Hezkuntza greba

Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila «aldebakartasunez» jokatzen ari dela salatu du EH Bilduk

Hezkuntza itunaren jarraipen batzordea azken bi urteetan bildu ez izana deitoratu du Arresek, eta sindikatuei eskaintzeko ezer ez izatea egotzi dio sailburuari.

Ikoitz Arrese, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EH BILDU.
Ikoitz Arreseren artxiboko irudi bat. EH BILDU
inaut matauko rada
2025eko maiatzaren 7a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza alorreko sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila bihar dira elkartzekoak, sindikatuek datorren aste osorako deitua duten grebaren atarian negoziatzeko. Gaurkoan, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu Eusko Legebiltzarrean bildu dira, Hezkuntza Itunaren jarraipen batzordean, eta EH Bilduko parlamentari Ikoitz Arrese ez da pozik atera bileratik: azken urteetan Hezkuntza Sailak «aldebakartasunez» jokatu duela salatu du koalizio subiranistako ordezkariak, eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari esan dio alderdi batzuk eta hezkuntza sektoreko beste hainbat eragile ez daudela gustura Pedrosak zuzentzen duen sailaren jokabidearekin.

Lehenik eta behin, Arresek deitoratu egin du Hezkuntza Sailaren konpromiso falta, azken bi urteetan ez baita bildu Hezkuntza Itunaren jarraipen batzordea; hala ere, azaldu du espero duela gaurko bilera eredu bat izatea elkarrizketa jarraituagoa izan dadin. Arreseren ustez, hezkuntza ez dago ondo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hezkuntzak 2025. urtean dituen erronkei eta «konplexutasunei» aurre egiten ari direnak soilik «kolektibo» konkretu batekoak direla esan du.

Pedrosak zuzentzen duen sailak proposamen garbirik ez duela ere uste du Arresek, eta hezkuntza sistemak baliabide gehiago behar dituela. Gai horrekin lotuta, sindikatuen eskakizunak asetzeko proposamenik ez izatea ere leporatu dio Arresek Hezkuntza Sailari, baita «berandu» ibiltzea ere. Hori dela eta, «propaganda eta aldebakartasuna» alde batera uztea eta negoziazioa serioski hartzea eskatu dio Pedrosaren taldeari.

Grebaren atarian

Datorren astelehenetik ostiralera greba egitera deitu dute EAEko hezkuntza sektoreko sindikatuek, eta horren aurretik, datorren larunbaterako, mobilizazioak antolatu dituzte, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Eskaera hauek dituzte sindikatuek: irakasleen aldarrikapenak entzutea —lan zamak arintzeko neurri zehatzak hartzea, langile taldea gaztetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea...— eta horiei erantzutea; eskola publikoetan baliabide eta inbertsio gehiago edukitzea; lanpostu publikoak egonkortzea eta bermatzea; eta eskola publikoa, euskalduna, feminista eta propioa bermatzea.

Sindikatuek salatu zuten ez zutela Hezkuntza Sailaren deialdirik jaso bildu eta greba bertan behera utz dezakeen akordio bat lortzeko, baina azkenean bihar elkartuko dira, negoziatzeko. Pedrosak jada esan du proposamen berri bat eramango duela bilerara, eta espero du akordio bat lortu ahal izatea. Sindikatuak, berriz, mesfidati dira, eta bermeak nahi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.