Jaurlaritzak amaitutzat eman du aurrekontuen negoziazioa eta EH Bildu kexu azaldu da

Koalizioak esan du elkarrizketei eusteko borondatea zuela, eta etxebizitzaren auzia ardatz zuen proposamen bat prest zuela.

EH Bilduko ordezkariak D'Anjourekin azaroaren 9an egindako bileran. IREKIA
EH Bilduko ordezkariak D'Anjourekin egindako bileran, azaroaren 9an. IREKIA
aitor biain
2026ko azaroaren 18a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak atzo baieztatu zuen joan den astean jada nahiko argi geratu zena: ez ditu 2027ko aurrekontuak oposizioarekin negoziatuko. Hilaren 9an abiatu zuen Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak bilera erronda, Vox ez beste talde guztiekin. Baina bilera bana nahikoa izan zuen ezinezkoa izango zela egiaztatzeko, eta atzo iragarri zuen ez dituela taldeak bigarren bilera batera deituko. EH Bildu kexu azaldu da, ordea, adierazi baitu elkarrizketei eusteko itxaropena zuela. Are, jakinarazi du proposamen bat ere prest zuela jada.

Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak eman du horren berri sare sozialetan. Adierazi du lehen bileraren ondoren, PSE-EEk eta sailburuak egindako adierazpenak entzunda, bigarren bilera baterako deiaren zain zeudela, gutxienez koalizioak mahai gainean jarritako proposamenari buruzko iritziak aurrez aurre jasotzeko. «Ez da horrela izan», deitoratu du, eta ziurtatu negoziatzen jarraitzeko borondatea zutela.

Are, azaldu du etxebizitza ardatz zuen proposamen bat ondu dutela, eta egingo ez den bigarren bilerara eraman asmo zutela. Azaldu du koalizioak lehentasun horretan bildu dituela proposamenak, «maniobratzeko tarte mugatua» utzi dietelako. Otxandianoren iritziz, proposamena zentzuzkoa eta egingarria da. Bere webgunean argitaratu ditu proposamen horren nondik norakoak, eta lau puntutan laburbildu ditu.

Lehenik, proposatu du Jaurlaritzak zorra handitzea, datozen hamar urteetan etxebizitza publikoen sustapena finantzatzeko. Ez du argitu zor hori zenbatekoa litzatekeen, baina esan du tartea badagoela, eta justifikatuta legokeela. Hain zuzen ere, proposatu du diru horren zati bat erabiltzea Jaurlaritzaren menpeko Visesa erakundearen aurrekontua 100 milioi euro handitzeko, 2027an 1.200 etxebizitza publiko sustatu ahal izateko. Hori da bigarren proposamena.

Horrez gain, beste 100 milioi alokairu eskuragarriko etxebizitza parkea handitzeko bideratzea ere proposatu du. Jada eraikita dauden etxebizitzak erostea litzateke bidea, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak bereziki handiak diren udalerriei eta eremu zehatzei lehentasuna emanez. Azkenik, adituen mahai bat eratzea ere proposatu du, Etxebizitzaren Funtsaren barne egitura adosteko. EH Bilduk izendatuko lituzke aditu horietako batzuk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan lehen indarra denez gero.

Diagnostikoan ados; irtenbidean, ez

Hain justu ere, D’Anjouk atzo aitortu zuen bat datorrela EH Bilduk testuinguru sozioekonomikoari buruz egiten duen diagnostikoarekin eta ezarri beharreko helburuekin, gehienbat etxebizitzaren auziari dagokionez. Baina adierazi duen «desadostasun esanguratsuak» dituztela erronka horiei aurre egiteko moduei eta baliabide publikoak kudeatzeko duten ereduarekin. Horrek akordioa ezinezko egiten duela esan zuen sailburuak.

Edozein kasutan, nabarmendu zuen aurrekontu proiektuak aurrera egingo duela eta ez duela arazorik izango behin betiko onarpena jasotzeko, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baitute Eusko Legebiltzarrean. Abenduaren 21ean bozkatu dute osoko bilkuran. Horren aurretik, hala ere, alderdiek azken aukera bat izango dute aurrekontuei ekarpena egiteko, zuzenketen bidez. Datorren asteazkenean, hilaren 25ean, amaituko da horiek aurkezteko epea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA