Hainbat greba egunen ostean, orain urtebete lortu zuten sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoko irakasleen akordioa. Alta, orain LABek salatu du Hezkuntza Saila ez dela guztiz betetzen ari adosturikoa, «borondate falta» duela, eta, horrenbestez, erabaki du auzitara jotzea akordioa urratzen duten atalak direla eta. Halaber, zera ohartarazi du: bide honetan jarraituz gero, mobilizazioak egingo ditu.
LABen esanetan, akordioak lan baldintzen arloan «hobekuntza nabarmenak» jasotzen ditu; alabaina, gaitzetsi duenez, Hezkuntza Sailak ez du osorik bete: «Hezkuntza Sailak ez ditu adostutako neurri guztiak aplikatu». Banan-banan aletu ditu horiek sindikatuak. Esaterako, azaldu du akordioan jasota dagoela Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan astean 23 eskola ordutik 21 eskola ordura igarotzea. «2025-2026ko ikasturtean Hezkuntza Sailak ez du baliabide nahikorik jarri». Halaber, Lehen Hezkuntzako gehienezko ratioak 23 ikasletik 22ra jaistea ere adostu zuten, baina, sindikatuak adierazi duenez, neurria LHko lehen mailan baino ez dute ezarri.
Horiek horrela, LABek jakinarazi du ikasturtea amaitzerako mobilizazioak antolatuko dituztela, eta datorren ikasturtean ere, orain arte bezala jarraituz gero, protestak antolatuko dituztela. Gainera, gainontzeko sindikatuei protesta horietara batzeko eskatu die.