LABek bi orduko lanuztera deitu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleak

Ekainaren 12an egingo dute protesta, 10:30etik 12:30era. Salatu dute Hezkuntza Sailak ez duela osorik bete nahi lan ituna berritzeko akordioa.

LABen agerraldia, gaur goizean, Bilbon. LAB
LABen agerraldia, gaur goizean, Bilbon. LAB
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 4a
12:37
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 9an, gehiengo sindikalak lortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleentzat lan itun berri bat adostea, eta, horrenbestez, bertan behera utzi zituzten greba deialdiak. Alabaina, sindikatuak kexu dira harrezkero, eta LABek gaur iragarri du protesta gehiago egingo dituztela: sare publikoko irakasleak bi orduko lanuztera deitu dituzte ekainaren 12rako, 10:30etik 12:30era. Irakasleen akordioa bete! 2025-26rako ikastetxeak baliabidez hornitu! Hezkuntza publikoa indartu! lelopean egingo dituzte mobilizazioak.

Sindikatuak Bilbon egindako deialdian azaldu duenez, akordioan adostutako neurri eta baliabide oro ezartzeko 2028ra arteko epea egonagatik ere, zenbait jada martxan jarri dira, edo datorren ikasturtean bertan ezartzekoak dira. Alta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera kritikatu du: «Hezkuntza Sailak, gaur-gaurkoz, ez ditu aplikatu horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitarteko guztiak, eta, beraz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrako norabidea hartu du». Horrek ikastetxeetan eragina izan duelakoan daude: «Sailak azken asteetan izandako jarrerak urduritasuna eta kezka besterik ez du sortu ikastetxeetan, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz».

Ziurgabetasuna ere salatu dute. Sindikatuaren esanetan, «kezka» horien inguruan, Hezkuntza Sailak ikastetxeei «erantzun okerrak» eman dizkie egunotan, edo ez diete erantzun. Gainera: «Internet bidezko bilera batera deitu zuen maiatzaren 23an, zeinetan zuzendaritzen hitza entzun beharrean egoera okertu besterik ez zuen egin». Finean, zera egotzi diote Hezkuntza Sailari: «Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, egiteko modu zaharrak dituela erakutsi du beste behin ere. Izan ere, borrokaren bitartez erdietsi zen orain osorik bete nahi ez duen akordio hori».

Besteei batzeko deia

Dena dela, LABek defendatu egin du erdietsitako akordioa, eta hala jarraituko du aurrerantzean ere. Ziurtatu dutenez, «bide judiziala eta ekintza sindikala» aktibatuko dituzte: bi orduko lanuztea egingo dute ekainaren 12an, eta gainerako sindikatuei ere batzeko eskatu diete: «Akordioa sinatu duten gainontzeko sindikatuei ere proposatzen diegu hitzarmena osorik bete dadin exijitzeko mobilizaziora batzea eta elkarlanean jarraitzea, denon beharra izango baitugu hurrengo ikasturtea sinatutako baliabide guztiekin hasteko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.