Javier Lasagabaster hil da, frankismo osteko lehen Jaurlaritzako sailburu izandakoa

Carlos Garaikoetxea lehendakaria buru zuen gobernuan, Lurralde Politika eta Herri Lanetako sailburua izan zen. 93 urte zituen.

Javier Lasagabaster Ajuriaeneko sarreran, iazko ekainean, seme-alabekin. IREKIA
Javier Lasagabaster Ajuriaeneko sarreran, iazko ekainean, seme-alabekin. IREKIA
aitor biain
2026ko abuztuaren 17a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Javier Lasagabaster Etxarri gaur goizean zendu da, 93 urte zituela. Frankismo osteko lehen Eusko Jaurlaritzan Lurralde Politika eta Herri Lanetako sailburu izan zen, 1980tik 1984ra, eta bizirik geratzen ziren hiru kideetako bat zen. Carlos Garaikoetxea lehendakariak zuzendu zuen gobernu hark jarri zituen autogobernuaren oinarriak, eta egungo erkidegoaren ongizaterako ezinbestekoak diren azpiegiturak eraiki zituen. Sare hori egiten hasteko ardura bere gain hartu zuen Lasagabasterrek, hain justu ere.

Lasagabaster Pasaian jaio zen (Gipuzkoa), 1933ko urtarrilaren 5ean, baina Irunen bizi zen. Abokatua zen lanbidez, eta jardun horretan aritu zen harik eta Carlos Garaikoetxeak bere gobernuko kide izateko deitu zion arte. 46 urte zeuzkan orduan, eta bera zen hamalau kide zituen gobernu hartako zaharrenetakoa. EAJn hasi zuen bere ibilbide politikoa, baina alderdia zatitu zenean Eusko Alkartasunaren sorreran parte hartu zuen Garaikoetxearekin batera. Haren alaba Begoña Lasagabaster ere EAren ordezkaria izan zen Espainiako Diputatuen Kongresuan, hiru legealditan; sei seme-alabaren aita zen.

Sailburu gisa, lurraldea kohesionatzeko ardura izan zuen Lasagabasterrek. Hark adierazi zuenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa errepidez lotzeko agindu zion Garaikoetxeak; izan ere, garai hartan dena zegoen egiteko, bai antolaketa administratiboari, eta baita azpiegiturei zegokienez ere. «Jaurlaritzara iritsi ginenean, Estatuak ez zeukan Euskadirako proiekturik. Martxan zegoen apurrari heldu behar izan genion, nola edo hala Foru Aldundiek zerbait egiten baitzuten», adierazi zuen Lasagabasterrek iazko ekainean.

Hala, Lasagabasterrek zuzendu zuen sailaren koordinaziopean egin ziren, besteak beste, errepide sare nagusiak —tartean, Errontegiko zubia eta Bilbo Handia inguratzen dituztenak—, lehen saneamendu planak, irisgarritasuna hobetzeko legeak eta aurreneko bidegorriak. Hark esana da, hain justu ere, bizikletentzako bideen izena, bidegorri terminoa, berak asmatutakoa dela. Ez zekien euskaraz, baina Erresuma Batuan ikusi omen zituen tankera horretako bideak, eta, gorriak zirenez, izen hori jartzea proposatu zien saileko kideei.

Esker ona

Haren heriotzaren berri izan eta berehala, dolumin mezu bat kaleratu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Euskadiren zerbitzari aparta» izan zela nabarmen du duy, eta «urte gogor eta zailetan» egindako lana eskertu dio: «Eusko Jaurlaritza, euskal gizartea eta ni neu, lehendakari gisa, beti egongo gara eskertuta haren konpromisoagatik eta gure herriari egindako ekarpenagatik». Lehendakariak azpimarratu du, halaber, «maitasun handiz» gogoratuko duela hari eta Garaikoetxea buru zuen gobernuari iaz Ajuriaenean egin zioten omenaldia. 

Joan den urteko ekainean egin zuten omenaldi ekitaldia, diktadura osteko lehen gobernua eratu zela 45 urte bete ziren eta. Lasagabasterrekin batera, bertan izan ziren Pedro Luis Uriarte, Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoa, eta Pedro Miguel Etxenike, Hezkuntzakoa. Baita Carlos Garaikoetxea ere, zeina joan den maiatzean hil zen.

Ajuriaeneko ekitaldi hartan, hiru sailburuek txantxa eta anekdota artean gogoratu zituzten lehen Jaurlaritzaren garaiak, eta azpimarratu ohorea izan zela Garaikoetxearen gidaritzapean aritzea. «Inork ez dit Garaikoetxeak adinako ohorerik egin», adierazi zuen Lasagabasterrek orduan. 

EAJk ere dolumin mezua zabaldu du X sare sozialean. «Javier Lasagabaster zendu da, 1980-84 urteren bitartean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua zena. Doluminak senide eta lagunei. Goian bego», adierazi du. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA