Koldo Garcia: «Astakeriak eta gezurrak esan dira nire kontra, eta denborarekin frogatuko dut hori»

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, Garciak nahiago izan du ez erantzun. Haserretu egin da, UPNk egotzi baitio «Otegirekiko itunak babestea» ETAren biktimen «bizkartzain» aritu eta gero. «Ezin da esan Espainiaren interesak defendatu ez ditudala».

Ikerketa batzordea, eta atzean, pantailan, Koldo Garcia. IÑIGO URIZ / FOKU
Ikerketa batzordea, eta atzean, pantailan, Koldo Garcia. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2026ko martxoaren 11
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pantaila piztu da. Atzean Espainiako bandera bat dago, eta aurrean Koldo Garcia Uharteko (Nafarroa) zinegotzi ohia ageri da, txandal moreko jaka bat soinean duela, betaurrekoekin. Azaroaren 27tik Soto del Realgo espetxean (Madril, Espainia) da Garcia, eta handik bideokonferentziaz parte hartu du Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean. Auzi judizialean ikertua denez, isilik egoteko eskubidea aldarrikatu du, baina hasieran bere errugabetasuna defendatu du: «Astakeriak eta gezurrak esan dira nire kontra, eta denborarekin frogatuko dut hori; izan pazientzia».

Aste hasieran, espetxeko gimnasioan istripua izan zuen Garciak, eta Iruñera ez joateko eskaera egin zuen Espainiako Espetxe Erakundeen bidez. Ikerketa batzordeak onetsi egin zuen atzo proposamena, eta, ondorioz, gaur eguerdian pantailaren bestaldean agertu da, iragarritakoa baino bi ordu geroago.

Koldo Garcia izan zen Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiaren eta Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro izandakoaren konfiantzazko gizona. Parlamentariek Nafarroarekin lotutako kontuez galdetu nahi izan diote, baina ez du erantzun. Bi ordu eta erdi iraun du saioak.

Hasi aurretik eta amaieran, luze eta zabal mintzatu da bere burua defendatu nahian. Salatu du auzia «zirku politiko eta mediatikoa» dela, eta parlamentariei argi utzi nahi izan die «erratuta» daudela. «Ikasketa titulurik ez dudanez, pentsatu duzue ez dudala ezagutzarik. Nahastu egin zarete. Horrek ez du esan nahi ergela naizenik». 

(ID_15882562) ESPAÑA COMISIÓN INVESTIGACIÓN
Koldo Garcia bideokonferentziaz mintzatu da Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean. JESUS DIGES / EFE

Santos Cerdanek otsailaren 11n salatu zuen guztia operazio politiko hutsa dela, baina Koldo Garcia ez da hain urrun joan. Haren atxiloketa ikuskizun hutsa izan zen: 2024ko otsailaren 14ko gauean, hogei guardia zibil haren etxean oihuka eta indarka sartu ziren, esku argiak eta pistolak zeramatzatela. Gerora, atxiloketa Espainiako telebista kateetan agertu zen. Garciak gaur esan duenez, sei hilabete lehenago jakinarazi zuen poliziak segika zituela: «Eskatu nien ez egiteko halakorik, ez sartzeko etxean sartu ziren moduan, are gehiago behar zuten guztian lagunduko niela esan eta gero».

Poliziaren informatzaile izan ote den galdetu diote UPNk eta EH Bilduk, eta horren ondorioz grabatu ote zituen beste ikertuekin telefonoz izandako solasaldiak. Ez du erantzun. Amaieran iradoki du zenbait alderdik «helburu politikoak» dituztela auzi horretan, eta erdian harrapatu duela guztiak. «Okertu egin nintzen. Ez nuen pentsatu nire ingurukoei egindako min hori guztia egin zezaketenik. Uste nuen nigan jarriko zutela arreta. Nire alboan dauden eta honekin guztiarekin zerikusirik ez duten pertsonen bizitzak suntsitu dituzte». 

Hala, hasieran zein amaieran, «lasaitasuna eta pazientzia» eskatu ditu. «Guztia jakingo da», adierazi du hainbat aldiz. Esan duenez, kezka bakarra du orain: epaileen aurrean errugabea dela frogatzea. «Imajina ezazue, orain espetxean nago deliturik egin dudala frogatu ez duten arren. Dena den, denbora dut, eta esaten dudana egia dela frogatuko dut».

Iraganaz harro

UPNko Javier Esparzak itaunketa luzea egin dio, eta amaieran, eztabaida bat izan dute biek. UPNko eledunak esan dio ez duela ulertzen nola nola babesten dituen «ezker abertzalearekin eta Otegirekin egindako akordioak» ETAren biktimen «bizkartzain» lanetan aritu eta gero. Barrezka hasi zaio Garcia, bere iraganaz harro. «Ezin da esan Espainiaren interesak defendatu ez ditudala. Hori zeuk ere ez duzu sinesten». Azalpen hori etengabe errepikatu du. Kartzelan bere ideiengatik ote dagoen galdetuta, Garciak zera erantzun du: «Gauzak frogatu egin behar dira». 

Adolfo Araizen galdeketan ez du ahoa ireki. Dena den, EH Bilduko parlamentariak gogora ekarri dio 1991ko maiatzean beste bi bizkartzainekin Arangurengo bailarako gazte bat jipoitu zuela borrekin, eta bi urteko espetxe zigorra ezarri ziotela horregatik. Era berean, gogoratu duenez, PP gobernuan zela, Espainiako Barne Ministerioak indultua eman zion, eta 2018an Guardia Zibilaren meritu domina bat jaso zuen. «Jakin nahiko genuke Guardia Zibilaren kolaboratzaile izan ote zaren, eta zer ondorio izan duen horrek egin diren grabaketa guztietan». 

«Ezin da esan Espainiaren interesak defendatu ez ditudala. Hori zeuk ere ez duzu sinesten»

KOLDO GARCIA  Uharteko zinegotzi ohia

Isilik jarraitu du Garciak. Geroa Baiko Pablo Azkonari eskerrak eman dizkio galderen tonua dela eta, eta Zurekin Nafarroako Miguel Garridori erantzun dio damu dela galderei ezin erantzuteaz.

PPko Javier Garciak galdera sorta egin dio, eta Koldo Garciak amaieran ihardetsi dio hark edo bere gertuko batek ezagutzen duela. «Iruñea txikia da, Gorraitz ezagutzen duzu». Voxeko Emilio Jimenezen kasuan ere nabaritu da elkar ezagutzen dutela. «Mundu hau utzi aurretik agian lortuko dut zurekin berriro egotea, eta agian lortuko dut zu konbentzitzea, edo zuk ni». Barrezka amaitu dute biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA