Jaurlaritzak dio «neurri zehatzak» definitzen hasi direla eskola segregazioaren kontrako ituna erdiesteko mahaian

Hirugarren fasea abiatu dute: eskola segregazioa murrizteko «neurriak, programak eta jarduerak» identifikatu beharko dituzte.

Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiaren laugarren bilera, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiaren laugarren bilera, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko abenduaren 10a
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaia laugarren aldiz bildu da gaur, Gasteizen, eta, horrela, hirugarren faseari ekin dio lantaldeak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosaren esanetan, «hezkuntza sistemaren eraldaketa» lortzeko «neurri zehatzak» definitzen hasi dira: «Orain hasiko da garrantzitsuena: ideiak benetako konpromiso bihurtzea. Funtsezko aldia da, guztiok inplikatu behar dugun aldia, hartzen ditugun erabakiak hobekuntza nabarmenak ekar ditzaten ikastetxeentzat eta ikasleentzat».

Hain zuzen, sailburuak azaldu duenez, orain arte mahaiaren hurrengo urratsak gidatuko dituzten «balioak eta printzipioak lehenesten» aritu dira; orain, berriz, mahaia «funtsezko fase batean» sartu da. Zera dute xede: eskola segregazioa murrizteko eta hezkuntza proiektuak hobetzeko «neurriak, programak eta jarduerak» identifikatzea.

«Orain hasiko da garrantzitsuena: ideiak benetako konpromiso bihurtzea. Funtsezko aldia da, guztiok inplikatu behar dugun aldia»

BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Hurrengo hilabeteetan prozesuarekin aurrera jarraituko dute. Plana 2026ko maiatzean onartu asmo dute, «ondoren neurriak ezartzen hasteko».

LABek ez du parte hartu

Gaur eragileek ez dute bileraren inguruko iritzirik eman. Alta, LABek atzo aurreratu zuen ez zuela gaurko bileran parte hartuko. Eusko Jaurlaritzari «alde bakarrez» jokatzen ari zela leporatu zion sindikatuak, eta salatu zuten haien ekarpenak ez dituztela aintzat hartu. Ez da desadostasuna erakutsi duen sindikatu bakarra: ELAk eta Steilasek ez dute mahaian parte hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.