Kontseiluak babesa adierazi dio sindikatuek euskararen alde maiatzaren 9rako deitutako manifestazioari

ELAk, LABek eta Steilasek antolatu dute mobilizaziora, «euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde». Gainera, Kontseiluak gogorarazi du ekainaren 13an manifestazioa egingo dutela Iruñean, eta euskaltzale oro bertan parte hartzera deitu du.

Euskalgintzaren Kontseiluaren ekainaren 13ko manifestazioa aurkezteko egindako agerraldia, martxoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluaren ekainaren 13ko manifestazioa aurkezteko egindako agerraldia, martxoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko apirilaren 30a
14:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde» manifestazioa antolatuta daukate ELAk, LABek eta Steilasek maiatzaren 9rako, Bilbon; gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du deialdiarekin, eta herritar guztiak deitu ditu bertan parte hartzera: «Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoa ikusirik, garrantzitsua da gizarte eremu guztietatik euskararen normalizazioaren aldeko ekarpena egitea eta indar hori kalean erakustea. Horrexegatik, herritar eta langileen hizkuntza eskubideen aldeko sindikatuen ekimena txalotzen dugu, eta gainerako eremuetako eragileei ere dei egiten diegu euskararen aldeko ekimenak antolatzera».

Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko prozesua zabalik dago Eusko Legebiltzarrean, eta bi proposamen daude mahai gainean: EAJrena eta EH Bildurena. Gaur amaitu da zuzenketak aurkezteko epea. Testuinguru horretan dator sindikatuen manifestazioa. «Kontseiluak alderdi euskaltzaleei eskatzen die Legebiltzarrean aurrera eramaten ari den eztabaidaren emaitza izan dadila euskara eskakizuna gutxienez gaztelaniaren maila berean jartzea, eta erdietsi dezatela adostasun bat langile publiko guztiek euskararen ezagutza izango dutela bermatzeko».

Horretarako, zera eskatu du Euskalgintzaren Kontseiluak: euskaraz bizitzea posible egingo duen «arkitektura juridiko berri bat». Gainera, euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu du ekainaren 13an «euskaltzaletasunaren bilgune erraldoi» bihurtu nahi dutela Iruñea: Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean, mobilizazioa egingo dute. Hauexek eskaerak: euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, «jauzi bat» ematea hizkuntza politiketan, eta euskaltzaletasuna aktibatzea. Euskaltzaleak bertan parte hartzera deitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA