Sanchezek Sekretu Ofizialen Legearen aldaketarekin lotu du Euskal Herriko zenbait auziren desklasifikazioa

1981eko estatu-kolpe saiakerarekin egin bezala, Martxoaren 3ko sarraskiari, Naparraren desagerpenari, 78ko sanferminetako polizia oldarraldiei, GALi eta Zabalzaren torturei buruzko agiriak ere argitaratzeko eskatu dio Aizpuruak Espainiako gobernuburuari.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko ordezkaria, Espainiako Kongresuan. ZIPI / EFE
Mertxe Aizpurua EH Bilduko ordezkaria, Espainiako Kongresuan. ZIPI / EFE
Kristina Martin - Iratxe Muxika Karrion
2026ko otsailaren 25a
11:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur eguerdian argitaratu ditu Espainiako Gobernuak 1981eko otsailaren 23an izandako estatu-kolpe saiakeraren agiriak. Orain arte ezkutuan egon dira, 1968an —Francoren diktaduran— onartu eta gaur egun ere indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legearen babespean. Pedro Sanchezen gobernuak gertaera horiei buruzko agiriak argitaratzea erabaki du, eta Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen ordezkariak eskatu dio argitara dezala euskal gizarteak pairatutako beste auzi batzuei buruzko informazioa ere. 1976ko martxoaren 3ko sarraskia, 78ko sanferminak, Mikel Zabalzaren torturak eta hilketa, Joxe Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerpena, Batallon Vasco Españolen ekintzak, eta PSOEko Felipe Gonzalezen gobernuaren babesean sortutako GALen inguruko atentatuak aipatu ditu Aizpuruak. «Denak sekretupean daude, eta denak zigorrik gabe», gogorarazi dio Sanchezi gaurko kontrol saioan. Gobernuburuak, baina, Sekretu Ofizialen Legearen erreformarekin lotu du agiri horien desklasifikazioa, eta ez du argitu hura bideratu bitartean beste ezer argitaratuko ote duten.

Sanchezek erantzun dio tramitean dagoela frankismoaren lege hori bertan behera utziko lukeen lege proiektua, eta horrek modua emango duela Aizpuruak aipatutako auzi horiekin lotutako agiriak argitaratzeko. Legeak bide hori egin arte pazientzia eskatu die Kongresuan dauden taldeei. Aizpuruak ez du nahikotzat jo Sanchezen erantzuna: «Ez da nahikoa, eta ez dugu onartzen lege frankista horren ordezkoa izatea sekretuak beste 60 urtez mantenduko dituen beste lege bat». EH Bilduko diputatuak nabarmendu duenez, borondatea da gakoa. «Otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren inguruko agiriak desklasifikatuta, erakutsi duzue borondate politikoa egonez gero posible dela. Ez ukatu euskal gizarteari egia jakiteko eskubidea».

Mertxe Aizpuruak Sanchezi gogora ekarri dizkio Sanchezek berak esandako hitz batzuk: «Astelehenean esan zenuen memoria historikoa ezin dela giltzapean egon, eta zuzen zaude. Horregatik eskatzen dugu auzi horien inguruko agiriak behingoz argitaratzeko, sumindura eragin zuten-eta biktima zuzenen familiengan ez ezik euskal gizarte osoarengan ere». EH Bilduko diputatuaren aburuz, familiek eta euskal gizarte osoak eskubidea dute Espainiako gobernuek eta segurtasun indarrek euskal herritarren aurka «egin zuten gerra zikinaz» egia jakiteko. Hala, beste behin gogoratu ditu Sanchezek berak erabili berri dituen argudioak: «Zuk esan duzun bezala, demokraziek iraganaren berri izan behar dute etorkizun libreago bat sortu ahal izateko».

Aizpuruaren hitzaldiaren erdian, Alderdi Popularreko kongresukideen marmarrak entzun dira, gero eta ozenagoak, EH Bilduren hitzak entzutea eragozteraino. Francina Armengol Kongresuko presidenteak kargu hartu die, eta errespetua eskatu. Armengolek PPko diputatuei gogorarazi die kongresukide guztiek eskubide berak dituztela.

Sanchezek zera erantzun dio Aizpuruari: «Gaur egun handia da demokraziarentzat. Agiriak sekretupetik ateratzea gardentasuna, demokrazia eta kultura demokratikoa indartzeko aurrerapausoa da. Gaur herritarrekin izan dugun zorra kitatuko dugu, gertatutakoa jakiteko eskubidea baitute». EH Bilduren eskaerari erantzunda, Sanchezek gogorarazi du iazko uztailean onartu zutela sekretupeko informazioari buruzko lege proiektua, eta seihileko honetan bideratu nahiko lukeela. Tramitazioan dagoela gogorarazi du, eta onartzen denean diktadurako legearen indargabetzea ekarriko duela, 1968an onartutako Sekretu Ofizialen Legearena, alegia. Nolanahi ere, Espainiako gobernuburuak ez du argitu Aizpuruak zerrendatutako gertaeren agiriak argitaratuko ote dituzten erreforma horretan.

EAJren eskaera

Aizpuruaren antzeko bidea hartu du EAJk ere, eta Martxoaren 3ko gertakariarekin zerikusia duten «dokumentu guztiak» desklasifikatu ditzatela eskatu du. Alderdiak ohar bidez esplikatu du Espainiako Estatuak «erantzukizun zuzena» daukala Gasteizko gertakariei dagokienez, eta mozio bat aurkeztuko duela Senatuan, sekretu ofizialen legea indargabetu dadila eskatzeko eta «egia osoa» azalera atera dadin exijitzeko. Jeltzaleen irudiko, duintasunari, biktimei, eta memoria demokratikoari zor zaie egia jakitea, eta hala gaineratu dute: «Ez dago justiziarik egiarik gabe». Aste honetan izendatu dute Gasteizko San Frantzisko eliza memoria leku, baina pauso hori ez da aski EAJrentzat. «Oraindik ez da iritsi Espainiako Estatuak Martxoak 3ko gertakarietan izan zuen erantzukizunaren aitortzarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!