LABek dio eskola bateratze batzuek «zentzua» dutela baina ezin direla erabili D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko

LABen irudiko, murrizketak laikoak ez diren eta D eredukoak ez diren ikaspostuetatik hasi behar dira. Jaurlaritzari zera egotzi diote: «bere kabuz» eta «gardentasunik gabe» aritzea.

Haur batzuk eskolan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Haur batzuk eskolan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urtarrilaren 29a
16:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken boladan hezkuntzan bolo-bolo dabil gai bat: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen bateratzeak egingo dituela hamabi eskola publikotan. Sindikatuak uste du fusio batzuek «zentzua» dutela, betiere «kalitate handiagoko proiektuak» ontzeko badira; alta, beste batzuk «itxiera kamuflatuak» direla diote, eta nabarmendu dute eskolen bateratzeengatik ez liratekeela murriztu behar D ereduko ikaspostu publikoak.

Hezkuntza Sailaren jokaera kritikatu dute, «bere kabuz» aritu dela salatu dute, eta «gardentasunik gabe»: «Mahai negoziatzaile zein lurraldeetako berme batzordeetan egin ditugun eskari eta galderak entzun eta isilik egon da, eta sindikatuoi ez digu ezertxo ere jakinarazi».

Bateratzeei dagokienez, LABek bi egoera daudela ikusten du. Batetik, uste du eskola publikoen itxiera batzuk «kamuflatzen» ari direla bateratzeen bidez. Kasu horiek «guztiz arbuiatu» ditu LABek: «Hezkuntza Sailak urteetan egin dituen politikek eragindakoak dira; izan ere, eskola horietan apustu irmorik ez egiteak eta herri horietako eskola maparen konfigurazioak —gehiegizko eskaintza egotea ahalbidetzeak— matrikulazio gutxiago izatea eragin du, eta eskola horiek ixtea».

Gainera, nabarmendu dute bateratzeak ezin direla erabili D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko. «LABek argi du: laikoak ez diren eta D eredukoak ez diren ikaspostuetatik hasi behar dira murrizketak».

Fusio batzuk «egokiak eta zentzuzkoak» begitantzen zaizkie, halere. Nabarmendu dute bateratze horietatik «proiektu hobeak» sortu behar direla, «euskalduntzen duten eta inklusiboak diren kalitate handiagoko eskolak» eraiki behar direla. Hiru eskaera egin dituzte, kasu horiek «ahalik eta arrakastatsuenak» izan daitezen. Bat: langile gehiago jartzea. Bi: azpiegituretarako finantzaketa handitzea. Eta hiru: Hezkuntza Sailak prozesua bideratuko duten langileak jartzea.

Steilas eta ELA, kritiko

Gaur LABek egin bezala, atzo Steilasek eta ELAk hitz egin zuten eskolen bateratzeen inguruan. Steilasek «aldebakarreko jarrera» edukitzea egotzi zion Hezkuntza Sailari; ELAk, berriz, «gardentasunik» gabe eta adostasunak landu gabe aritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.