KASeko kideak alfonbra gorrian ibili dira erosketa orgekin

Donostiako Zinemaldia egiten ari diren honetan, afari solidarioen aldekoek alfonbra gorri bat zabaldu dute Plaza Berrian, eta protesta egin dute Donostiako Udalaren debekuaren aurka.

KASek antolatutako protesta, Donostiako Plaza Berrian. JON URBE / FOKU
KASek antolatutako protesta, Donostiako Plaza Berrian. JON URBE / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 19a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiaren distiraren atzean hirian orbanez beteriko errealitateak badirela erakutsi nahi izan dute KASeko kideek gaur, Plaza Berrian protesta deigarri bat eginda. Migranteentzako janari beroa prestatzen duen taldekoek alfonbra gorri bat zabaldu dute Parte Zaharreko plaza nagusian, eta, Zinemaldiko alfonbra balitz bezala, han ibili dira erosketa orgekin, atzera eta aurrera. Zinemako izarrek ez, baina herritarrek zapaldu dute alfonbra hori beren orgatxoekin.

Ekintza horren bidez salatu dute Donostiako Udalak KASek egiten zituen afari solidarioak debekatu dituela, eta, gainera, udaltzainek zenbait pertsona identifikatu zituztela migranteei ogitartekoak banatzeagatik. Erosketa orgak ere atzeman zituzten orain aste batzuk, eta orga horiek sinbolo bihurtu dira dagoeneko.

Ez da KASek antolatutako lehen protesta. Leku berean, Plaza Berrian alegia, erosketa orga sinbolo nagusi bihurtu zen abuztuaren amaieran beste ekintza bat egin zutenean. Uztailaren 28an debekatu zien udalak kalean bizi direnei janaria banatzea. Harrezkero, erosketa orgak hartu eta kalean paseatuz ogitartekoak banatzen aritu dira.

Egoera «zentzugabea» dela salatu dute gaur ere. KASen arabera, gero eta zailagoa da udalaren jarrera ulertzea. «Erosketa orgatxo bat eramateak susmagarri egiten zaitu», adierazi dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA