Jauzia Gara zer jarduerak ardaztuko duten aurkeztu dute

Jaurlaritzak euskara suspertzeko ekinbide berriak aurkeztu ditu, elkarbizitzarako garrantzitsuak diren esparruetan eragiteko. Aurkezpena Barakaldoko BECen egin dute, hainbat alorretako berrehun ordezkariren aurrean. Lankidetzarako deia egin dute.

Pradales Jauzia Gara estrategia aurkezten, gaur, Barakaldoko BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Pradales Jauzia Gara estrategia aurkezten, gaur, Barakaldoko BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Barakaldo
2026ko azaroaren 4a
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, «aurrean dituen erronkei erantzuteko gaitasunaren araberakoa» izango da euskararen etorkizuna. Haren ustez, «ez dago erronka horiei bakarka erantzuteko gai den erakunde edo eragilerik». Horregatik, azpimarratu du bidea «elkarlanean eta erantzukidetasunean» eraiki behar dela. Pradalesek gaur aurkeztu ditu Jauzia Gara estrategiaren jarduera lerroak, Barakaldoko BECen egindako ekitaldi batean. 

Estrategia horren bitartez, euskararen erabilera sustatu nahi dute aisialdian, kirolean, hezkuntzan, lan munduan eta ingurune digitalean; baita etorkinen artean ere. Pradalesek azken hamarkadetan emandako aurrerapausoak aitortu ditu gaur; baina, aldi berean, ohartarazi du euskarak oraindik bere lekua lortu behar duela sozializaziorako eta elkarbizitzarako bereziki garrantzitsuak diren eguneroko esparruetan. Euskaraz bizitzeko benetako aukerak zabaltzeko helburuz, Jauzia Gara estrategiak belaunaldi berrientzat lehentasunezkoak diren esparruetan egingo ditu jarduerak.

Zubi bat

Aisialdiaren eta kirolaren esparruan, «euskarazko aisialdiaren mapa bat» jarriko du abian Jaurlaritzak, «dauden aukerak eta gabeziak identifikatzeko», eta Plazara programa ibiltaria sustatuko du udaletan. Gainera, ekinbide berriak garatuko ditu kirol klubetan euskararen presentzia indartzeko, «prestakuntzaren, tresna praktikoen eta federazio eta kirol entitateekin partekatutako konpromisoen bidez». 

14 urtetik 16 urtera bitarteko nerabeen artean euskararen irakaskuntza indartzeko programa espezifiko bat ere jasotzen du estrategiak. Ikastetxeekin eta HABErekin batera garatuko dute. 

«Gure esku dago; beraz, egin dezagun. Eman diezaiogun euskarari behar duen bultzada»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Lan esparruan, Lanera programa sustatuko dute. Horrek eskainiko ditu sektore eta enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako aholkularitza eta baliabideak, eta, aldi berean, sare bat sortuko du, euskara eguneroko jarduera profesionalean txertatzeko esperientziak eta praktika onak dituzten antolakundeekin. 

Era berean, Jauzia Gara estrategiak arreta berezia eskainiko die beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsonei. Ate Berriak egitasmoaren bidez, sarbidea erraztuko zaie euskara ikasteko baliabideetara. Gainera, lankidetza indartuko da udalekin eta gizarte eragileekin, hizkuntza izan dadin inklusiorako eta komunitatean parte hartzeko elementua. 

«Gure helburua da euskara ez izatea harresi bat, zubi bat baizik, Euskadira iristen direnak gure komunitatearen parte izateko beste modu bat izan dezaten», nabarmendu du Pradalesek. 

Gizarte osoari entzutea

Eusko Jaurlaritzak 2025eko ekainean ezagutarazi zuen euskararen erabilera sustatzeko estrategia berria, Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldi baten bitartez. Bada, Pradalesek eskerrak eman dizkie gaur urte eta erdi honetan lanean aritu diren pertsona eta erakunde guztiei, beren konpromisoagatik.

Pradales, ekitaldian parte hartu zuten guztiekin batera, gaur, Barakaldoko BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Pradales, ekitaldian parte hartu zuten guztiekin batera, gaur, Barakaldoko BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jauzia Gara estrategiaren zutabe nagusietako bat Euskararen Ahotsak da. Egitasmo horretan, aurreikusi dute seiehun elkarrizketa baino gehiago egitea, gizarteak hizkuntzarekin duen harremanari buruzko «mapa narratibo bat» eraikitzeko. «Euskara arrunki erabiltzen duten pertsonek, ikasi dutenek, ulertu arren ia hitz egiten ez dutenek, hizkuntzatik gertu sentitzen direnek eta hizkuntzekiko jarera kritikoak edo urrunagokoak dituztenek parte hartuko dute», zehaztu du Pradalesek. Helburua da dauden hizkuntza errealitate guztiak hobeto ezagutzea eta adostasun zabalagoak eta eraginkorragoak sortzea etorkizuneko erronkei aurre egiteko. 

Jauzia Gararen mugarri nagusia izango da 2027an Bilbon egingo duten III. Euskal Mundu Biltzarra. Topaketa hausnarketarako eta lankidetzarako nazioarteko gune bat izango da, ezagutzak zabaltzeko, esperientziak alderatzeko eta euskararen etorkizunerako oinarri komun berriak zehazteko. Hala ere, Pradalesek esan du biltzarra ez dela azken helmuga izango, ibilbide luzeko prozesu bateko mugarria baizik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA