LABek ez du parte hartuko eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko biharko bileran

Eusko Jaurlaritzari «alde bakarrez» jokatzea egotzi dio sindikatuak, eta salatu du haien ekarpenak ez dituztela aintzat hartu.

Eskola segregazioaren kontrako ituna lortzeko mahaiaren azken bilera, azaroaren 12an, Azpeitian (Gipuzkoa). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eskola segregazioaren kontrako ituna lortzeko mahaiaren azken bilera, azaroaren 12an, Azpeitian (Gipuzkoa). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko abenduaren 9a
17:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deituta, bihar batzekoa da eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaia, Gasteizen. Hezkuntza Sailak bigarren fasea amaitutzat emango du, eta hirugarren faseari ekingo dio. LAB sindikatua ez da bileran izango, iragarri berri duenez. Jaurlaritzari «alde bakarrez» jokatzea leporatu diote, baita sindikatuaren proposamenak aintzakotzat ez hartzea ere.

LABek azaldu duenez, azaroaren 12an Hezkuntza Sailak «alde bakarrez» onartu zuen segregazioaren diagnostikoaren dokumentua. «Bada, oraingoan, printzipioen fasea ere alde bakarrez itxi du, eta Jaurlaritzak eragileok Hezkuntza Legearen alde egotea inposatu nahi digu». Izan ere, sindikatuaren arabera, «guztiz baztertu» dituzte eragileek segregazioari aurre egiteko printzipioen eta balioen lanketari egindako ekarpenak: «Badirudi edukiek ez dutela axola. Segregazioari aurre egiteko muinari heldu gabe, soilik EAJk eta PSEk onartu zuten Hezkuntza Legea eragileoi saltzea izan da helburua». LABek berak egindako proposamenak ere baztertu egin dizkietela nabarmendu dute: «LABek publikoki aurkeztu zituen bere proposamenak, dekalogo batean jasota, eta mahaira eraman ditu; gaur-gaurkoz, maltzurki ezkutatu eta baztertu egin dira, inolako eztabaidarik gabe».

Horiek horrela, LABek erabaki du biharko bilerara ez joatea: «LABek ez du onartuko mahaian egindako ekarpenak alde bakarrez baztertzeaz gainera Jaurlaritzak bere kontakizuna maltzurki inposatzea». Eta Hezkuntza Sailari eskatu dio «itxurakeriak» alde batera uzteko eta langileen ordezkari guztiekin gaiari «sakontasunez» heltzeko, «segregazioari aurre egiteko printzipioak eta neurri jakinak mahai negoziatzaileetan landuta».

Beste hutsune batzuk

LABek berriki esan du ez dela joango biharko bilerara. Ez da bakarra izango. Hain zuen, beste bi sindikatuk, ELAk eta Steilasek, aspaldian erabaki zuten prozesuan ez parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.