Kolektibo bat sortu dute haur elbarrituen laguntzaileen «eskasia larria» salatzeko

Ipar Euskal Herriko irakaskuntza katolikoko gurasoen eta irakasleen elkarteek, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Chrysalide elkarteak sortu dute.

AESH laguntzaileen aldeko kolektiboa, Baionan, urriaren 24an. BERRIA
AESH laguntzaileen aldeko kolektiboa, Baionan, urriaren 24an. BERRIA
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko urriaren 24a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Serioski eta tonu apalez mintzatu da Jerome Gaillard, irakaskuntza katolikoko irakasleen elkartearen izenean. Izan ere, AESH laguntzaileak arduratzen dira haur elbarriei laguntzeaz, eta, haren erranetan, «badu urte bat dimititu, erretretara joan edo eri diren AESH laguntzaileak ez direla ordezkatzen». Horri gehiturik ez dela gehiago laguntzailerik kontratatzen. Errate baterako, ikastetxe katolikoei doakienez, Hazparne inguruan hamazazpi laguntzaile dira 40 ikaslerentzat. Eremu horretan AESH laguntzaile batek zazpi haur ditu bere gain; Gaillardek uste du «ahalkegarria» dela.

Haur elbarrituen laguntzaileen «eskasia larria» salatzeko, kolektibo bat aurkeztu dute gaur arratsaldean irakaskuntza katolikoko irakasleen eta gurasoen elkarteek, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Chrysalide elkarteak. Peio Dufau EH Baiko diputatua eta Daniel Oltzomendi Euskal Elkargoko lehendakariordea ere hor izan dira haur elbarrituen akonpainamendu faltaren inguruan ohartarazteko.

«Badu urte bat dimititu, erretretara joan edo eri diren AESH laguntzaileak ez direla ordezkatzen»

JEROME GAILLARD Irakaskuntza katolikoko ordezkaria

Paradigma aldaketa bat galdegin du kolektiboak: haur elbarrituen laguntzaileen berehalako ordezkapena galdegin dute kideek, baina ontsa azpimarratu dute ez lukeela horrek eskasia orokorra konponduko. Horrez gain, «egiazko» formakuntza ukan behar dute AESH laguntzaileek, baita irakasleek ere, haur elbarrituek behar bezalako akonpainamendua ukan dezaten. Hor aitzina nola egin aztertzeko asmoz, hainbat arlotako profesionalen arteko topaketak antolatuko dituzte, haur elbarrituen beharrak behar bezala betetzeko baldintzak zerrendatzeko. «Guraso elkarteak, medikuntza arloko profesionalak, irakasleak eta hainbat eragile nahi genituzke bildu proposamenak egiteko eta gogoetatzeko», gehitu du Gaillardek.

Egoera larriagoa Seaskan

Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza zuzendariak nabarmendu du Frantziako Estatuak inklusiorako urratsak ez dituela praktikan egiten. Izan ere, MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak familia bati jakinarazpena eman bezain laster, ikasle elbarrituak laguntza berehala jaso beharko luke, eta ez da hala gertatzen. Beraz, 2005eko Elbarritasun Legeak agintzen duen laguntza ukaiteko oinarrizko eskubidea urratzen duela nabarmendu du.

Laguntza eskasiari aurre egiteko Seaskako Integrazio Batzordeak bere gain hartzen du ikasleei laguntza eskaintzea, eta, beraz, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ematen ez dituen baliabideak estali behar ditu. «Ahalak eta bi» eginez ere, Integrazio Batzordea egoera prekarioan da. Frantziako Hezkuntza Ministerioari inklusiorako urratsak bete ditzala galdegin dio. «Larrialdia hor da. AESH laguntzaileen ordezkapenak behar dira, formakuntza antolatu behar da, baina irakasleen formakuntza ere behar dugu ikasle elbarrituei harrera duinki egiteko eta zinezko eskola inklusiboa nahi badugu».

«AESH laguntzaileen ordezkapenak behar dira, formakuntza antolatu behar da, baina irakasleen formakuntza ere behar dugu ikasle elbarrituei harrera duinki egiteko eta zinezko eskola inklusiboa nahi badugu»

EGOITZ URRUTIKOETXEA Seaskako hezkuntza zuzendaria

Bertzalde, sare katolikoa baino egoera larriagoan da Seaska irakasle berezitu postu bat bera ere ez diolako Frantziako Hezkuntza Ministerioak esleitu. «Badu hiru urte negoziatzen entseatzen ari garela Hezkuntza Ministerioarekin, baina ez digute deus ematen».

Urrunago joan da Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kidea. Erran du laguntzarik gabe gelditu diren familiek Frantziako Hezkuntza Ministerioa auzitara emanen dutela. «Auzitegi Administratibora joko dugu, eta Integrazio Batzordeak gurasoak bururaino akonpainatuko ditu: ez dugu etsiko».

Peio Dufau EH Baiko diputatuak, berriz, AESH laguntzaileen lan baldintza ezin okerragoak deitoratu ditu. «Ez dute gutiengo errekonozimendurik, ezin dituzte lanaldi osoko kontratuak eskuratu, haur gehiegi dituzte bere ardurapean eta gaizki pagatuak dira». Aurreikuspenak txarrak badira ere, kolektiboan lan egiteko prest agertu da, gurasoak eta haurrak «bide bazterrean ez uzteko». Zehaztu du «ahalegin guziak» eginen dituela haur elbarrituen egoera Parisera eramateko, gizarte inklusibo baten aldeko inbertsioak «egiazki» gauza daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.