, tokian tokiko egoeretara egokitu behar ditugu irakaskuntza metodologiak; horrela eman ahal izango diegu ikasle guztiei euskara ikasteko eta konfiantzaz erabiltzeko aukera».

«Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da euskara sustatzea eta errespetatzea testuinguru guztietan, eta, horretarako, tokian tokiko egoeretara egokitu behar ditugu irakaskuntza metodologiak»

BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Hori guztia, sailburuaren arabera, ikerketaren bidez balioztatutako metodologiak oinarri hartuta ari dira garatzen: «Berba-lapiko proiektuan, metodologia bat garatu dugu, ikertu egin dugu, baliozkotu egin dugu eta sistemara hedatu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.