LABek salatu du Jaurlaritza ez dela ikastoletako soldatak igotzen ari adostu bezala

Hezkuntza Sailak eta sindikatuak 2023an sinatu zuten akordioaren arabera, ikastoletako langileen eta hezkuntza publikokoen lan baldintzak parekatu behar zituzten. Sindikatuak mobilizaziora deitu du ostegunerako, Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko LABek gaur egindako agerraldia. LAB
Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko LABek gaur egindako agerraldia. LAB
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 2a
13:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak ikastoletako langileekin duen jarrera gaitzetsi du LAB sindikatuak. 2023an sindikatuak eta Lakuak adostutakoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langileen lan baldintzak sare publikoko langileen baldintzekin parekatuko zituzten. Horrenbestez, Jaurlaritzak hitzeman zuen neurriak hartuko zituela ikastoletako langileen soldatak igotzeko. LABek gaur salatu duenez, ordea, irakasleen baldintzak soilik parekatu dituzte, ikastoletako gainontzeko langileak soldata igoera horretatik at utzita.

Ikastolekin sinatutako testuan jasotzen denaren arabera, 2024an soldatak %15,3 igotzekoak ziren. 2025., 2026. eta 2027. urteetarako igoerak ere adostu zituzten. Bada, LABek salatu du igoera hori ez dela adostu bezala egin. Are gehiago, irakasleei bakarrik igo dizkiete soldatak. Hori dela eta, Hezkuntza Sailari egotzi dio «bere erantzukizuna saihesten» aritzea: «Ez du mahai gainean jarri adostutako neurri horiek martxan jarri ahal izateko hitzeman zuen finantzaketa».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak hezkuntza sare guztiari eragiten dion lan akordioa sinatu zuten 2023an. Bertan, ikastolei bereziki eragiten zieten bi puntu adostu zituzten. Akordioaren atal horren helburua hezkuntza sareko langileen egoera parekatzea zela adierazi izan du sindikatuak. Horiek horrela, ikastoletako langileen soldata igotzea hitzartu zuten iaz aurreakordio batean. Adostutakoaren arabera, soldata igoera 2024an hasi eta 2027ra bitarte gauzatuko zen, hezkuntza publikoko sarearekin parekatzeko.

Soldatak igotzeaz gain, sare publikoko langileen lan baldintzak ikastoletan ere ezartzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hori egin ahal izateko, bi urteko epea jarri zion Hezkuntza Sailak bere buruari, hori nola egin ikertzeko. LABek salatu du, ordea, bi urte horiek jada igaro direla —2023ko ekainaren 1ean sinatu zuten lan akordioa—, eta aurrerapausorik ez dela eman: «Hezkuntza Saila ez da hasi inongo azterketarik egiten, eta ez dirudi hasiko denik ere».

Horrenbestez, LABek «kezka eta haserrea» erakutsi ditu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egoera «blokeatuta» daukala salatu du sindikatuak, eta horrek eragina duela «aurretik ere onak ez ziren lan baldintzetan eta eguneroko lanean». Beraz, ostegunerako mobilizaziora deitu ditu ikastoletako langileak. Gasteizen egingo dute protesta, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan.

Hezkuntza publikoan, «alde bakarrez»

Steilas sindikatuak, berriz, gaitzetsi egin du Eusko Jaurlaritza hezkuntza publikoan izaten ari den jokaera. Ohar bidez jakinarazi duenez, Jaurlaritzak «jarrera murriztailea» erakusten du behin eta berriz: «Onarpen prozesuan, ikastetxeen bat egitean, planifikazioan, hainbat prozesu administratibotan eta abarretan». Steilasek salatu duenez, adibide horiek aditzera ematen dute Hezkuntza Saila «alde bakarrez» ari dela.

Ikasturte honetan protestak egin dituzte sindikatuek hezkuntza publikoan lan hitzarmen bat adosteko. Steilasek oharra baliatu du Hezkuntza Sailari gogorarazteko akordioa «nahitaez» aplikatu behar duela. Are gehiago, ohartarazi dute adostutako hori bete ezean beren esku dauden «baliabide guztiak» jarriko dituztela martxan: «Tresna guztiak aktibatuko ditugu: bide judiziala eta ekintza sindikala».

Zenbait zuzendaritza talde ere kexatu dira. Esan dute «Hezkuntza Sailaren jarrerak benetan kezkatzen» dituela, «noraezak eta presioek ikastetxeetan urduritasun eta kezka besterik ez baitute sortu». Hain zuzen ere, Hezkuntza Sailari eskatu diote bete ditzatela maiatzaren 9an sinatutako akordioan «lanpostu zerrendei eragiten dieten irizpideak». Izan ere, baliabide gehiago jartzea eta eskola orduak gutxitzea adostu zuten, «irakasleen lan zama arindu eta ikastetxeetan baliabide gehiago izateko». Ordea, salatu dute Hezkuntza Sailak lanpostu zerrendak murriztu nahi dituela eskola orduak gutxitu dituela baliatuta. Zuzendaritza taldeek adierazi dutenez, «lanpostuak murrizte horrek hezkuntzaren kalitatea okertu eta akordioaren helburuak erabat baldintzatuko» lituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.