LAB sindikatuak kritika irmoa egin dio Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari: «Sailburua EHUren finantzaketari buruzko eztabaida nahastu nahian ari da».
Hautsak harrotuta daude azken boladan Jaurlaritzaren eta unibertsitate publikoaren artean. Joan den astean, EHUko errektoretza taldeak presazko agerraldi bat egin zuen, eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak salatu zuen Jaurlaritzaren aurrekontuek «geldialdia» ekarriko zutela EHUra. Asteburuan gai horri buruz aritu zen sailburua Aieruak blogean. Bertan, esan zuen hizkuntza hiperbolikoak ez duela unibertsitate publikoaren finantzaketa hobetuko. Gehitu zuen gutxi gorabehera errektorea agerraldia egiten ari zen bitartean, EH Bilduk hala eskatuta, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zutela EHUko Ikasle Kontseiluak eta LABek —gerora, zuzendu egin du esana, LABen agerraldia ez baitzuen EH Bilduk eskatu—, eta agerraldiotan ere EHUren finantzaketa izan zutela mintzagai. Segidan erantzun zion errektoreak: «errespetu instituzionala» eskatu zuen, baita premiazko bilera bat egitea ere Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuarekin eta Perez Iglesiasekin berarekin. Perez Iglesiasek onartu du, eta bilera pribatu bat egitekoak dira.
Orain, LABek, EHUn ordezkaritza handiena duen sindikatuak, bere iritzia plazaratu du, ohar bidez. «LABen ustez, zuzenak ez diren informazio batzuk ematen ari dira, baita datu garrantzitsu batzuk ezkutatzen ere». Sindikatuaren esanetan, sailburuak iradoki zuen ez zela kasualitatea LABek Eusko Legebiltzarrean hitza hartu izana noiz-eta errektoretza taldeak agerraldia egin zuen egun berean. Sindikatuak zehaztu du besteren esku egoten dela agerraldia noiz egin erabakitzea: «LABek ekainaren 9an erregistratu zuen batzordean parte hartzeko eskaera, eta batzordearen saioaren datak ez ditu LABek jartzen».
«Zuzenak ez diren informazio batzuk ematen ari dira, baita datu garrantzitsu batzuk ezkutatzen ere»
LAB
Kritika sailburuari
Behin zehaztapena eginda, sailburuak esandakoaren edukiari erreparatu dio LABek. EHUri erreferentzia eginda, zenbait galdera egin zituen sailburuak. Hauxe, besteak beste: «Proiektu akademikorik ez dagoela ezkutatu nahi al da?». Eta gehitu zuen «benetan garrantzitsuak diren kapituluak» soldata igoerei eta azpiegiturei buruzkoak direla. Galderekin erantzun dio LABek: «Irakaskuntza eta ikerketak egin behar dituzten profesionalen soldatak eta aktibitate horiek garatzeko instalazioak ez al daude lotuta akademiarekin? Akademia izate abstraktu bat da, akaso?». Eta nabarmendu dute estatistikek EHUko «prekaritate egoera asko» tapatzen dituztela: «EHUn jakintza arlo batzuetan irakasle berriak topatzeko gero eta zailtasun gehiago egoteak argi erakusten du lanbide hori ez dela erakargarria diplomadun askorentzat».
Horretaz gainera, Perez Iglesiasek nabarmendu zuen EHU munduko laurehun unibertsitate onenen artean dagoela, eta EHUko ikertzaileen kopurua handitu egin dela munduan gehien aipatzen diren ikertzaileen %2ren artean. Sindikatuaren irudiko, langileen meritua da: «EHU ez dago hilzorian, baina ikerketan, formakuntzan eta transferentzian lortzen ari diren emaitzak langile askoren esfortzuan eta bokazioan oinarritzen dira, eta, maiz, ordaindu gabeko aparteko orduetan». Hortaz, sailburuari eskatu dio erreparatzeko EHUri: «Baliabideak falta izanda ere, emaitza onak erakusten ditu EHUk. Hala ere, horrek ez du esan nahi, inola ere, osasunez ondo dagoenik. Behar duen arreta jasoz gero, osasunez askoz hobeto egongo litzateke, eta euskal jendarteari eta ezagutzaren munduari emandako zerbitzua eta egindako ekarpena askoz handiagoak izango lirateke».