Hedabideen bidez izan du autoaren berri, eta oraindik edukia irakurri gabe zuela agertu da hedabideen aurrean balorazioa egitera. Baina, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, «oso berri ona» da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki izana ez duela aztertuko EAEko Euskal Enplegu Publikoaren Legeko hizkuntza eskakizunen derrigortasunaren konstituzionaltasuna: «Ez da kolokan jartzen esfortzu handiarekin eta adostasun zabalarekin eraiki dugun eredu hau».
Ikusi gehiago
Duela urte bi onartu zuen Eusko Jaurlaritzak indarrean dagoen dekretua, sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzea helburu duena. PPk eta Voxek haren aurkako helegitea ipini zuten, eta, ezer ebatzi aurretik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, erabaki zezan ea 187.5 artikulua, hizkuntza eskakizunena, konstituzionala den edo ez. Auzitegi Konstituzionalak ez du tramiterako onartu Auzitegi Nagusiaren galdea. Autoaren arabera, Auzitegi Nagusiak ez du behar bezala justifikatu zergatik den beharrezkoa Auzitegi Konstituzionalak artikuluaren konstituzionaltasunaz iritzia ematea Auzitegi Nagusiak auzia epaitu ahal izateko. Beraz, orain Auzitegi Nagusiak ebatzi beharko du PPk eta Voxek ipinitako helegiteen inguruan, konstituzionaltasunaren auzia albo batera utzita.
Bengoetxeak «lasai» dagoela esan du, eta gogoratu du duela aste batzuk Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EAJren proposamena onartu zutela Eusko Legebiltzarrean, lan eskaintza publikoei «segurtasun juridiko are handiagoa» emateko, lanpostu horietara aurkeztuko diren herritarrei «exijentzia handiagoa ipini barik». Orain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokio lege hori garatuko duen dekretua lantzea, eta horretan dabiltzala esan du sailburuak. Aurreko dekretua bezala, lege moldaketa hori ere auzitara eroateko asmoa iragarri zuten hainbat alderdik, baina alde horretatik ere «lasai» dago Bengoetxea: «Proportzionaltasuna aipatzen du, eta irizpideak jartzen ditu, segurtasun handiagoa emateko».
«Badirudi gizarteak uste duela erakunde bakoitzak nahi duena egingo duela, baina ez da horrela: legean proportzionaltasuna eskatzen da, hiru irizpidetan oinarrituta»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua
Bide batez, herritarrei mezu bat bidaltzeko ere aprobetxatu du sailburuak, iruditzen baitzaio pentsamendu «oker bat» zabaldu dela: «Badirudi gizarteak uste duela erakunde bakoitzak nahi duena egingo duela, baina ez da horrela: legean proportzionaltasuna eskatzen da, hiru irizpidetan oinarrituta: leku bakoitzeko egoera soziolinguistikoa, zer lanpostu mota den, eta erakunde bakoitzaren normalizazio prozesuan zer plan dagoen». Ohartarazi du «pertsona guztien eskubideak» bermatzen dituela legeak, «eskakizun jakin batzuk izan barik deialdietara aurkezteko aukera» egongo delako.
«Bultzada»
Antzekoa izan da beste erakunde batzuen balorazioa ere. Esaterako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek uste dute Auzitegi Konstituzionalaren autoak «berretsi» egiten duela hizkuntza normalizatzeko estrategia. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek uste du erabakiak «segurtasun juridikoa» ematen duela «euskara babesteko eta herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko».
Hala ere, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailea tentuz agertu da, eta gogoratu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak oraindik ere «legeari eragiten dioten hainbat gai» aztertu behar dituela, eta haren erabakiek «hizkuntza normalizazioaren egunerokoari eragin» diezaioketela.
Erakundeetatik kanpo, EAJko legebiltzarkide Markel Olanok gogoratu du alderdi horrek «behin eta berriz» esan duela ez zegoela arrazoi juridikorik Espainiako Auzitegi Konstituzionalari hizkuntza eskakizunen konstituzionaltasunaz galdetzeko. Are gehiago, uste du atzo zabaldutako erabakiak «bultzada» ematen diola azken hamarkadetan administrazio publikoan «euskararen normalizazioa sostengatu duen markoari».
Jeltzaleek espero dute Auzitegi Konstituzionalaren «babes» horrek eta Eusko Legebiltzarrak onartutako lege aldaketak lagunduko dutela sektore publikoa euskalduntzeko sistemak dituen «mehatxuak» desagerrarazten: «Bada garaia gure hizkuntzaren inguruko zalantzak atzean uzteko eta euskarari eta gure hiritarrei kalte egiten dien dinamika judizialetik aldentzeko». Era berean, salatu dute USaPeko auzia dela-eta «hainbat arlotan» euskara «elementu baztergarri edo osagarri» gisa aurkeztu dela.
«Oso berri ona da administrazioan euskararen egiazko berdintasuna defendatu dugunontzat eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko erabakimena dugunontzat», adierazi du sare sozialetan Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak ere. Hark, baina, gehitu du euskararen kontrako oldarraldia ez dela eten, eta lanean jarraitu behar dela euskararentzat «estatus juridiko berri bat» ezartzeko.
PSE-EEk, berriz, «normaltzat» jo Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. Pau Blasi alderdiko Euskara idazkariak gogoratu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren galderaren berri jakin zenean ere sozialistek esan zutela euren ustez dekretua «konstituzionala» dela. Azpimarratu du epaitegiek lan eskaintzen deialdiak indargabetu dituztenean erabakia ez dutela hartu legedia okerra delako, eskaera jakin horietako eskakizunak «gehiegizkoak» iruditzen zitzaizkielako baizik. «Sozialistok ez dugu zalantzan jarri 187.5 artikulua», nabarmendu du.
Sozialisten ustez, eztabaida beste bat da: «Arazoa ez dira hizkuntza eskakizunak, baizik noiz sartuko diren indarrean. 1989tik adostasun bat izan dugu, baina, EAJk eta EH Bilduk adostutako lege aldaketarekin, auzitan ipini da». Blasiri «deigarria» egin zaio «orain arte oldarraldi judizialaz» berbetan ibili direnak «gaur epaileen erabaki bat ospatzen» ikustea.
«Auzitegi Konstituzionalak ez du adierazi hizkuntza profilen sistema egokia den ala ez; besterik gabe, ez du konstituzionaltasun zalantzarik azaldu»
ELA sindikatua
ELA sindikatuak ere «zuhurtzia» eskatu du, eta Bizkaiko Diputazioaren bozeramaileak agertutako kezka bera erakutsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak har ditzakeen erabakien inguruan. «Auzitegi Konstituzionalak ez du adierazi hizkuntza profilen sistema egokia den ala ez; besterik gabe, ez du konstituzionaltasunaren gaineko zalantzarik azaldu». Sindikatuaren ustez, egungo eredua ez da egokia: «Ez du bermatzen langileok euskaraz lan egin ahal izatea eta herritarrek euskarazko arreta jasotzea».
Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen araudia eskatu du ELAk, eta langile guztiak «progresiboki» euskalduntzeko baliabideak bermatzeko beharra azpimarratu du. «EAJk bultzatutako eta EH Bilduk abstentzio bidez onartutako Enplegu Publikoaren Legearen azken aldaketak euskaldunen diskriminazioa iraunaraziko du», txarretsi du sindikatuak.