Espainiako zerbitzu sekretuek otsailaren 23ko estatu kolpean parte hartu zuten

Argia ikusi duten agiri askok indartu egin dute indarrean egon den kontakizun ofiziala Juan Carlos Borboikoaren rolari dagokionez, baina ez dituzte argitu Espainiako erregearen eta militarren arteko komunikazioak kolpearen aurretik.

Espainiako Gobernuak desklasifikatu duen agirietako bat. EFE
Espainiako Gobernuak desklasifikatu duen agirietako bat. EFE
xabier martin
2026ko otsailaren 25a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako zerbitzu sekretuetako zenbait kidek otsailaren 23ko estatu kolpean parte hartu zuten. Horixe da Espainiako Gobernuak desklasifikatu duen informazioak utzi duen izenburu nagusietako bat. Orain baino lehen ere, asko hitz egin da orduko CESID erakundeak —egungo CNI— estatu kolpean izan zuen ustezko parte hartzeaz, eta, zenbait dokumenturi sekretua kendu ondoren, erakunde horren agiri batek berretsi egin du orain arteko susmoa.

Hain zuzen, zerbitzu sekretuetako sei kidek lagundu egin zuten Espainiako Kongresua bahitzeko operazioan. Jose Cortina komandanteak zuzentzen zuen AOME adarrak eman zuen babes hori; 1981eko otsailaren 23a baino egun batzuk lehenago, AEBetako enbaxadorearekin bilera bat egin zuen Cortinak.

«Bazekiten otsailaren 23an zer gertatuko zen, edo operazio bat jarri zuten martxan, eta gauzatu. Gero, parte hartu izana ezkutatzen saiatu ziren, 23an egin zituzten mugimenduak justifikatzeko». Hala dio zerbitzu sekretuen agiri horretan. «Militarren zutabea» Kongresura iritsi ahal izateko «laguntza» eman zuten kide horiek. Txostenak ez du datarik ezta sinadurarik ere, baina estatu kolpearen ondoren idatzia da. Sei espioi horietatik lau ez zituzten ez ikertu, ezta epaitu ere.

Juan Carlos Borboikoaren rola

Espainiako Gobernuak eskura jarri dituen agiri askok indartu egin dute hamarkada askoan ofizialki indarrean egon den kontakizuna Juan Carlos Borboikoaren rolari dagokionez. Izan ere, Antonio Tejero Guardia Zibileko teniente koronela Madrilgo ganberan sartu ondorengo orduak eta egunak azaltzen dituzte agiri gehienek, eta ez aurreko egunak eta asteak, Borboikoaren eta militarren arteko komunikazioei dagokienez.

Agirietako batean irakur daiteke, Tejero Kongresura sartu eta minutu batzuetara, Alfonso Armada jeneral kolpistak Espainiako erregeari deitu ziola telefonoz, galdetzeko ea Zarzuelara joan zitekeen. Ezezko erantzuna jaso zuen, eta «bere postuan jarraitzeko» agindua ere bai. Hortik aurrerako kontakizuna bat dator Borboikoak ordu batzuk geroago telebista publikoan egin zuen agerraldian azaldu zuenarekin, indarrean zegoen Konstituzioaren alde eginez. Ez da argitzen, ordea, zergatik uste zuen Armadak erregearen egoitzara joateko baimena izango zuela. Alegia, zergatik uste zuen Borboikoaren babesa jasoko zuela.

Tejero Kongresuan sartu eta minutu gutxira, Juste jeneralak Zarzuelara deitu zuen Armada jenerala jada han ote zegoen jakiteko. Ezezko erantzuna jasota, honako hau erantzun zuen: «Horrek erabat aldatzen du egoera».

Hala, argia ikusi duen informazioak nekez galaraziko du Juan Carlos Borboikoak estatu kolpean izandako rolari buruzko zalantzari eustea. Izan ere, kolpean ustez nahastutako beste jeneral baten deia jaso zuten erregearen egoitzan, Tejero Kongresuan sartu eta minutu gutxira, Jose Justerena hain zuzen, eta hark beste ezeren aurretik jakin nahi zuena zen Armada jenerala Zarzuelan ote zegoen jada. Ezezko erantzuna jaso zuen, eta honako hau esan zion estatuburuaren idazkari nagusiari: «Horrek erabat aldatzen du egoera».

Halaber, Juan Carlos Borboikoak Jaime Milan del Bosch teniente jeneralarekin hitz egin zuen otsailaren 24ko goizaldean, eta hark ohartarazi zion Tejerok «dagoeneko» ez zituela aginduak betetzen. Hori zela eta, estatuburuak militar kolpistari honako hau argitzeko beharra izan zuen: «Ezein estatu kolpek ez du izango erregearen babesa; erregearen kontrakoa izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.