Ehunka lagunek protesta egin dute Donostian, erosketa orgak eskuan

Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak deituta egin dute mobilizazioa. Kalerik kale ibili dira Parte Zaharrean, eta argi adierazi dute kalean bizi direnei ogitartekoak banatzea ez dela delitua.

Kaleko Afari Solidarioen aldekoek gaur Donostiako Plaza Berrian egin duten protesta. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kaleko Afari Solidarioen aldekoek gaur Donostiako Plaza Berrian egin duten protesta. ANDONI CANELLADA / FOKU
aitor biain
2026ko abuztuaren 27a
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Parte Zaharrean, KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak egindako deiari erantzunez. Erosketa orgak eskuan, kalerik kale ibili dira pasieran, protesta gisara, salatzeko Donostiako Udaltzaingoa jazartzen ari zaiela herritarrei, kalean bizi direnei janaria emateagatik.

Uztailaren 28an kalean bizi direnei janari banatzea debekatu zien Donostiako Udalak KASeko boluntarioei. Harrezkero, erosketa orgak hartu eta kalean paseatuz banatzen dizkiete ogitartekoak, eta azkeneko asteetan udaltzainek maiz identifikatu dituzte horretan ari ziren boluntarioak, eta erosketa orgak arakatu dizkiete. Ostiralean, lau lagun identifikatu zituzten beren ikasleei jana eskaintzeagatik —hizkuntza ere erakusten baitiete kalean bizi diren horiei—, eta aste honetan ere salaketa egin dute berriz: udaltzainen hiru patruilak trabatu egin dute janaria banatzen ari ziren lagun batzuen jarduna, Kristinaenea parkean, eta argazkiak ateratzea ere debekatu diete banaketan ari zirenei.

Egoera «zentzugabea» da, KASen arabera, eta gero eta zailagoa da udalaren jarrera ulertzea. «Erosketa orgatxo bat eramateak susmagarri egiten zaitu», gaitzetsi dute. Hori dela eta, identifikatutako boluntarioei elkartasuna adierazteaz gain, mezu argia zabaldu nahi izan dute gaur, erosketa orgak salaketa tresnatzat hartuta: ogitartekoak banatzea ez da delitua, ez eta inori jazartzeko arrazoia ere.

Protestariak Parte Zaharrean elkartu dira, beraz, 19:30 aldera. Hara eta hona ibili dira erosketa orgekin, talde txikitan, eta 20:00etan Plaza Berrian elkartu dira guztiak. Han ohartarazi dute gose denari janaria emateak ezin duela jazartzeko arrazoia izan, eta esan dute ez dutela amore emango eta afariak banatuko dituztela aurrerantzean ere.

«Afaltzea ez da delitua» eta gisako oihuak ere egin dituzte. Orgak zerura altxatu, ondoren plazaren erdian eseri, eta ogitartekoak janez amaitu dute mobilizazioa. EH Bilduko eta Elkarrekin-eko zinegotziek babesa adierazi diete.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA