Joan dira 45 urte Espainian estatu kolpe bat ematen saiatu zirenetik, otsailaren 23 batez, eta Espainiako Gobernuak desklasifikatu egin ditu ordukoari buruzko agiri sekretuak. Kolpeak ordu batzuk iraun zuen, baina garai hura bizi izan zuten euskal herritarrek ez dauzkate ahazteko ordu haiek. Kezka, beldurra, ezinegona... aipatzen dituzte. Frankismoaren garai beltzenera atzera egiteko arriskua gertu-gertu sentitu baitzuten. BERRIAlagunei galdetu die kazeta honek non ote ziren 1981eko otsailaren 23an, eta jasotako lekukotzek ondo erakusten dute egun haietako ezinegona.
Joxe Ramon Zabala soldaduska egiten ari zen, Gamarrako kuartelean, Gasteizen. «Oso egun arraroak izan ziren haiek, zeren eta militarren artean zerbait prestatzen ari zela nabarmena baitzen. Aste gutxi batzuk lehenago, Gasteizko erdigunetik ibilgailuetan eraman gintuzten, armamentua prestatuta eta jendeari apuntatzeko aginduz. Tankeak ere ibili ziren erdigunetik, tren geltokitik kuartelera».
1981eko otsailaren 23ko arratsaldean, irteteko baimenak kendu zizkieten, eta kuartelean itxita gelditzeko agindu. Kantinan bildu ziren hamabi soldadu euskaldun, beldurtuta, pentsatzen zutelako atxilotu egingo zituztela hamabiak: «Militarrek gutaz informazio zehatza baitzuten». Atxilotu ez, baina jantzita lo egiteko agindu zieten gau hartan, kalera ateratzeko prest egoteko. Kuartelaren plazan, berriz, ibilgailu militarrak prest, noiznahi martxan jartzeko. «Ni, literan, irratia entzuten aritu nintzen berandu arte. Ordu bata aldera, iluntasunean, alferez bat etorri zitzaidan literaraino: 'Lo egin dezakezu lasai, Zabala. Erregeak kolpea gelditu du', esan zidan».
Ikusi gehiago
Soldaduskan zen Rafa Santxiz ere. Tankeetan, Madrilgo El Goloso kuarteleko Acorazada Brunete delakoan. Eta hark oso argi dauka ez zela bat-batean prestatutako kolpe bat izan: «Tejero Kongresuan sartu baino pare bat ordu lehenago gutxienez, gauzak prest zeuden El Goloson». Arratsaldeko lauretarako —guardia zibilak Kongresuan sartu baino bi ordu lehenagorako, beraz— «giro berezia» sumatzen zen: Gasteizen bezala, kuarteletik ez irteteko agindua zieten soldaduei, eta kamioietan igota eta kaskoak jantzita zeuzkaten soldadu batzuk El Goloson, norabait joateko zain.
Kuarteleko fonotekara joan zen bera, baina musika moztu egin zieten handik ordubetera edo, eta dei orokorra egin zuten, sirenak joz, soldadu guztiak biltzeko. Orduan jakin zuten guardia zibilak Kongresuan sartu zirela. «Hura beldurra. Eta euskaldunak izanik, beldur handiagoa». Tanke batzuk ate aldean ilaran jarri, eta soldaduak prestatu eta armatu zituzten, kalera ateratzeko. Orduak igaro ziren. «Eta ez genekien ezer». Hantxe, zain eta zain. Radio Intercontinental irratia okupatzera eramango ote zituzten zabaldu zen soldaduen artean, baina ezin ezer seguru jakin.
«Azkenean, erregea telebistan agertu zenean lasaiago gelditu ginen; ez guztiz, hala ere. Biharamunean, gauzak normal ikusi genituenean, lasaituz joan ginen». Telefono kabina bat harrapatu bezain pronto deitu zien gurasoei, Bergarara (Gipuzkoa): «Hura izan zen haien poza. Negarrez. Zelako beldurra pasatu zuten. Gogora etorri zitzaizkien gerra denboran pasatutako beldur eta tristura guztiak. Kolpista kabroi haiek ekarri nahi izan zituzten beldur eta tristura guztiak».
Ikusi gehiago
Joxe Mari ere soldaduskan zegoen garai hartan, Madrilen bera ere. Arratsaldeko seiak aldera, «Euskal Herriko gazta eder bat» meriendatzen ari zirela, ofizial bat etorri zitzaien, eta kalera armekin ateratzeko prest egoteko agindu zien. Boluntarioak eskatu omen zituen ofizial horrek. Besteei arropak jantzita lo egiteko agindu zieten, gainerako kuarteletan bezala, antza.
Madril «bakartian» noraezean
Roberto Bilate, berriz, ikasle zebilen garai hartan, Madrilen. Soziologia ikasten ari zen, Unibertsitate Konplutentsean. Hark ere badu susmoa lehenago hasia zela kolpea prestatzen. Ikaskide batzuek bazkari bat egin zuten haietako baten etxean, eta haien artean ba omen zen militar baten alaba bat. Arratsaldeko lauretan edo, estatu kolpea baino bi ordu lehenago, bi militar agertu ziren atean, emakume haren bila. «Irten aurretik, negar zotinka, esan zigun estatu kolpea gertatzekoa zela, eta aitak etxera eramateko eskatu zuela. Orduan izoztu egin zitzaigun giroa». Ez zuten denek elkar ezagutzen bazkari hartan: «Ez genekien norekin fidatu».
Errioxako ikaskide batek eta berak alde egin zuten etxetik, eta gau osoa pasatu zuten «Madril bakarti bateko kaleetan noraezean», bueltaka, ezkutuan bezala. «Noizean behin, militarrez betetako autoak ikusten genituen abiadura bizian pasatzen, eta hots horrek urduritasuna areagotzen zuen». Hurrengo egunean, fakultatean, Carlos Moya dekanoak «hitzaldi sutsu eta ausart bat» eman zien, eta militarrak gogor gaitzetsi zituela dio: «Orduan hartu genuen arnasa pixka bat».
Greba prestatzen Bartzelonan
Teresa Toda Iglesias, berriz, Bartzelonan bizi zen garai hartan, eta Comissio Obrera Nacional de Catalunya (CONC) sindikatuan lan egiten zuen, prentsa bulegoan. Gogoan du ordurako katalanez lan egiten zutela «erabat», gero adierazpen publikoak gaztelaniaz egiten zituzten arren. Sindikatuko arduradunak kalean zebiltzan, «bizitzaren garestitzearen kontrako mobilizazio nazionala» prestatzeko lanetan, eta bulegoan langileak bakarrik zeuden, irratia piztuta. Hala jakin zuten kolpearen berri, eta prentsa bulegokoak berehala hasi ziren ezagutzen zituzten kazetariei deika, gertatzen ari zenari neurria hartzeko.
Arduradunak bueltatzen hasi ziren bulegora, eta, estatu kolpe batek «erantzun gogorra» behar zuelakoan, egun bateko edo biko greba orokor bat antolatzeari buruz pentsatzen hasi ziren, baina gauean sindikatuaren Madrilgo arduradunekin —CCOOren adar bat baitzen— hizketan aritu ziren, eta ordu batzuetarako grebara deitu zuten azkenean. Gau osoa pasatu zuten Letraset batean grebara deitzeko eskuorriak prestatzen. «Goizeko zazpiak aldera atera ginen. Uste dut ez genituela beldurra edo aurreikuspen ezkorrak sentitu, edo ez gintuztela sentimendu horiek gainditu, berehala buru-belarri hasi ginelako horren kontra zerbait prestatzen».
Paperak gordetzen
Mugimendu politikoetan edo haietatik gertu zebiltzanak asko estutu ziren otsailaren 23 hartan. Josu Erkiagak 20 urte zuen, goi mailako Itsas Zientzietako Eskolan ikasten ari zen, Portugaleten (Bizkaia), eta Santurtzin bizi zen, apopilo. SER irratian aditu zuten estatu kolpea gertatzen ari zela, zuzenean, eta Lekeitiora joan zen: «Batzokiko agiri guztiak badaezpada leku seguruan gordetzen lagundu nuen, nahiz eta jakin agian alferrekoa izango zela».
Joanjo Landa Donostian bizi zen garai hartan, eta gogoan du Komite Antinuklearren bilera bat egitekoak zirela otsailaren 23 hartan, baina bertan behera utzi zutela batzarra. Beste bi adiskiderekin bizi zen orduan, Ulian, eta paperak «desagerrarazten» pasatu zituzten estatu kolpearen lehen orduak. Gero zain jarri ziren, zer gehiago jakingo. «Espainiako erregeak ezer ez adieraztea susmagarria egiten zitzaigun. Orain ere ez dugu egia guztia jakingo».
Ikusi gehiago
Madali Carpinterok 19 urte zuen garai hartan, eta euskara ikasten ari zen Iruñeko Arturo Campion euskaltegian. Klasea bukatuta, Montañesa tabernara joan ziren, San Gregorio kalera, eta han norbaitek esan zien estatu kolpea gertatu zela: «Txantxetan ari zela pentsatu genuen. Gero, egia zela jabetu ginen, eta beldurra sentitu nuen. Badakit jende askok propaganda eta liburuak eta aldizkariak bota zituela. Batzuk ezkutatu ere egin ziren; nire anaia zaharrena, adibidez».
Josune Arrazubi ere euskara ikasten ari zen garai hartan, eta Iruñean hura ere. Baina klaserik ez zuten izan, euskaltegira iritsi orduko esan baitzieten bertan behera utzi zituztela eskolak. «Kontatu zidaten ikasleen datuak zituen artxibategi guztia suntsitu zutela, gu babesteko». Euskaldunak berriro ere arriskuan zeudela sentitzen hasi baitziren.
Arantzazu Beitia, berriz, Letren Fakultatean ikasten ari zen garai hartan, Gasteizen, eta AEKn irakasle ere aritzen zen. Plaza Berriko La Union tabernan kafe bat hartzen eta euskara ikasleentzako materialak errepasatzen ari zen ikaskide eta lankide batekin, berria jakin zuenean. Telebistan zuzenean ikusi zuten nola sartu ziren kolpistak Espainiako Kongresuan. Gogoratzen du jendea beldurtuta eta zer egin ez zekiela gelditu zela, telebistari begira.
Filologoen beldurra
Blanca Urgell Euskal Filologia ikasten zen garai hartan, Gasteizen. Historia irakaslea ez zen azaldu, eta horrela jakin zuten estatu kolpearen berri: «Bera valentziarra zen, eta sozialista, eta, han tankeak kaleetan zirela-eta, irratiari belarria itsatsirik zegoen». Amaren etxera joan zen Urgell, eta telebistari lotuta pasatu zuen eguna: «Espainiako erregearen mezuak lasaitu ninduen arte». Kezka handiz bizi izan zuen: «Ziur nengoen, kolpeak arrakasta izanez gero, sortu berriak ziren Euskal Filologiako ikasketak debekatuko zituztela, euskararen aurka oldartuko zirela, eta niretzat garrantzizkoak ziren pertsonak arrisku bizian izango zirela».
Euskal Filologia ikasten ari zen Asun Agirre Buruaga ere, Derioko Magisteritza Eskolan. «Zelakoa muntatu zen! Euskal Filologia desagertu egingo zela, traidore batzuk izango ginela...». Lehen ordu haietan beldurra sentitu zuten askok.
Karmele Arrieta ere Euskal Filologia ikasten ari zen, baina Deustuko Unibertsitatean, eta otsailaren 23 hartan klaseak zituzten berez arratsaldean. Kafetegian elkartu ziren ikasle ugari, zer suma: «Informazioa ez zen gaur bezain azkar heltzen». Ezinegona zabaldu zen, estatu kolpeak atzerapauso bat ekarriko ote zuen eskubide askotan. «Gogoan dut etxera heldutakoan amamak esan zuena: 'Berriro honek? Pentsatu bere ez!'».
Ikusi gehiago
Ezinegon haren beste bizipen bat, Fran Etxarterena. Iruñean «ikasle-edo» bizi zen garai hartan. Goroabe auzoko pisu batean bizi ziren hiru pisukideak kalera atera ziren estatu kolpearen berri izan zutenean, haietako baten autoan, «dos caballos batean». Estatu kolpeari buruz ezer gehiago jakingo zuen norbaiten bila ibili ziren «ilunabar hotz hartan, kale desertuetan barrena». Egoera irreal baina mehatxagarri bat izan zela gogoratzen du, eta gogoan dauka muga zenbateko distantziatara ote zuten kalkulatzen ere ibili zirela.
Xanti H. ere ikasle zebilen garai hartan, Bilbon. Beste ikasle batzuekin bizi zen, baina egun hartan bakarrik suertatu, eta kalera atera zen irratian berria aditu zuenean. «Gaztea nintzen, eta askatasuna nahi nuen Euskal Herriarentzat eta herri guztientzat. Amorru handia sentitu nuen, eta zerbait egiteko beharra ere bai; beldur nintzen, baina senak agintzen zidan kalera irteteko». Kalean jende askorik ez, ordea, eta taberna batera sartuta ikusi zuen Espainiako erregearen «mezu ospetsua», orduan zeuden bi telebista kateetako batean.
Pilar Zuzenbidea ikasten ari zen Zaragozan (Espainia). Gogoan du iluntzeko zortziak arte ez zirela enteratu estatu kolpeaz, hurrengo egunean zuten zerga zuzenbideari buruzko azterketa prestatzen aritu zelako otsailaren 23an. Gau osoa irratia aditzen pasatu zuen.
Jaione ere han zen, Zaragozan, baina Geografia ikasten. Lau neska ziren pisukideak, eta irratian militarren martxak adituta «dezente arduratu» ziren, baina, karrerako lan bat derrigor bukatu behar, eta idazmakinan lanean aritu zen arratsalde hartan. Hurrengo egunean ez zuten klaserik izan unibertsitatean, baina gogoan du Errioxako ikaskide bat Alcázar egunkari frankista eskuan zuela agertu zela gelara: «Sartzen ikusi genuenean asaldatu egin ginen. Denok ez genuen berdin pentsatzen».
Kuartelera begira ikastolatik
Elisabet Lete, berriz, Ordiziako (Gipuzkoa) ikastolan praktikak egiten ari zen otsailaren 23 hartan, Magisteritzako ikasketak egiten ari baitzen. Gogoan du ikastolatik Guardia Zibilaren kuartela ikusten zela, eta han egon zirela denak «Land Rover autoen joan-etorriak zelatatzen, ikastolan noiz agertuko ziren beldurrez». Beste informazio biderik ez, eta irratiak emandako berriak bakarrik jasotzen zituzten: «Gogoratzen ditut urduritasuna eta gerta zitekeenaren beldurra».
Gazteagoa zen Paskual Rekalde: Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea egiten ari zen Baztango (Nafarroa) Batxilergo Institutuan, eta, justu, bezperan itzuli ziren Madrildik, ikasketa bidaian hara joan baitziren aurreko asteburuan —astelehena zen 1981eko otsailaren 23a—. Gogoan du «beldurrez» erreparatu ziela gertakariei, irratiaren bidez.
Hurrengo egunean, izua pixka bat astinduta, protestan atera ziren zenbait herritan. Joserra Redondok gogoan dauka lanean hasi berria zela garai hartan, 19 urte besterik ez. Alde batetik, «amorrua eta kalera ateratzeko beharra» sentitu zuen, baina, bestetik, lana galtzeko beldurra ere bai. «Zorionez, ixtea eta ateratzea erabaki zen, eta hunkigarria izan zen manifestazioko isiltasuna».