Jaurlaritzak medikuei egindako proposamenak «desberdintasun profesional bidegabea» ezar dezake, UGTren ustez

Mahai sektorialetik kanpo «isilpean» aritzea egotzi die sindikatuak Osasun Sailari eta SMEri, eta langileen baldintzak negoziatzeko «organo legitimo bakarra» saihestea.

24 orduko guardiak desagertzea eta estatu propio bat ezartzea eskatzen ari dira, besteak beste, osagileak greban. ARITZ LOIOLA / FOKU
24 orduko guardiak desagertzea eta estatu propio bat ezartzea eskatzen ari dira, besteak beste, osagileak greban. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko uztailaren 18a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo iragarri zuen akordio proposamen bat aurkeztuko diela Osakidetzako medikuei asteleheneko mahai sektorialean, baina UGT sindikatuak ez du onera hartu. Ohar bidez ohartarazi du mahai sektoriala utziko duela Osakidetzan «desberdintasun profesional bidegabea» ezartzen bada. Izan ere, proposamena SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin adostu du Jaurlaritzak, aldebiko hainbat bilera egin ostean; hala, UGTk egotzi die «isilpean» aritzea, eta langileen baldintzak negoziatzeko «organo legitimo bakarra» saihestea mahai sektorialetik kanpo jardunda.

Espainiako Osasun Ministerioak sustatutako estatutu berria babestu duten sindikatuetako bat da UGT, eta, beraz, ez da bat egiten ari osagileen grebarekin. Hain zuzen, medikuentzako estatutu propio bat eskatzen ari dira lanuzteetan, eta, UGTko Osasun arduradun Jasone Perezen aburuz, Jaurlaritzaren proposamenak «medikuen ezkutuko estatutu bat» onartzea ekar dezake, eta, horrekin batera, «pribilegiozko tratua» ematea osagileei: «Euskal osasun sistema de facto zatikatzea litzateke».

Bide horretan, Perezek adierazi du azken urteetan Osakidetzako langile guztiek galdu dutela erosahalmena, eta Alberto Martinez Osasun sailburuari aurpegiratu dio bakarrik osagileen baldintzak hobetzen saiatzea eta, are, SME hartzea medikuen lan baldintzak negoziatzeko «solaskide baliagarri bakartzat». Estrategia hori txarretsi du sindikatuak, «sistema publikoaren barruan lehen eta bigarren mailako baldintzak ezartzen» dituelakoan: «Osakidetzak ondo funtzionatzeko, kategoria profesional guztien elkarlana behar da». Hala, UGTk ohartarazi du Jaurlaritzak eta SMEk adostutako proposamena mantentzen bada mahai sektoriala utziko duela eta beste sindikatu batzuekin aztertuko duela zer neurri hartu «plantilla osoaren ekitatea, kohesioa eta duintasuna bermatzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA