U12 jazartuak. Inpunitaterik ez lelopean, dozenaka herritarrek gaitzetsi egin dute Ertzaintzak urriaren 12an Gasteizen izandako «jarrera bortitz eta arduragabea»: «Gertatutakoa ezin dugu onartu, eta jendarteak horren berri izan behar du». Izan ere, haien arabera, polizien oldarraldiaren eraginez, Falange Espainolaren elkarretaratzearen kontra protestan ari ziren 30 lagun inguruk osasun arreta behar izan zuten. Hala, Segurtasun Sailari exijitu diote barne ikerketa bat irekitzea, eta han ziren antifaxisten kontra irekitako auzia artxibatzea.
Ikusi gehiago
Gertatutakoa larria da, Gasteizko Foru plazan elkartu direnen esanetan, eta, beraz, beharrezkoa da hala euskal gizarteak nola instituzioek erantzun bat ematea. «Gure herriak ez du horrelakorik merezi, eta guztion erantzukizuna da kontzientzia sortzea eta bortizkeria hori fronte guztietan salatzea», adierazi dute.
Izan ere, agerraldian esan dutenez, Ertzaintzak igandean izandako jarrera onartezina da: «Herritarrak lurrean zeudela jipoitu zituzten, buruan eta aurpegian makilekin joz; gomazko pilotak burura eta aurpegira jaurti zituzten, eta jendea harrapatu zuten furgonetekin». Eta jardun horren balantzea ere egin dute: adierazi dutenez, dozenaka lagun zauritu dira. Haien datuen arabera, 30 lagunek behar izan zuten osasun arreta: esan dute hainbat hezur haustura izan direla, tartean masailezur haustura bat ere bai, pertsona batek begietako traumatismo larri bat izan duela, eta beste hainbat lagunek, berriz, ekimosiak.
Horietako bat da Aritz Ibarra. Hurbiletik jaurtitako foam pilota baten ondorioz, hortz bat erori zaio, beste bi galtzeko zorian ditu, eta ahosabaia mugituta dauka. Hain zuzen, Ertzaintza lanean ari da argitzeko hor zer gertatu zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren arabera. Esan du ikertu egingo dutela indarkeria era «proportzionalean» erabili ote zen kasu horretan, eta halako ekintzetarako protokoloak bete ote ziren.
Gaur Gasteizen bildu diren lagunen ustez, ordea, argi dago: «Ez zitzaien axola haien ekintzek zein ondorio latzak izan zitzaketen». Gainera, horien ordezkariek gehitu dute balitekeela lehen balantzeak ondorioen parte bat baino ez islatzea, hainbat lagunek uko egin baitzioten igandean osasun arta jasotzeari, zer gertatuko ote zen beldur: «Ospitalera asistentzia eske zihoazenak atxilotzen eta identifikatzen aritu baitziren».
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari exijitu dio Ertzaintzan barne ikerketa bat abiatzea, «gehiegizko arduragabekeriak eta indarkeriak ondorioak izan ditzaten». Izan ere, salatu dute ertzainak ez zirela liskarra eragozteko edo herritarren segurtasuna babesteko mobilizatu, «baizik eta ahalik eta kalte larriena eragiteko». Eta, are, poliziei leporatu diete «talde faxistekin batera» mobilizatu izana horretarako.
Egoera «nahasgarria»
Edonola ere, Ertzaintzaren oldarraldiek eragindako kalte fisikoez bestelako auziei ere erreparatu diete, eta ezinbestekotzat jo du protestan aritu zirenen kontrako auzia artxibatzea. Oraingoz, hemeretzi lagun atxilotu dituzte igandeko istiluei lotuta —denak igandean bertan—, eta falangisten elkarretaratzearen kontra protesta egitera joandakoak dira guztiak.
Horren harira, ETB1en egindako elkarrizketa batean, Zupiriari galdetu diote ea zergatik ez zuten atxilotu Falangeko kiderik igandean, eta hark erantzun du egoera «oso nahasgarria» eta «kudeatzeko oso zaila» izan zela: «Erabaki batzuk hartu ziren, eta lehena zera izan zen, herritarren segurtasuna bermatzea plazan zeuden istiluei aurre eginda».
Hain zuzen, oraingoz, espediente bat ireki dute Falangeko kideen kontra; zehazki, elkarretaratzea antolatu zuenaren kontra. Ertzaintzaren arabera, leporatu diote elkarretaratzea egiteko baimen eskaeran adierazitako baldintzak ez betetzea, eta «ustez Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ez betetzea». Halere, Zupiriak adierazi du espediente gehiago irekiko dituztela elkarretaratze hartan zeudenen kontra, «zenbait portaera» direla medio.
Faxistak eta antifaxistak
Eusko Jaurlaritzak eta EAJk eutsi egin diete manifestari antifaxisten kontrako adierazpenei. Zupiriak adierazi du «jarrera totalitarioa» izan zutela, eta indarkeria erabili zutela: «Hori ere faxismoa da». Hala, Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea bat etorri da Zupiriarekin. Hark «euskal faxistatzat» jo zituen Falangearen kontra protestan joandakoak.
EAJren BBBko presidente Iñigo Ansolak, berriz, EH Bilduk auzi horren inguruan duen «pasibotasuna» hizpide hartuta, koalizio subiranistari eskatu dio «bere Falange propioaz kezkatzeko», manifestari antifaxistei erreferentzia eginez.
EH Bilduko Programa idazkari Nerea Kortajarenak, bestalde, txarretsi egin du ikuspegi hori, «hutsegite politiko larritzat» baitauka «faxistak eta haiei aurre egin zieten antifaxistak» maila berean jartzea. Euskadi Irratian, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez zuela baimendu behar elkarretaratzea; are, gaineratu du horretarako tresnak badaudela, eta hizpidera ekarri du koalizioak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamena. Kortajarenaren esanetan, proposamen horren xedea da modua da halakorik berriz ez gertatzeko, eta EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoarena, berriz, «haizagailua piztu eta fokua beste nonbait jartzea».