Jaurlaritzak Falangearen hiru mobilizazio debekatu zituen 2008an

Hispanitatearen Egunarekin lotutako bi deialdi debekatu zituzten, eta urriaren 25eko bat baimentzea erabaki zuten auzitegiek, Falangeak debekuari helegitea jarri ostean.

2008an Jaurlaritzak debekua eskatu ostean auzitegiek baimendutako Falangearen elkarretaratze bat babesten Ertzaintza, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
2008an Jaurlaritzak debekatzeko eskatu ostean auzitegiek baimendutako Falangearen elkarretaratze bat babesten Ertzaintza, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 20a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak —gaur egungo Segurtasun Sailak— Falangeak Hispanitatearen Egunaren harira deitutako bi ekitaldi debekatu zituen 2008an: bata Gasteizen, eta bestea Bilbon, eta beste bat ere debekatzeko eskatu zuen, urte hartako urriaren 25erako deitutakoa, Gernikako Estatutuaren urtemugarekin lotutakoa. Honako hau argudiatu zuen Javier Balza buru zuen orduko Barne Sailak: ordena publikoaren kontrako istilu larriak egoteko aukera, talde horrek antolatu izan dituen beste ekitaldi batzuetan gertatu izan zen moduan. Horrenbestez, debekua eska dezake Eusko Jaurlaritzak, orain arte zenbait agintarik esan dutenaren kontra. Iragan Hispanitatearen egunean Gasteizen izandako oldarraldien harira sortu da ika-mika.

Espainia ta Askatasuna lelopean deitu zituzten urriaren 12ko biak; Espainiako batasuna ez da bozkatzen, ezta negoziatzen ere lelopean, 25ekoa. Falangeak helegitea aurkeztu zuen debeku haien kontra, eta auzitegiek azkenean baimendu egin zuten urriaren 25ekoa. 2008ko urriaren 25 hartarako hainbat ekitaldi zeuden antolatuta. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela, auzitegiek atzera bota berri zuten estatutu berrirako proposamena. Testuinguru hartan, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek deituta hainbat mobilizazio egin zituzten, Euskal Herria bakea bai. Erabakia bai lelopean. Bestalde, ezker abertzaleak batzeko deia egin zien independentistei, 1979ko estatutua agortutzat jota. PSE-EEk, berriz, Gernikako Estatutua eguneratzeko ekitaldia egin zuen Bilboko Guggenheimen, Patxi Lopez idazkari nagusi zela. Testuinguru hartan deitu zuen Falangeak elkarretaratzera.

EAEko Auzitegi Nagusiak Barne Sailaren erabakia atzera bota zuen, eta eskuin muturreko alderdiari baimena eman zion elkarretaratzea egiteko urriaren 25 hartan, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek antolatua zuten tokitik gertu, Gasteiz erdigunean. Auzitegiak ebatzi zuen manifestaziorako eskubidea urratzen zela debekatuz gero.

Aurrekariak badaude

Horrenbestez, aurrekariak badaude, eta Eusko Jaurlaritzak eskatu izan du Falangearen ekitaldiak debekatzeko, gaur egungo zenbait arduradun politikok esaten dutenaren kontra. Izan ere, Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko eledunak berak gaur bertan zera esan du Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Falangearen manifestazioak ezin direla debekatu. «Nire esku balego, Falangearen manifestazioa debekatu egingo zen, eta ongietorriak ere bai». Urteak dira jada euskal presoei ongietorririk egiten ez zaiela. Dena den, Diez Antxustegik biak batu ditu, eta gaineratu du ezin direla debekatu; izan ere, «legeak daude tarteko, oinarrizko eskubideak, eta erakundeek zaindu egin behar dituzte horiek guztiak».

Gehitu du bere alderdiak ez duela gustuko Falangea Gasteizen kontzentratzea: «Txoritzarra banderan daukaten jendilaje horren manifestazioak debekatzea nahiko nuke, baina ezin da». Azaldu du Falangea legeztatua dagoela eta elkarretaratze bat egiteko asmoa zuela jakinarazi zuela; beraz, horretarako eskubidea zuela. Eta haiei aurre egitea ere gaitzetsi du: «Jendilaje horri politikaren bidez erantzun behar zaio, demokraziaren bidez, modu baketsuan, inolaz ere ez indarkeriaren bidez».

Izan ere, indarkeriaren bidez erantzunez gero, indarkeria arma politiko gisa erabiltzeko aukera ireki litekeela uste du. «Hemen gai etiko bat dago: indarkeria ez da modua jende horri erantzuteko». Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk ekimen bateratu bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean indarkeria «ekinbide politiko gisa» erabiltzea gaitzesteko.

«Zergatik da legezkoa?»

Hala eta guztiz ere, Falangearen legezkotasunari buruzko eztabaida irekitzeaz mintzatu da: «Zergatik da legezkoa demokraziaren hain kontrakoa den alderdi bat?». Ildo horretan mintzatu zen Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakaria Deia egunkarian egindako elkarrizketa batean. Haren hitzetan, «Alemanian pentsaezina izango litzateke Falangea legezkoa izatea, haien historia diferentea delako eta erregimen nazia garaitu egin zutelako».

Diez Antxustegiren irudiko, Ertzaintzaren kontrako kritiken atzean zera dago, zenbaitek Ertzaintzaren lana deslegitimatu nahi izatea. Zera esan du: «Ez zaie gustatzen Ertzaintza, ez orain, ez duela hogei urte». Eta Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiari galdetu dio zein Ertzaintza eredu proposatzen duten.

Joan den urriaren 12an eskuin muturrak egitekoa zuen ekitaldia eragotzi asmo zuten hainbat pertsona elkartu ziren Gasteizen, eta istiluak sortu ziren. Ertzaintzak hemeretzi pertsona atxilotu zituen. Iluntzean guztiak aske utzi zituzten, eta auzibideak ireki zizkieten. Hainbat zauritu izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.