Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian hitz egin du. Galderen tartean, Gernikako Estatutua osatzeko transferentzien egoeraren berri emateko eskatu diote, eta adierazi du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako deialdiak «epeak baldintzatu» egin dituela. Erantsi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez duela bere hitza bete: epemuga 2025. urte bukaeran ezarri zuten, baina oraindik ez dute bete.
Sailburuak argi adierazi du «borondate eta prestasun osoarekin» jarraitzen dutela negoziatzen, baina egoera kontuan hartuta ez luke nahi inork «espektatiba faltsurik» sortzea. «Urte bat baino gehiago daramagu negoziatzen; beraz, bi urte hauetan lortu ez duguna 53 egunean lortzea... Espainiako Gobernua hauteskundeetara begira egongo da». Iradoki du, beraz, transferentzien gaia egitekoen itxaron zerrendan geratuko dela, hauteskundeak pasatu arte, behintzat.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ere Ubarretxenaren bide beretik jo du. PSE-EEko kide izanik, hari ere eskatu diote auziaren inguruko iritzi bat: «Ez diogu lan egiteari utziko; ez dakit, halere, denbora emango digun, baina bi gobernukideek hori nahiko genuke».
Estatutua kolokan
Jeltzaleek eta sozialistek 2023ko azaroan adostu zuten Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta horretarako bi urteko epe «luzaezin» bat ezarri zuten. Epemuga zehatz horrek, baina, laster piztu zituen zalantzak, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioen erritmoa zela medio, eta, behin iraungita, legealdiaren amaieraraino negoziatzeko asmoa azaldu du Jaurlaritzak. Bada, atzoko deialdiarekin, amaiera hori gertu da, eta kolokan geratu dira aipatutako bost eskumenak.
PSOEk eta EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako adostu zuten 2025a amaitzerako eskumen guztiak eskualdatuak egongo zirela, baina ez da halakorik gertatu. Bi gobernuen arteko negoziazio mahaian Gizarte Segurantzaren eta portuen kudeaketa jorratzen ari diren honetan iritsi da bozetarako deialdia.
Bost transferentzia falta dira Gernikako Estatutua betetzeko: Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa —pentsioen kudeaketa eta langabeziari lotutako prestazioak—, portuak, paradoreena, finantza eta bankuak, eta udal hauteskundeen araubidea. Ubarretxenak Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azpimarratu du hamalau transferentzia lortu dituztela orain arte.