Jaurlaritzak itxitzat jo du gobernu bazkideen arteko ika-mika: «Zaratak ez gaitu nahastuko»

EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasunak hizpide izan dituzte gobernu bileran, eta tentsioa baretzearen alde egin dute bi aldeek.

Denis Itxaso, Maria Ubarretxena eta Nerea Melgosa, gaur, gobernu bileraren osteko agerraldian. IREKIA
Denis Itxaso, Maria Ubarretxena eta Nerea Melgosa, gaur, gobernu bileraren osteko agerraldian. IREKIA
aitor biain
2026ko otsailaren 17a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren eta PSE-EEren arteko ika-mika Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseilura heldu da gaur, lehendakariak eta sailburuek asteartero egiten duten bilerara alegia. Gai zerrendan ez zegoen bi gobernu bazkideen arteko desadostasunen ingurukorik, baina azken egunetan xextrak izan duen oihartzuna ikusita, nahiko argi zegoen gaia hizpide izango zutela, ateak itxita besterik ez bada ere. Tentsioa jaistearen alde egin dute bi aldeek, eta mezu hori zabaldu du Maria Ubarretxena gobernu bozeramaileak ondoren prentsaren aurrean ere: «Zaratak ez gaitu nahastuko».

Ubarretxenak berak adierazi du gaia gobernu bileran landu dutela. Ondoan zuen Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu sozialista, baina hark ez du adierazpenik egin nahi izan horri buruz galdetu diotenean. Gobernuaren bozeramaileak, ohi bezala, tonu adeitsuan hitz egin du, eta alderdien arteko xextratik aldendu nahi izan du Jaurlaritza. Adierazi du gobernuak baduela bere «bide orria», eta zaratak ez duela bide horretatik aldenduko. «Zaratak ez ditu soluzioak ematen, eta gu soluzioak bilatzeko gaude; hori da gure jarduna».

Bi gobernu bazkideen arteko krisia itxitzat jo nahi du horrela Jaurlaritzak, nahiz eta alderdietako buruzagien artean desadostasunak oraindik agerikoak diren. Eta horren isla dira, hain justu ere, sozialisten buru Eneko Anduezak gaur bertan egindako adierazpenak. PSE-EEko idazkari nagusiak Aitor Esteban jeltzaleen buruari egotzi dio giroa nahastu nahi izatea, Denis Itxaso sailburuak «marra gorria gurutzatu» zuela esan zuelako.

Anduezaren arabera, Estebanek adierazpen horiek egin zituenerako, Pradalesek eta Itxasok konponduak zituzten elkarren arteko desadostasunak, Donostian eraiki beharreko etxebizitzen inguruan izandakoak. «Gatazka hori konponduta, itxita eta argituta zegoen, eta ez du zentzurik adierazpen horiek egiteak», esan du. «Aitorren gauzak dira». Eta azpimarratu du Estebanen hitzek tentsioa areagotu besterik ez dutela egin: «Ez dakar ezer onik halako adierazpenak egiteak».

Era berean, jeltzaleei esan die xextraren errua Alderdi Sozialistari egoztea «erraza» dela, baina hori «argudio sinplea» dela, eta gogorarazi die instituzio nagusietan haien bazkide badira ere sozialistek «eskubide osoa» dutela desadostasunak adierazteko. Luzea da jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunen zerrenda: euskara, estatusa, etxebizitza, AHTaren ibilbidea, Pasaiako portua, Ayesa... Eta ikusteko dago gehiago ere etorriko ez ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.