Jauzi Ekosoziala aurkeztu dute, «trantsizio ekosoziala» bultzatzeko eragile «transbertsala»

Zazpi hilabeteko eztabaida prozesuaren ondoren, forma eman diote mugimendu ekologistaren «tresna berriari». Indarrak artikulatzea du helburu, eta aurretik jardunean ari diren taldeen «borrokak osatzea».

Jauzi Ekosozialaren aurkezpena.
Jauzi Ekosozialak bere burua aurkezteko gaur goizean Eibarren egin duen agerraldia. RAUL BOGAJO / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 4a
16:03
Entzun

Euskal Herriko mugimendu ekologistak badu «krisi ekosozialari» aurre egiteko eragile berri bat. Jauzi Ekosozialak bere burua aurkeztu du gaur, Eibarko Untzaga plazan (Gipuzkoa) egin duen agerraldian. Nerea Zuluaga eta Hodei Rodriguez kideen esanetan, «larrialdi egoera bete-betean gaude», eta Jauzi Ekosozialak egoera horren neurriko «erantzun indartsu eta osatu bat» emateko beharrari erantzuten dio.

Azaldu dutenez, «justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea» da Jauzi Ekosozialaren helburu nagusia, eta, horretarako, «borroka kulturala» sustatuko du ahalik eta gizarte arlo gehienetan, herritarren atxikimendua lortu eta gehiengo sozialak eratzeko.

Hala, lehentasuntzat hartuko ditu «trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta gizarteratzea», ekologismoa modu transbertsalean lantzea «gainontzeko gizarte eragile eta borroka sozialekin», eta «alternatiba integral bizigarriak» proposatzea.

Jauzi Ekosozialak webgune bat sortu du, egitasmoaren berri emateko —www.jauziekosoziala.eus—. Han azaltzen du Euskal Herriko ekologismoak «jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat» egiteko sortu dela eragile ekologista. Hainbat kolektibok egiten duten ahalegina artikulatzea eta indarrak handitzea du helburu, egungo erronkari erantzun proportzional bat eman ahal izateko.

«Krisi ekosozialaren neurriari erantzun indartsu eta osatu bat eman ahal izateko, mugimendu ekologista handiago eta bateratuago baten falta zela-eta, hausnarketa prozesu bat abiatu zen Hego Euskal Herrian 2021. urtean».

NEREA ZULUAGA ETA HODEI RODRIGUEZJauzi Ekosozialeko kideak

Rodriguezek eta Zuluagak nabarmendu dute mugimendu ekologistak «tradizio luze eta emankorra» izan duela Euskal Herrian azken hamarkadetan. «Hala ere, mugimendu hori makroproiektu konkretuen aurkako borrokan sakabanatua egon da. Borroka horiek ezinbestekoak badira ere, krisi ekosozialaren neurriari erantzun indartsu eta osatu bat eman ahal izateko, mugimendu ekologista handiago eta bateratuago baten falta zela-eta, hausnarketa prozesu bat abiatu zen Hego Euskal Herrian 2021. urtean».

Bide horretan, 2022ko Ekotopaketak izan ziren «lehenengo mugarri nagusia». 500 lagun baino gehiago bildu zituen egitasmoak Portugaleten (Bizkaia), eta galdera batekin itxi zuten hausnarketarako saioa: euskal ekologismoak «tresna berri bat» behar ote zuen «martxan dauden hainbat talde ekologisten borrokak osatzeko. Baiezkoa erantzun zuten parte hartzaileen %97k.

Hala, Jauzi Ekosoziala dinamika aurkeztu zuten iazko urtarrilean. «Dinamika horren emaitza da orain aurkezten dugun eragile berria. Zazpi hilabeteko eztabaida prozesuaren ostean jaio da Jauzi Ekosoziala». Orain, kalera eraman nahi dute eratu duten tresna.

Barne eztabaidaren prozesuan eragileak izan beharreko ezaugarriak finkatu dituzte. Webgunean jasota agertzen dira Jauzi Ekosozialak printzipiotzat izango dituenak. Batetik, desazkundea aldarrikatzen du, «bizitza bizigarriagoak posible egiteko aukera» gisa, betiere «trantsizio justu baten eskutik», «bidean inor gelditu ez dadin». Herri burujabetzaren garrantzia nabarmendu du, «hartutako erabakiak gure baldintza ekologiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletarako egokiak izan daitezen». Horrez gain, eragileak antikapitalista gisa definitu du bere burua, kapitalismoa eta neoliberalismoa baitira, haren iritziz, «krisi ekologiko eta sozialaren erantzule». Haren alternatibarako, «bizitza guztiak erdigunean jarriko dituen zibilizazio bat» eratzea du xede, ekofeminismoan oinarrituta, eta bide baketsuak erabiliz soilik.

Hurrengo urratsak

Datozen hilabeteei begira, Jauzi Ekosozialak kanpaina bat abiatuko du udan, «gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez jokatzeko beharra» aldarrikatzeko. «Udan egiten ditugun kontsumo neurrigabeei alternatiba jasangarriak eskainiko dizkiegu».

Horretaz gain, eragilea Euskal Herriko lurraldeetan errotzeari ekingo diote. Gaur-gaurkoz, Jauzi Ekosozialak badu talde eragile bat, eta baditu kideak Euskal Herriko luze-zabalean ere, baina datozen hilabeteetan lurralde bakoitzeko talde egonkor bat eratzea da asmoa, baita pixkanaka eskualdetako taldeak sortzea ere.

Jauzi Ekosozialak «borroka ekosozialetan bat egitera» deitu ditu herritarrak, hurrengo urteak «erabakigarriak» izango direlakoan «iraupenerako». Eragilearen iritziz, «guztion bizitzak bizigarriak izan daitezen lanean eta borrokan ari direnekin elkarlana bultzatu behar dugu». Hori dela eta, jakinarazi du bat egingo duela Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Su Txikien Itsasoak maiatzaren 11rako Iruñean antolatu duten manifestazioarekin. «Eraldaketak hasia egon behar luke, eta gure hautua krisi ekosozialari kolektiboki erantzutea da», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.