Sindikatuek salatu dute ez dutela Hezkuntza Sailarekin biltzeko deialdirik jaso

Gaur erregistratu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoko irakasleek datorren astean egingo dituzten grebak.

Steilasen, LABen, ELAren eta CCOOren ordezkariak, gaur greba deialdia erregistratu ostean, Bilbon. BERRIA
Steilasen, LABen, ELAren eta CCOOren ordezkariak, gaur greba deialdia erregistratu ostean, Bilbon. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 5a
14:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Astebete falta da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleen grebarako. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —Interinok Taldea ere batu da deialdira— gaur erregistratu dituzte maiatzaren 12tik 16rako lanuzteak. Kaleak hartzeko deia egitearekin batera, zera salatu dute: grebak iragarri zituztenetik, apirilaren 10etik, ez dutela jaso Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin biltzeko deialdirik.

Lan hitzarmen berria dute xede irakaskuntza publikoko irakasleek, orain indarrean dagoenak hamabost urte baititu dagoeneko. Hezkuntza Sailari zuzendutako eskaerak xehe-xehe zerrendatu dituzte: lan zama «gero eta handiagoak» arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea; langile taldeak gaztetzeko plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; lanpostu publikoak bermatzea eta egonkortzea, jaiotza tasa aitzakiatzat hartuta «aldebakarrez» erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusioak eta itxierak kontuan hartuta; hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duten hezkuntza politikak abiaraztea; lan osasuna zaintzea; berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak eta «kalitatezkoak» garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta formakuntzak ezartzea; eta azken urteetan «inposatutako atzerapausoak» kentzea. Eskaera sorta dute sindikatuek, baina, finean, hauxe da aldarrikatzen dutena, ohar bidez azaldu dutenez: «Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea».

Horretarako egin dute urte hasieratik bederatzi egunez greba, eta horretarako hartuko dituzte kaleak berriro ere datorren astean. Alta, salatu dute Hezkuntza Sailak ez duela negoziatzeko borondaterik. Sindikatuen irudiko, orain arteko lanuzteen bidez Hezkuntza Sailari «argi eta garbi» adierazi diote hitzarmen berria «orain eta hemen» negoziatzeko beharra, eta ziurtatu dute langileen ordezkariak horretarako prest daudela. Ordea: «Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu nahi izan badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak, xantaiak… Ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu, eta blokeoa luzatzen dabiltza».

Mobilizatzeko deia

Horiek horrela, kaleak hartzeko deia egin dute sindikatuek. Zehaztu dituzte manifestazioak non eta noiz izango diren: astelehenean, Bilbon; asteartean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen; asteazkenean, Donostian; ostegunean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen; eta ostiralean, Gasteizen. Mobilizazio guztiak 11:30ean hasiko dira.

Sindikatuen arabera, greba deialdiek orain arte irakasleen babesa ez ezik, hezkuntza komunitatearena ere jaso dute: «Grebak babestu eta aldarrikapenekin bat egiten duela adierazi du hezkuntza komunitateak». Hezkuntza komunitate osoak protesta egin dezan, beren-beregi hiru manifestazio antolatu dituzte larunbat honetarako: Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte; Donostiakoa 17:00etan izango da, eta Bilbokoa eta Gasteizekoa, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.