Eskuin mutur berria

'Kripto'-ak eta 'lambo'-ak: pop faxismoaren aurpegi berria

Eskuin muturrak forma berriak hartu ditu sare sozialen arrimura. 'Kriptobro', 'tradwife', 'incel' eta gisakoen ezaugarriak eta gertakari historikoekin dituzten loturak aztertu dituzte Paula C. Chang eta Andrea G. Galarreta ikerlariek.

Bitcoin kriptodiruaren ikurra, Donald Trump AEBetako presidentearen irudi baten aurrean. PABLO GIAMINAZZI / EFE
Bitcoin kriptodiruaren ikurra, Donald Trump AEBetako presidentearen irudi baten aurrean. PABLO GIAMINAZZI / EFE
Ion Orzaiz.
2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mutil gazte bat bideo bertikal motzak ikusten ari da Youtuben. Bata bestearen atzetik pasatzen ditu hatzarekin, behetik gora scroll eginez. Horien artean, oharkabean, youtuber baten bideo bat agertu zaio, algoritmoak sustatuta: «Kezka pizten dit Europa wokismoa dela-eta noraezean ibiltzeak». Bideoak bata bestearen atzetik pasatu ahala, beste bat: etxea Andorran erosi duen influencer ezagun baten iragarkia, bere jarraitzaileak animatuz kriptodiruan inbertitzera eta «ekintzaile» bihurtzera inoiz lambo bat erosiko badute. Bideopodcast batean, migratzaileen «inbasioa» eta delinkuentziaren goranzkoa lotu ditu elkarrizketatuak, aurkezleak buruarekin baietz egin bitartean. Umore «beltzeko» meme barregarri bat ere ikusi du gazteak bere feed-ean, ezkerreko politikari baten itxura fisikoa kritikatzen zuena. Ez da mezu zaparrada bat, etenik gabeko zirimiri bat baizik, eta mutikoaren buruan erroak botatzen hasia da ideia lauso baten hazia. «Agian egia da», pentsatu du. Agian etorkinek laguntza gehiegi jasotzen dituzte bertokoekin alderatuta. Agian zergak pagatu beharra lapurreta hutsa da, traba bat arrakasta pertsonalerako bidean. Eta gaztetxoak badaki berdintasuna gauza ona dela —institutuan irakatsi zioten aspaldi—, baina, agian, feministak urrunegi iritsi dira.

Eskuin muturrak habia egina du Interneten, eta bere ideiak zabaltzeko bide berriak topatu ditu bertan, milioidun handien esku dauden sare sozialen algoritmoek hauspotuta. Sarritan, finantza digitalen edo meme ironikoen mozorro koloretsuetan bilduta agertzen dira diskurtso horiek, baina mamia aspaldiko bera da: neoliberalismoa, misoginia, xenofobia, muturreko indibidualismoa eta, oro har, gutxiengoen eta ezberdin direnen aurkako gorrotoa. Scroll-kolpe bakoitzarekin iritzi publikoa eskuinera mugiarazteko formula.

Dozenaka dira eskuin muturreko ideologia hedatzen duten figurak eta komunitateak: kriptodiruari eta finantza digitalei buruzko aholkuak ematen dituzten aholkulari, mentore eta sasi-adituak; tradwife edo emazte «tradizionalaren» rola defendatzen dutela dioten eduki sortzaileak; emakumeen kontrako indarkeriaren apologia egiten duen incel komunitate misoginoa... Fenomeno horiek guztiak aztertu dituzte Paula C. Chang (Madril, 1995) eta Andrea G. Galarreta (Antsoain, Nafarroa, 1997) ikerlariek Criptoprofetas: hipermasculinidad y nueva derecha liburuan (Kriptoprofetak: hipermaskulinitatea eta eskuin berria, Bauplan argitaletxea, 2026).

Zehazki, kriptodiruaren aitzakian ideologia neoliberala zabaltzen duten kriptobro eta enparauei erreparatu diete liburuan, uste baitute «hegemonia maskulino eta zuriaren isla argienetako bat» direla Interneten. Kriptoprofeta izena eman diote subjektu politiko berri horri, «mundu berri baten etorrera» iragartzen duelako.

Bazterketa oinarri

«Gizon talde antolatu asko dabiltza Interneten, baina denak ez dira kriptoprofetak», esplikatu du Changek. «Incel delakoek, adibidez, beste era bateko harremanak dituzte munduarekin, eta harreman horiek tristura, miseria sexuala eta erresumina dute oinarrian. Kriptoprofetek, aldiz, desiragarria zaien mundu berri bat irudikatzen dute, baina mundu berri horretan ez gara kabitzen jende mota ugari: LGTBI kolektibokoak, zuriak ez direnak, feministak, lodiak... Mespretxuz begiratzen gaituzte».

Are, liburuan azaldu dutenez, kriptodiruarena ez da nahitaez bete beharreko baldintza, eta beren burua kriptobro gisa aurkezteak gehiago du performatibotik ekonomiaz duten ezagutzatik baino: «Askok ez dute kriptodirurik, ez dira ezeren jabe, baina erretorika konpartitu bati eusten diote». Eta zertan oinarritzen da kripto erretorika hori? Hitz egiteko maneretan, diskurtso bortitzetan, luxuzko Lamborghini autoen eta luxuzko etxeen imajinarioan eta, ororen gainetik, pluraltasunari dioten gorrotoan.

«Gizon indartsuaren paradigma greko-erromatarra irudikatu nahi dute, eta, horri lotuta, 'alt-right' estatubatuarrari kopiatutako diskurtso ultrak hedatzen dituzte» 

ANDREA G. GALARRETA Ikerlaria eta Filosofiako doktoregaia

Izan ere, Galarretaren esanetan, «mespretxua, nazka eta gorrotoa» dira eskuin muturreko maskulinitate horiek zedarritzen dituzten pultsioak: «Gutxiengo, diaspora edo ezberdin den orori diote mespretxua, eta nazka, berriz, zehaztugabea den orori: forma fisiko jakin bat, pentsaera jakin bat, finantza egoera jakin bat edota sexualitate jakin bat ez dutenei, alegia». Mugimendu «erreaktiboa» dela azpimarratu dute bi ikerlariek: besteen kontra eraikia, alegia. Kripto ideologiarekin bat egiten ez duen oro «parasitoa» da.

Performance horren parte da «predatzailearen figura» ere; hau da, kriptobro eta enparauek beren buruaz eman nahi duten irudia: «Gizon indartsuaren paradigma greko-erromatarra irudikatu nahi dute, eta, irudi horri lotuta, alt-right estatubatuarrari kopiatutako diskurtso ultrak eta belizistak hedatzen dituzte, AEBek Ekialde Hurbilean eta Hegoalde Globalean piztutako gerren aldekoak, esaterako», esplikatu du Galarretak. 

Iragan loriatsua (eta faltsua)

«Iragan perfektu baten malenkonian eta nostalgian» oinarritutako diskurtso politikoez ohartarazi zuen Clara Ramas filosofoak ere El tiempo perdido liburuan (Denbora galdua, Arpa argitaletxea, 2024). Diskurtso horietan guztietan, «inpotentzia erreakzionarioa, laidoa eta erresumina» antzeman zituen: «Garai loriatsu batera itzuli nahi dute —aberria, ordena, genero eta klase rolak, gurasoen garaiko bizimoduak, tradizioa—, baina itzulera hori ezinezkoa da». Ezinezkoa, Ramasen esanetan, iragan hori ez zelako inoiz existitu. Era berean, kriptobro eta enparauek predikatzen duten maskulinitate eredua ere asmakeria hutsa dela uste dute Changek eta Galarretak.

'Fashwave' estiloko meme bat, maskulinitateari gorazarre eginez.
'Fashwave' estiloko meme bat, maskulinitateari gorazarre eginez.

«Kriptoprofetek ez dute ezer berririk asmatu», laburbildu du Changek: «Historian zehar gizontasunari buruz sortu diren hamaika ideia hartu, eta birziklatu egin dituzte, gizon perfektuaren ideala sortzeko, baina eredu hori ere faltsua da». Bat dator Galarreta: «Mitologia hutsa da. Nahaste-borraste kitsch samar bat». 

Identitate politiko berri horiek noiz, non eta zergatik sortu ziren ez dago zehatz-mehatz esaterik, baina Changek eta Galarretak uste dute 2001eko irailaren 11ko atentatuak, Irakeko gerra eta 2008ko krisialdi ekonomikoa «faktore garrantzitsuak» izan zirela eskuin muturraren aldaera berriak azaleratzeko prozesuan. «Fenomenoa ezin da azaldu kausa-efektu lineal gisara, edo faktore bakar bat aintzat hartuta, baina uste dugu gertakari historiko, ekonomiko eta sozial horiek baldintza egokiak sortu zituztela subjektu prekario eta erreakzionario horiek azaleratzeko», esan du Changek.

«Pandemia garaian, jendeak inoiz baino gehiago kontsumitu zituen kriptodiruari buruzko bideoak, eta diskurtso horiek gogortu egin ziren pixkanaka: instituzioen aurka, soldatapeko lanaren aurka eta baita feminismoaren aurka ere» 

PAULA C. CHANG Filosofiako doktoretza ikerlaria

Bi ikerlariek uste dute Lehman Brothersen porrotak eta 2008ko krisiak, herritarrak pobretzeaz eta ekonomia txikiak hondoratzeaz gain, «instituzioen oinarriak higatu» eta mesfidantza hedatu zutela gizartean: «2008ko kolapso handiak beldurra hedatu zuen ofizial kutsua izan zezakeen edozerekiko (hor finezia handiegirik gabe nahaspilatzen baitira hala enpresa pribatuak nola arlo publikoa, edo arautua dagoen edozer). Susmoa zegoen horrek guztiak agenda ezkutu bat izan zezakeela barruan gordeta».

2010. urtean, Bitcoin sortu zen, eta, hurrengo urteetan, askok aukera paregabea ikusi zuten bankuen eta erakundeen ofizialtasuna alboratu eta, aktibo digitalen bidezidorrak erabilita, kolpetik aberasteko. Hasia zen kriptoadituen aroa.

Memeen politika

Iragan hamarkadaren bukaeran eta oraingoaren hasieran, beste bi faktorek baldintzatu zuten faxismo digitalaren oldarraldia: batetik, feminismoaren hedatzea —erreferentzia gisa hartuta 2018ko greba feminista—, eta bestetik, COVID-19aren pandemiak eragindako bakartzea eta pentsamendu konspiranoikoen ugaritzea. Chang: «Konfinamendu garaian, kaleratzeak edo lan erregulazioak eguneroko ogia zirenean, jendeak inoiz baino gehiago kontsumitzen zituen kriptodiruari buruzko bideoak Youtuben. Guru eta mentore horiek esaten zieten ausart jokatzeko, eta aurrezkiak kripto-txandrio digital horietan sartzeko. Autolaguntza diskurtso horiek gogortu egin zituzten pixkanaka: instituzioen aurka, soldatapeko lanaren aurka eta, gerora, baita feminismoaren aurka ere, haientzat feminismoa politikoki zuzena delako, establishment-aren parte delako».

Ikur faxistak dituen beste meme bat, familia eredu tradizionala eta arrazakeria uztartzen dituena.
Ikur faxistak dituen beste meme bat, familia eredu tradizionala eta arrazakeria uztartzen dituena.

Alta, faxismo digital berriaren arrakasta ezin uler daiteke eztabaida politikoaren «memeifikazioa» aipatu gabe: «Memea da politikaren forma berria», azaldu du Galarretak: «Duela bospasei urtera arte, instituzioetan eta ohiko hedabideetan jokatzen zen lehia politikoa, baina, sare sozialen orokortzearekin batera, scroll kolpeen araberakoa da orain». Haren esanetan, eskuin muturrak ongi egokitu du bere mezua, eta zenbait mugimendu estetiko sortu dira —fashwave izenekoa, esaterako—, umore geruza baten pean eta eurodance doinuan erritmora mezu atzerakoiak, misoginoak eta faxistak hedatzeko: «Gainera, big data osatzen duten konpainia erraldoien algoritmoek hauspoa ematen diote eduki mota horri, interes politikoak dituztelako AEBetako hegemoniarekin».

HIZTEGI TXIKIa

  • KRIPTOBRO. Kriptodiruari buruzko aholkuak ematen dituen gizona. Haietako batzuk podcastetan, Youtuben edo sare sozialetan aritzen dira, eta monetizatu egiten dituzte «irakaspen» horiek. Sarritan, diskurtso politiko neoliberala, indibidualista eta hipermaskulinoa darabilte.
  • TRADWIFE. Traditional wife (emazte tradizionala) kontzeptuaren laburdura. Feminismoaren kontrako mugimendu performatibo bat da. Beren burua tradwife gisa definitzen duten emakumeek helburutzat dute 50eko eta 60ko hamarkadetako etxekoandreen estereotipoei eustea, beren gain hartuta etxeko lanen eta zaintza lanen ardura osoa, eta senarraren menpe biziz.
  • INCEL. Involuntary celibate edo nahi gabeko zelibea. Sexu harremanak izateko gai ez direla dioten gizonek osatzen dute komunitate birtual hori, eta, gehienetan, emakumeak jotzen dituzte horren erruduntzat. Incelen foroetan misantropia, misoginia eta erresumina dira nagusi, eta indarkeriaren apologia egiten dute maiz. Incelen foroetako zenbait jarraitzailek atentatuak eta erasoak egin izan dituzte.
  • MANOSFERA.

     Misoginian eta antifeminismoan oinarritutako foro, webgune eta edukien multzoari esaten zaio. Eduki horietako asko Reddit, 4Chan edo Forocochesen gisako foroetan daude, eta beste asko, Tiktok, Instagram eta Youtuberen gisako sare sozialetan.

  • FASHWAVE. Fascist wave (olatu faxista) ingelesezko izenaren laburdura. Eskuin muturrak Interneten sortutako mugimendu estetikoa. Diskurtso trumpistak, ultrakontserbadoreak eta, are, naziak zabaltzen dituzte umorez mozorrotuta, memeen bidez. Estetika propioa dute: neon koloreak, irudi efektu futuristak eta eurodance eta synthwave doinuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA