Dufauk eta Molacek mobilizatzera deitu dute, Frantziako Konstituzioa aldatzea bultzatzeko

Aukerak ikusten dituzte urtarril bukaeran aurkezteko frantsesaren nagusitasuna kentzea helburu duen konstituzio aldaketa. Frantziako presidentetzarako hautagaien engaiamendua lortzera entseatu nahi dute.

Peio Dufau eta Paul Molac diputatuak, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Peio Dufau eta Paul Molac diputatuak, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko urriaren 17a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskararen garaia da, baina baita bretoiarena ere, okzitanierarena, kreolerarena...». Peio Dufau EH Baiko diputatuak eta Paul Molac diputatu bretoiak bere egin dute Euskal Konfederazioak heldu den azaroaren 21erako euskararen koofizialtasunaren alde deitua duen manifestazioaren leloa. «Mobilizaziora deitzen ditugu herritar guziak, Frantziako Estatuari, prefetari eta presidentetzarako hautagai guziei erakusteko hizkuntza gutxituen alde egitea nahi dugula», adierazi dute. 

Urri hasieran aurkeztu zuten Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege proposamena Parisen. Konstituzioaren 2. artikulua eta 34.a aldatu nahi dituzte, hizkuntza gutxituei frantsesaren nagusitasuna kontrajar ez diezaieten. Honela dio konstituzioaren 2. artikuluaren lehen paragrafoak: «Errepublikaren hizkuntza frantsesa da». Esaldi hori osatzea nahi lukete bi diputatuek, hau gehituta: «Eskualdeko hizkuntzen erabilpena, sustapena eta babesa errespetatuz». 34. artikuluak, berriz, Frantziako Parlamentuak ebatzi dezakeen lege esparrua definitzen du. Horretan paragrafo bat gehitzea proposatu dute: «[Legeak arautzen du] eskualdeko hizkuntzen estatusa, bereziki administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen erabilpena».

Gaur-gaurkoz, bederatzi talde politikotako 88 diputatuk babestu dute Dufauk eta Molacek egindako proposamena, baina iragarri dute ondoko egun eta asteetan «aise gehiago» izanen direla. Talde politiko batek bere txokoa uztea beharko lukete lege proposamena aurkeztu ahal izateko; izan ere, hilabetean behin oposizioko edo gutxiengoko talde politiko batek berarentzat erreserbatutako eguna izaten du parlamentuan, nahi dituen lege proposamen eta erabakiak eztabaidagai jartzeko. LIOT taldeko kide da Molac; Sozialisten taldeko kide Dufau. «Sozialisten taldean ez dugu ate irekirik haien txokoa erabiltzeko; haatik, taldeko berrogei bat diputatuk babestu dute lege proposamena», esplikatu du Dufauk. LIOT taldea aukera hobea izan liteke, hortaz. «Talde horren bidez aurkeztu nuen 2021eko lege proposamena», oroitarazi du Molacek. Baieztatu du oraingoz gainerako kideekin mintzatu ez bada ere hori bultzatzera entseatuko direla. LIOT taldeak urtarrilaren 28an izanen du txoko parlamentarioa. 

2. artikuluaren galga kendu

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko koordinatzaileak erran du euskalgintzak «osoki» bat egiten duela bi diputatuek aurkeztutako lege proposamenarekin, eta dei egin die gainerako diputatuei ere haren alde egin dezaten. «Guretzat funtsezkoa da Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea». Hori da, besteak beste, azaroaren 21erako antolatu duten mobilizazioko eskaeretako bat. Castetek oroitarazi du azken hilabeteetan behin baino gehiagotan erabili dutela Frantziako Konstituzioko 2. artikulua euskararen kontra egiteko, izan euskararen aitortza egin duten herriko etxeek hartutako deliberoei helegitea ezartzeko, izan hautetsiek adierazpenak euskaraz egiteko aukera mugatzeko, edo izan karriken euskarazko izenak debekatzeko.

Koofizialtasunaren aldeko manifestazioari begira, atxikimendu kanpaina bat abiatua du Euskal Konfederazioak. 1126 pertsonak eta 169 elkartek babestu dute mobilizaziora deitzeko manifestua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA